Elkartasun deia egin dute eragile ezberdinek Arriagatik

prestaldizkaria 2013ko urr. 1a, 10:50

Jendetza bildu zen atzo iluntzean Arriaga plazan eta jendetza bildu da gaur goizean ere, eragile ugarik eskaini duten prentsaurrekoan. Larunbaterako, urriak 5, manifestazioa deitu dute eragile sozial, politiko eta sindikalek Bilbon, 17:30ean Aita Donostia plazatik hasita.

Jendetsa bildu da gaur goizean Arriagako plazan Herrira mugimenduko hainbat kideren atxiloketa salatzeko eta larunbatean Bilboko kaleetan zehar egingo den manifestazio nazionala iragartzeko. Martxa 17:30etan abiatuko da Aita Donostiatik eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Gaurko agerraldian erakundeek azaldu dutenez, Herrirarekin “normaltasunez” lan egin dute eta mugimenduarekiko harremana erabatekoa izan da. Gauzak horrela, atzoko atxiloketen aurrean “nahigabea eta haserrea” erakutsi dituzte. Euren esanetan, Herriraren aurkako operazioa eskubide eta askatasun funtzezkoenen kontrakoa ere izan da, “mugimenduak pluraltasuna eta gisa eskubideen defentsa helburu izan baitu era baketsu batean”.

Atzoko operazioak “lan politikoa eragoztea eta gobernuak dituen arazoak estaltzea” izan zuela xede adierazi dute. Beraz, larunbatean operazio polizialaren kontrako erantzun “zabal eta irmoa” eman beharra dagoela plazaratu dute.

Bestalde, atzo iluntzean herritarrek amorrua eta aspergurea adierazi zieten elkarretaratzera bertaratu ziren Ertzainei. Tentsio une handiak bizi izan ziren herritar eta agenteen artean, batik bat Guardia Zibilek, 20:15ak jota, Bilboko Herrira-ren egoitzako miaketa bukatu eta patroletan alde egitean. Ertzaintzak kargatu egin zuen eta korrikaldiak izan ziren. Errepidean edukiontziak bota zituztela eta, autobusak ez ziren Areatzatik pasa harik eta errepidea garbitu arte.

Roberto Noval deustuarra da atzo goizean atxilotuetako 18 pertsonetako bat. Noval oso pertsona ezaguna da bai Deustun bai Bilbon. Herri mugimenduetan aktiboki jardun du eta azkenaldian Herrira euskal presoen eskubideen aldeko kolektiboan partaide ziharduen.

Beñat Zarrabeitia da beste atxilotuetako bat. Gara egunkariko kazetaria. Zarrabeitia, Deustun aurpegi ezaguna da. Hainbatetan aritu da Herrira-ko bozeramale lanetan.

INFO + BERRIA

INFO + GARA