Ramon y Cajal etorbideko lanak bihar hasi eta urtebete iraungo dute

prestaldizkaria 2013ko urr. 9a, 16:52

Bilboko Udalak jakinarazi duenez bihartik, urriak 10, 2014ko abenduaren 10era bitartean, "gutxi gora-behera", galtzada, espaloia eta aparkalekuak okupatuko dira Ramon y Cajal etorbidean burutzekoak diren lanak egiteko.

Lanek aurrera egin ahala aparkalekuak murriztuko dira, aurretiaz hesiak jarriz 70. zenbakitik aurrera.

Ibilgailuek zirkulatu ahal izango dute eta bidea libre egongo da etengabe oinezkoentzat.

2012-2015 Auzokide Planaren baitan, Ramon y Cajal etorbidea osorik urbanizatu eta berrituko da. Zehazki, saneamendu, horniketa eta argi publikoen sareak berrituko dira, espaloiak zabalduko dira, aparkaleku berria egingo da eta kalea asfaltatuko da. Obra 2013 eta 2014 urteetan egingo da, inbertsioa 2,8 milioi eurokoa izango delarik.

Elizatik azkeneraino 2-3,5 metroko espaloiak

Ramon y Cajal etorbidea Deustuko San Pedro elizatik hasi eta etorbidearen azkeneraino zaharberrituko dute. Obrak amaituta espaloien zabalera 2 eta 3,5 metro bitartekoa izango da.

Aparkaleku berria

Beste alde batetik, Euskotrenbideak enpresaren trenbidea egon zeneko atzeko aldea ere eraberrituko da. Hor lur gaineko aparkaleku bat egingo da eta 200 ibilgailurentzako lekua egongo da.