Grebalariak aske! plataformak manifestazioa deitu du larunbatean datorren asteko epaiketa salatzeko

prestaldizkaria 2013ko ira. 3a, 12:27

Grebalariak aske! plataformak datozen egunetako mobilizazioak iragarri ditu gaur goizean juztizia jauregiaren atarian eta eragile sozial, sindikal, kultural eta bestelakoen aldetik lortutako babesa eskertu du. Larunbatean manifestazioa burutuko dute Bilboko kaleetan barrena.

Duela hiru hilabete sortu zen Grebalariak aske! plataforma “muntaia polizial bat salatzeko” eta datorren astean epaituko dituzten Bilboko lau gazteren absoluzioa eskatzeko. Lau lagunei 2012ko martxoaren 29ko Greba Orokorrean, Bilboko epaitegiaren aurrean jazotako istiluetan parte hartu izana leporatzen diete eta haietako hiru, Jon Telletxea, Urtzi Martinez eta Aitor Fernandez hilaren 11 eta 12an epaituko dituzte. Fiskalak 42 urtetik gorako espetxe zigorra eskatzen du haientzat, 14 urte inguru bakoitzarentzat. Bestalde, Irantzu Yaldebere beste auzitegi batean epaituko dute garai hartan adingabea zelako.

Grebalariak aske! Plataformako kideek gaur goizeko agerraldian salatu dutenez, datozen astean epaituko dutena “beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa da; kolpe errepresibo honek bi helburu dituelarik: borroka sozialen kriminalizazioa eta sektorerik mobilizatuenen desaktibazioa”.

Gaurko agerraldian eragile sozial, sindikal, kultural eta bestelakoen aldetik jasotako sostengu zabala eskertu dute eta horien babesarekin datozen egunetan burutuko dituzten hitzorduak jendarteratu dituzte. Datorren larunbatean, irailak 7, 12:30ean, Jesusen Bihotza plazatik manifestazioa abiatuko da. Irailaren 11an eta 12an, epaiketaren egunetan, mobilizazioa egingo da Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean, 09:30etatik aurrera. Bukatzeko, irailaren 11an, Deustun manifestazioa egingo dela iragarri dute. Martxa 19:30ean abiatuko da Done Petri plazatik.

INFO + GREBALARIAK ASKE!

Plataformako kide Jose Moralesen adierazpenak entzuteko (INFO 7)