Senideen bila tinko

prestaldizkaria 2013ko ira. 25a, 10:19

Oso bakarrik sentitzen dira. Politikariek, justiziak eta komunikabideek eskaini zieten arreta desagerturik, Europan jarria du itxaropena SOS Haur Lapurtuak elkarteak.

Bidarte udaltegian biltzen dira asteazken arratsaldero Bizkaiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko lau kide; Leticia, Txaro, Maxi eta Mikel. Bitxia da. Orain baino lehen, Bidarte klinika izan baitzen egungo udaltegia eta bertan ere ume lapurtu kasuren bat edo beste identifikatua baitu elkarteak. Izan ere, bada Bilboaldeak estatuko beste hiri batzuek ez duten berezitasun bat: ume lapurtuen kasuak ez ziren zentro gutxi batzutara mugatu. Gurutzetan eta Solokoetxeko Maternitatean kasu asko izan baziren ere, “Bilbon ez dago klinika edo ospitalerik –lapurreta– kasurik izan ez duenik”. Mikelen esanetan “berdin-berdin” gertatzen zen sare pribatu zein publikoan. “Bi esparruetan lan egiten zuten profesionalak ziren eta errazen zuten lekuan hartzen zituzten haurrak”. Gainera, antzekotasun ugari dago gertaeren artean. “Mediku jakin batzuk ziren, erizain edota mojen laguntzarekin, ia beti gauez eta asteburutan” jarduten zutenak.

Bizkaian, 200 kasuren berri jaso du elkarteak orain arte. Elkartekideek badakite kopuru hori icebergaren punta baino ez dela. 60ko hamarkadan, esaterako, bolo-bolo zebilen haur jaioberrien lapurreta Bilboko uritarren artean. Horregatik erabaki zuen Mikelen amak Santanderren erditzea. “Jakina zen Bilbon umeekin zerbait arraroa gertatzen zela eta nire ama, aukera izan zuenean, Santanderrera joan zen; ez zuen Gurutzetara joan nahi umea ken ez ziezaioten”. Hamarkada horretan izan zen Bizkaian kasu gehien. Baby boom garaian, “errazagoa zen” Leticiaren iritziz. Baina aurretik eta ondoren ere izan ziren. 40ko hamarkadan hasi eta 90eko hamarkadara arte luzatu ziren umeen lapurretak estatu osoan. 1987tik aurrera gutxitu ziren, adopzio legea aldatu eta administrazioaren ardurapera pasa zenean.

Frankismoaren biktimatzat dute euren burua elkarteko kideek ia lau hamarkada eman baitituzte diktadurako agintarien konplizitatea jasaten. Horregatik parte hartu zuen SOS Haur Lapurtuak elkarteak ekainaren 15ean Bilbon Frankismoaren inpunitatea salatzeko egin zen manifestazioan.

Pentsa daitekeenaren kontra, ez ziren emakume ezkongabeak soilik izan lapurreten jomuga. Mikelen arabera “denok gara familia tradizionaletako seme-alabak, familia langileak ziren gureak, arruntak garairako”. Eta Argentinarekin alderatzea ezin ekidin daiteke, nahiz alde handia dagoela onartu. “Espainiako kasua Argentinakoa baino okerragoa da. Beraiek 500 umeren bila ari dira eta 100 bat topatu dituzte jada. Argentinakoa eskala txikikoa izan zen gurearekin alderatuta. Hemen frankistak eta ultraeskuindarrak piloa ziren”. Zifra bat ematearren, 300.000 izan daitezke estatuan lapurtu ostean senide berriei saldutako edota oparitutako umeak. “Kopuru beldurgarria”. Enrique Vilak emanikoa da zenbaki hori. Adopzioetan aditua den abokatua da Vila eta Espainian izan diren adopzioen –bi milioiko erreferentzia darabil– %15 “irregulartzat” jo ditu. Hortik ateratzen da 300.000ko zifra.

Baina hainbeste ume lapurtu baziren zergatik ez dira neurri berean ume horiek beren jatorrizko familiekin elkartzera iritsi? Are gehiago duela pare bat urte zurrunbilo mediatikoaren erdigunera gaia iritsi eta gero. Arrazoi asko daude hori azaltzeko Txaroren ustez. Nagusia, adopzioan emaniko pertsonen “ezjakintasuna” da. “Adoptatuak izan zirela ezkutatu baitzaie”. Gehienen kasua da hori. Beste batzuk ordea susmoren bat edo beste izan dute gurasoen antzik ez dutelako, oso guraso nagusiak dituztelako edota jaioberritako argazkirik eduki ez dutelako. Susmoa izan arren, gutxi dira galdetzera eta ikertzera ausartzen direnak. Batetik, ez diete gurasoei une txarra pasarazi nahi eta bestetik argituko duten horren beldur dira.

Aurrera jotzen dutenek bide luzeari ekiten diote urte luzez ezkutatutako erantzun bila.

