Uholde arriskua Deustualdean

prestaldizkaria 2013ko aza. 21a, 14:02

Bilboko Udaleko Krisi Mahaiak, gaur goizeko bileran, prebentzio-neurriei eutsi eta Itsasadarra monitorizatzen jarraitzea erabaki du, orain arte arazorik eman ez duen arren.

Euskalmeten eguraldi-iragarpenen arabera, goizaren erdialdeaz geroztik, euri-jasa eten egingo da arratsaldearen erdialdea arte, eta une honetatik aurrera indarrez joko du berriz ere, bihar goizeko lehen orduak arte.

Adi ibili arratsaldean, 18:30ean, izango baita eguneko bigarren itsasgora. Arretaz ibili batik bat Unibertsitateen etorbidean, Deustuibarran, San Inazion eta Elorrietan. Harez betetako sakuak banatu dituzte Udaleko teknikariek goizean goizetik uholdeak sor daitezkeen lekuetan, badaezpada.

Bilboko Udalak ez du uste biztanleriaren gaineko eraginik izango duen gainezkatze, uholde edo bestelako ezbeharrik gertatuko denik, baina hala eta guztiz ere, atzo goizean abiarazitako prebentzio-neurriei eutsi eta Itsasadarraren ur-maila monitorizatzen jarraituko du une oro.