Euskal musika bandarik onenak saritzen dituen Banden Lehia txapelketaren 5. edizioa martxan

prestaldizkaria 2013ko urr. 8a, 11:30

Aste honetan bertan Azkue Fundazioak antolatzen duen musika-lehiaketaren bosgarren edizioari hasiera eman zaio. Dagoeneko ospea handia duen lehiaketa bihurtu da Banden Lehia musika talde euskaldun amateurren artean eta sariak ere urtez urte desiragarriagoak dira.

Musika arloko lehiaketa honek euskara eta teknologia berriak uztartzen ditu eta bere helburua euskal musika talde amateurrik onena saritzea da. Tokiko musika banda euskaldunak ezagutzera ematen ditu.

Banden Lehiaren ibilbidea

Egitasmo hau ezaguna bilakatu da euskal musika taldeen artean lau urtez egindako lana eta izan duen bilakaerari esker. Hobekuntzak eta berritasunak martxan jarri izan dira urtez–urte eta beti musika, euskara eta teknologia izan dira oinarriak.

Horrela, 2010ean Banda Beat euskal musikako sare soziala jaio zen lehiaketa honetatik eta egun taldeek plataforma honetan zabal dezakete beraien musika urte osoan zehar. Pasaden ediziorako prestatutako berrikuntzei esker, egun musika zerrendak osatu daitezke plataforma honetan, Spotifyren antzera. Eta iazko edizioan Banda Beaten sakelako telefonoetarako aplikazioa aurkeztu zen ere. 220 euskal banda baino gehiagok izena eman dute dagoeneko Banda Beaten.

Urtean behin, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Banden Lehia txapelketa antolatzen da. Batez beste Banden Lehian 45 banda euskaldun baino gehiago aurkezten dira urtero eta edizio ezberdinetan 225 banda baino gehiago pasatu izan dira. Euskal Herri osotik heltzen dira bandak.

Banden Lehia txapelketa mistoa da: musikan adituak diren lau kidez osatzen den epaimahai bat dago, baina baita publikoak ere aukeratu egiten du zein den musika bandarik onena.

Lehiaketak bi fase ditu: lehenengo online gauzatzen da eta hemendik azalduko dira Banden Lehiako finalera helduko diren lau taldeak. Izena ematen duten taldeek erabiltzaile eta jarraitzaileen botoak jasotzen dituzte. Puntu gehien lortzen dituzten lehenengo bi bandak automatikoki sailkatzen dira. Beste bi banda epaimahaiak aukeratuko ditu.

Finala zuzeneko emanaldi batekin ospatuko da eta lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute: benetako artistak bilakatuko dira gau horretan eta epaimahaia bertan egongo da bakoitzaren emanaldia jarraitzen.

Lehiaketaren ikuspegi teknologiko berritzaileak publikoaren bozketa bideratuko du: talde finalista bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio eta entzuleek botoak eman ahal izango dituzte telefono horietara dei galduak eginez. Epaimahaikideen botoak horiekin batu eta talde irabazlea aukeratuko da.

Lehiaketako webguneak 8.000 bisita inguru jasotzen ditu egunero bozketak irauten duten hilabete eskasean. Eta iaz, adibidez, taldeek ia 17.000 boto jaso zituzten guztira online fasean. Lehenengo bi finalistek, Herri Oihuak eta The Crazy Wheels Bandek, 4.661 eta 4.534 boto bana.

Aurreko edizioetako irabazleak:

2012: Herri Oihua

2011: Namek Planet

2010: Último día

2009: Haxotz

Bosgarren edizioa eta sariak

Aurreko urtetan Bizkaiko Foru Aldundiaren egitasmoa bazen ere, Azkue Fundazioak kudeatuta, edizio honetatik aurrera bigarren honek hartuko du lehiaketaren antolaketa, kudeaketa eta ardura guztia. Bilboko Udalaren laguntza izango du, lehiaketako finala Bilborocken ospatzen bait da.

Txapelketa honen sariak maila gorenekoak dira: talde irabazleak 2014ko Bilbao BBKLive jaialdian joko du eta disko bat ekoiztuko zaio ere bai. Eta finalerako sailkatuko diren lau taldeek, zuzeneko kontzertu bat eskaintzeaz gain azken finala horretan, edizioko disko oroigarri bat jasoko dute ere, lau talde horien kantekin.

Egitasmo honetan Bilboko Udalaz gain, Baga-Biga diskoetxea eta Last Tour International jaialdia antolatzailea parte hartzen dute laguntzaile lanetan.

Musika, euskara eta teknologia

Taldeak gero eta hobeagoak dira eta esan genezake euskal musikak garai oparoa bizi duela sormen aldetik.

Teknologiarekin oso lotuta dagoen egitasmo honetan, lehenengo fasea internet bidez burutzen da: taldeek Banda Beaten sortzen dute beraien profila eta kantak argitaratzen dituzte eta lehiaketan parte hartzeko aukera sakatzen dute, Banden Lehiako webgunean agertuz. Erabiltzaileek gogokoen dituzten taldeak bozkatzen dituzte internet bidez eta lortutako puntuei esker lehenengo bi bandak sailkatuko dira finalerako. Beste bi banda epaimahaiak aukeratuko ditu.

Epaimahaia musika arloko adituez osatuta dago, aurtengo taldea hau delarik: Ritxi Aizpuru, Baga-Biga diskoetxeko arduraduna; Last Tour Internationaleko ordezkari bat; Haimar Arejita, Gatibu musika taldekoa; eta Andres Portero musika kazetaria.

Lau banda finalistek zuzeneko kontzertua eskaintzen dute azken jaialdian. Aurten Bilborocken ospatuko da, azaroaren 29an. Publiko eta epaimahaikideen aurrean aritu behar dira bandak eta beraien musika,  jarrera eta zuzenerako gaitasunak ebaluatuko ditu epaimahaiak.

Publikoa eta talde bakoitzaren jarraitzaileek aukera izango dute berriro ere gogokoen dituzten banden alde bozkatzeko: talde finalista bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio eta entzuleek botoak eman ahal izango dituzte telefono horietara dei galduak eginez. Iaz finalak irauten duen epean ia 12.000 dei jaso ziren.

Epaimahaikideen botoak horiekin batu eta talde irabazlea aukeratuko da. Aurten publikoaren botoak eta epaimahaikideenak balio berdina izango dute eta bion artean aukeratuko dute Banden Lehia 2013ko irabazlea.

Informazio gehiagorako:

www.bandenlehia.com