Euskal izen-deituren erabilera

prestaldizkaria 2013ko urr. 30a, 08:58

Baten bat harritu egingo zaigu baina gaur egun euskal izen-deiturak erabiltzen ditugun moduak ez dauka zerikusi askorik lehengoekin. Adibidez: ‘Joaquin de Agirre Deustuko San Pedro elizan dago’ esaldia, lehengo deustuarrek beste modu honetara esango zuten: Joaquin Agirreko Deustuko Jaun Done Peri elizan dago. Eta ez ziren puristak.

Inoiz ibili gara orrialde hauetan, antzinako deustuarrek zerabiltzaten izenen gainean. Andreenetan Marigabon, Mariotsoa, Enekotxa, Ermuko, Domeka, Otsanda eta euskal jatorrizko beste batzuk azaldu zitzaizkigun. Gizonetan, ostera, bertoko izenen artean Otsoa topatu genuen gehien deustuarren artean. Edozelan be, XVI. mendearen akabutik aurrera izen horiek desagertu ziren kristauen santutegikoen mesederako, baina, ikusi genuen bezala, guk agirietan Juan, Pedro eta abar irakurtzen ditugu baina deustuarren ezpainetan Joan, Peri eta bestelako euskal itxurak hartu ohi zituzten.

Adibiderik garbiena herriko elizak ematen digu. Gaur egun bitxia eta apur bat gaitza iruditzen zaigu San Pedro esan barik Jaun Done Peri esatea, baina ez da dudarik, deustuarrek horrela esan zuten gutxienez XVII. mendera arte. Bai, Deustuaren erdian dagoen eliza Jaun Done Periren eliza zen. Horrela islatu zuten mende hartako erdialdean Egiaren alde paratu zituzten bertso luzeetan –“Jaun Done Perin batizatua”– eta horrela aldarrikatu zuen, menderik mende, tenpluaren aurrean egon zen dorretxe gotorrak: Doneperiaga. Hura ez zen San Pedro dorretxea. Ez dugu inoiz izen horrekin aurkitu, beti Doneperiaga edo, desitxuratzen hasi zenean, Don Eperiaga. Argi dago inoiz erdal San Pedro jatorrizko izen euskaldunari nagusitu zitzaiola eta jendearentzat jatorrizkoak bere zentzua galdu zuela. Euskara galdu duten lekuetan gertatu da. Baranbion (Araba), Juan de la Peri esaten omen diote jatorriz Jaun Done Peri zen ermitari. Eta galdu ez dutenetan ere. Esate baterako, Bermeo eta Bakio artean dagoen Eneperi ospetsua, Gaztelugatxe ondoan, antzinako Doneperi zen, baina hura Done Peraitik zetorren.

Edozelan be, Deustuko Done Peri hura galdu zen. Batetik, santuei esateko done barik erdarazko san sartu zen. Berriz gainean egon zen ermitak Jaun Done Bartolomeren izena haizatu zuen, baina hori susmoa baino ez da. Euskarazko toponimo baten bidez jakin dugu euskaldunok ere San Bartolome esaten ziotela. Izan ere, baselizaren ondoko zelaia San Bartolome-alde izenpean sartu zuten Jabetza Erregistroan XX. mendean.

Eta done galdu bazen, argi dago Perik ez zuela askoz bide luzeagorik egin. Baina Pedro ere ez zen ohikoa izango. Herriko toponimiari beste begirada bat botaz gero, ez dugu Pedrorik aurkituko; bai, ostera, Peru: Madariaga aldeko etxe bati Peru-andi esaten zioten, inongo duda barik bertan izan zen lagun baten ezizena hartuta.

Beste izen batzuekin ere gertatzen da: Nicol barik Mikol erregistratu zuten behin baino gehiagotan. Deustuko estrata baten izena zen. Eta orrialde hauetan Jakobe izenaren kasua kontatu genuen, zelan XVII. mendeko epaile arrotzentzat izen susmagarria zen, Deustuko eta Bilboko jauntxo baten izena izanda ere. Gaztelar haiek ez ziren lasaitu bizkaitar jaun printzipalenetako batzuek azaldu zieten arte ba ze “el nombre de Jacobe es tan usado y común en el Señorío de Vizcaya que es lo mismo que Santiago o Diego, sino que por lo bascongado del lenguaje se nombra así”. Alegia, izen arrunta zen Bizkaian, euskaraz Jakobe esaten ziotelako Gaztelan Santiago edo Diego esaten ziotenari.

Milia Lasturko

Bada, Jakobe haren abizena, agiri ofizialen arabera, Ugaz zen: Jacobe de Ugaz edo, erabat erdaldunduta, Jacobo de Ugaz. Baina deustuarrek zelan esaten zioten? Ez dago dudarik. Toponimiak argi utzi digu: Jakobe Ugazko. Izan ere, Deustuko baserrien ezaugarria da amaieran –ko eranstea, jabetza adierazteko. Euskal Herri gehienean normalean –ena erabiltzen da (Deustuan batzuetan be bai: Urkixoena, Fanoena…) baina Deustuan eta beste leku gutxi batzuetan (Amurrion, esate baterako), -ko dugu nagusi: horra hor Ugarteko eta Barbarako, Salesianos ikastetxea dagoen orubean zeudenak; edo Gineako eta Andetxagako, denborarekin Giñako eta Andetxako bilakatu zirenak. Borondako, Zalduondoko, Busturizko…

Hura ez zen deustuarren bitxikeria. Euskal testu zaharretan horrela ageri ohi dira: Martin Ibañez Labieruko, Jaun Peru Abendañoko, Milia Lasturko, Marina Arrazolako… Beraz, gaur egun Jacobo de Ugaz San Pedro elizan ezkondu zela idatziko genuke zehatzak izan nahian eta muzin egingo genieke garai hartako deustuarren ohiturei. Haientzat, Jakobe Ugazko Jaun Done Peri elizan ezkondu zen.

Testua: H.O.