Irregulartasunak nonahi

Arangotiko Leticiaren neba 1966. urtean jaio zen Gurutzetako ospitalean. Arazo gabe. Hurrengo egunean ez zioten umea ikusten utzi amari. Aitak haserre protesta egin eta kristalaren bestaldetik erakutsi zioten azkenik. Jaio eta bigarren egunera hil zela esan zieten.

Leticiaren ama duela bi urte hasi zen susmatzen. Telebistan ume lapurtuen kasuak agertzen hasi zirenean. Orduan hasi zen zelati. Leticiak hasieran ez zion garrantzia eman. Gero bai. Eta dokumentu eske hasi zen. Bi irregulartasun topatu ditu paperetan: heriotz agirian bere nebaren izenen ordena aldatuta ageri da eta lurperatze data okerra da, jaio zen eguna ageri da heriotz data gisa. Leticiak agiriak eskatu ditu Gurutzetan, baina denbora asko pasatu denez, legez ez daudela agiriak erakuskera behartuta erantzun diote. Epailearen agindurik ez du lortu ospitala agiriak erakustera behartzeko. “Informazioa eman behar digute, azken finean, gurea baita”.

Bada Sarrikon beste kasu bat. Erditu ostean, anestesiaren eraginpean ospitalean hamar egunez lo egon zen emakumearena. Bere umea ere hiltzat eman zuten. Berak ere ez du uste horrela izan zenik.

Euskal Autonomia Elkartea da Madril, Andaluzia eta Valentziarekin batera ume lapurtuen kasu gehien izan dituen autonomia. SOS Haur Elkartearen iritziz Bilboaldean lapurtutako umeak urrutira bidaltzen zituzten, Galizia eta Cadizera, sarearen beste muturrera.

Trama

Tentuz erabili behar den hitza da “trama”. SOS Haur Lapurtuak elkarteak –beste elkarte guztiek bezala– trama antolatua existitu zela defendatzen dute. Hain zuzen ere, elkartearen aholkularitzapean epaitegira jotzen duten pertsonek umeen salerosketan, dokumentuen faltsuketan eta identitatearen lapurretan ziarduen tramaren biktima izana salatzen dute. Patxi Lopez lehendakari zela, Eusko Legebiltzarraren aginduz eratu zen ikerketa batzordeak aldiz tramaren existentzia baztertu zuen.

Batzordeak Ertzaintzari ikerketa egiteko agindu zionean 129 kasu ikertu ziren; horietatik bost baino ez Bizkaikoak. Leticiaren ustez “oso gutxi”. Ertzaintzak aurkeztutako ondorioaren arabera “ez zen trama antolaturik existitu Euskal Autonomia Erkidegoan”. Elkarteak ez du iritzi hori konpartitzen: “Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordea, galeriara begira osatutako batzordea da, baina ez du benetako ikerketa egiteko helbururik. Jaurlaritzarekin harremana hilik dago, iritzi publikoa nahastu baino ez du egin”.

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Ertzaintza eta Jaurlaritzaren uste bera du eta aginte politiko eta judiziala ondoan ez izatek izan du, bai, ondoriorik prozeduretan. “Lehen salaketa jarri eta kasua artxibatzen zenean fiskaltza arduratzen zen apelazioa aurkezteaz. Orain berriz kasu asko zuzenean artxibatzen dira gertaera preskribatu dela esanez”.

Justizia munduko ordezkarien aldeko jarrera ezinbestekoa da bilaketa prozesuan. Familiak salaketa jartzean, fiskal eta epaileen borondatearen menpe daude, epailearen agindu espresurik gabe ospitalak eta adimistrazioak ez baitaude artxibatuta dituzten agiriak erakustera behartuta. Beraz, “gehiago ikertzeko borondatea” eskatzen die elkarteak. Izan ere, hainbat tokitan aurrerapausoak eman dira jasotako babesari esker, Andaluzian eta Madrilen, esaterako. Baina han zein hemen abiadura berean aurrera egin ahal izateko “erizpideen bateratzea” beharrezko jotzen dute elkartekideek.

Beste bide bat zabaldu dute estatu mailan elkarlanean diharduten elkarteek. Europako parlamentura zuzendu dira giza eskubideen urraketa larri delitua salatuz. Hortxe, Europan, dute itxaropena. “Lehen urrats bat litzateke”.

Jakin badakite umeen lapurretan parte hartu zuten mediku, erizain eta moja asko hilik egongo direla honezkero eta hilik ez daudenak kartzela zigorra betetzera iritsiko ez direla. Hala ere Leticia, Txaro, Maxi eta Mikel ezin dira geldi egon. Gertatua argitzeko beharra dute. “Nire amak bere alaba ez zuelako ez eman ez oparitu”, dio Txarok.

Asteazken arratsaldero Bidarteko udaltegian eta astelehen, astearte eta ostegunetan Gurutzetako auzo etxean elkartzen dira Bizkaiko SOS Haur Lapurtuak elkartekideak edozein zalantza duen perntsonari entzuteko eta informazioa eskaintzeko. Hileko lehen larunbatetan berriz kalean egiten dute protestaldia, Bilboko Plaza Biribilean.

SOS Haur Lapurtuak Bizkaia

673 338 395