Badatoz San Inazio-Tellaetxeko jaiak

prestaldizkaria 2013ko uzt. 22a, 13:16

Aurtengoak, jai “apalagoak” izango diren arren, krisiagatik, Jai Batzordearen ahaleginari esker, egitarauko ekitaldi nagusiei eutsiko zaie.

Santiago egunaren bezperan, uztailaren 24an emango diote hasiera San Inazio-Tellaetxen aurtengo jaiei. Ohi bezala, Agoitz plazan batuko dira herritarrak. Kultur etxe zaharra zegoen lekuan, gaur egun Euskararen Etxea dagoen plazan. 20:00etan Zdraskasi koadrilak botako du txupina, iazko koadrila txapelketako irabazleak. Jaiei ofizialki hasiera eman ostean, ume eta gazteentzat puzgarriak eta txokolatada egongo dira eta parrandazaleentzat erromeria.

Gastronomia lehiaketak

Uztailaren 25ean indaba txapelketan hitzordu garrantzitsua dute saninaziotarrek. Juan de Antxetan, lehengo tren geltokian, elkartuko dira lapiko, su eta indabak prestatzeko osagaiekin lanerako prest. Uztailaren 28an, bigarren gastronomia lehiaketa izango da, paella txapelketa eta uztailaren 31n, hirugarren eta azkena, marmitako txapelketa. Hiru probetan parte hartu eta puntu gehien pilatzen dituen taldeak jantziko du txapela eta 2013ko Imanol Ortiz saria eta horrek berarekin dakartzan 300 euroak poltsikoratuko ditu.

Gastronomia sariketak 2011n kotxe istripuz hil zen Imanol Ortiz auzotarraren izena darama. Imanol oso ezaguna zen bai auzoan bai auzoko jaietan eta, batik bat, gastronomia lehiaketetan. Jai Batzordeak Imanol Ortizen izena duen saria banatuz omentzen du urtero hark auzoko jaien alde eginiko lana.

Jai Batzordearen arabera, gastronomia lehiaketek funtzio oso garrantzitsua betetzen dute publiko “heldua eta adinekoa” auzoko jaietan parte hartzera animatzen dutelako. Izan ere, hori da batzordearen azken helburua: auzotar denen parte-hartzea.

Uztailak 26: Gazte Eguna

Ostiralarekin bat ospatuko dute Gazte Eguna San Inazion. Graffitiak eta txalaparta tailerra izango dira goizean eta bazkaria gero (15:00). Tripa ondo bete eta gero, 19:00etan poteolinpiadetan lehiatuko dira gazteak lehenik eta mojito txapelketan gero (21:00). Kontzertuak 22:00etan hasiko dira: Radio Crimen, talde sorpresa eta DJ Tea Partyk zapalduko dute Lebante plazako eszenatokia. Gauerdian, kulero eta galtzontzilo lasterketa arrakastatsuan parte hartuko dute lotsagabeek.

Uztailak 27: rap gaua

Larunbatean, musika izango da protagonista Lebante plazan: T.R. Mistery&Kasper, Raperos de Emaus, La bandha del patio eta Amalgama Crew taldeek joko dute.

Uztailak 29: laburmetraiak eta afaria

Berezia izaten da astelehena San Inazion. 21:00etan tortilla txapelketan parte hartzen dute auzotarrak 22:00etan batzen dira elkarrekin afaltzera eta jaietan koadrilek grabatu eta editatutako laburmetraiak ikustera. “Jende asko” erakartzen duen ekitaldia da Jai Batzordearen arabera. Laburmetraia batzuk “oso kutreak dira, beste batzuk oso onak. Denek umorea jorratzen dute eta barre asko egiten dugu tortilla afaltzen dugun bitartean”, diosku Alexek.

Karpa aurten bigarrenez

Iaz karpa estreinatu zuten lehenegoz Lebante plazan. Aurten ere ez da faltako. Arrazoiak bi dira. Ekonomikoa, bata, “beste aukerarik ez dagoelako” eta, meteorologikoa bestea, euria egiten badu “auzotarrak babesteko”. Karpapean egongo dira San Inazio-Tellaetxeko Jai Batzordea osatzen duten lau koadrilak jo eta ke lanean, jatekoa eta edatekoa zerbitzatuz eta ekitaldiak antolatuz. Nahiz eta ekitaldi “gutxiago” izango diren aurten, gogotsu daude auzoko jaietan gozatzeko eta gozarazteko.

Aldaketak

Bihar, uztailaren 23an (martitzena) hasi eta abuztuaren 1era arte, biak barne, aldaketa hauek egingo direla zirkulazioan:

KALEA ITXIKO DA: Agirre Lehendakariaren etorbidea, Navarro Villoslada eta Aragoi kaleen artean, noranzko bietan. Ordezko bidea: Erandiorantza, Orixe kalea. Ordezko bidea: Deusturantz, Larrakotorre kalea.

APARKALEKUA KENDUKO DA: Aragoi kalean, Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Larrakotorre kalearen artean, eta behin-behineko Bilbobuseko geralekuetan.

BEHIN-BEHINEKO GERALEKUAK: Orixe kalea, Etxepare eta Gregorio Balparda kaleen artean; Orixe kaleko 42a eta Larrakotorre kaleko 29a.

IBILBIDE ALDAKETA: 10, 13, 18 eta 71 lineak, Elorrietarantz: Navarro Villoslada, Orixe, Cantabria, Larrakotorre; Deusturantz: Larrakotorre, G.Alonso, Agirre Lehendakaria.

INFO + SAN INAZIOKO JAI BATZORDEA