Inazio Escudero: “Urteekin gero eta askeago sentitzen naiz”

prestaldizkaria 2013ko aza. 21a, 17:56

Bere lanak hainbat galeria, arte museo edota kontzertu aretoetan aurkeztu ditu baina ez du bere burua erakustea gehiegi gustuko, ez behintzat elkarrizketetan. Auto bonboarekin lotzen ditu eta bera anonimatuan erosoago eta askeago sentitzen da.

Atera berri duzun diskoa dela eta, inoiz baino elkarrizketa gehiago egin behar izan dituzu azken boladan. Nola sentitu zara?

Beldurtuta, baina egia esateko gustura ibili naiz, une bitxia da eta erreala baina hortik ateratzen den produktuak biharamunari begira jartzen nau eta orduan ez naiz libre sentitzen.

Zuzeneko kontzertuetara ohituta egonda, diskoa -produktua- ateratzerakoan ez duzu gauza bera sentitu?

Bai, hori niretzat trauma bat izan da, kaleratu egin dut eta gai izan naiz.

Sei kanta, zuk sortutakoak, zuk nahastutakoak eta grabatutakoak eta orain ere zu arduratzen ari zara zabaltzeaz. Prozesu osoan bakarrik egon zara?

Ez, laguntza eskatu dut, kanta batzuk birnahasteko eta ordenatzeko Xabi Erkizia izan dut ondoan.

Erditze luzea izan da?

Egia esan, orain dela bost urte hasi nintzen abestiak sortzen eta diskoa ateratzea nuen helburu baina zuzenekoak ematen hasi nintzen, oso ondo funtzionatzen zuen eta orduan konturatu nintzen disko formatu batean ez zutela zentzurik izango... orain alderantziz, diskoa atera dut eta ez dakit zuzenekoak egiteko gogoa dudan ala ez.

Gazteleraz abesten duzu, zergatik?

Ez naiz libre sentitzen euskara apurtzeko, euskararekin jolasteko, euskara hankaz gora ipintzeko... gaztelerarekin erosoago sentitzen naiz, askeago, euskaraz maila nahikorik ez dudala iruditzen zait.

Pozik zaude egindako lanarekin. Pertsonal mailan erronka izan da?

Bai, prozesu honetan gauza asko ikasi eta onartu ditut, aukera eman dit beste pertsona batzuekin lan egiteko... jadanik nire lana ez dago ordenagailuan, kalera atera da, oraindik apenas entzuten ez den arren.

Eta entzuteko nora jo behar dugu?

Bilboko Antin eta Deustuko Liburudendan dago salgai... toki neutroak dira niretzat, Izeki tabernan uzten badut nahi eta nahiez egongo naiz begira, ea baten bat saldu den. Besteak ohe azpian ditut eta oraindik ez dakit nora eta nori bidali.

Interneten?

Nik ez dut eskegi nahi, baten batek jarri nahi badu, jar dezala baina nire kasuan, bitartekariak ongi datoz, ez dut pantaila aurrean egon nahi eta mezuak sartzea diskoaren iritziak emateko.

Plazara orduan bai, baina zure mugekin.

Bai, noski, gauza bat da plazara ateratzea eta beste bat jendearengandik oso gertu egotea. Normalean diskoak saltzen dira promozio on bat dutelako eta nik ez dut promoziorik egin nahi.

Rock mundutik zatoz, baina diskorako popa aukeratu duzu, pop-ularragoa da ala?

Bai, errazagoa zelakoan aukeratu nuen eta erraztzat nuena konplikatu da, edo konplikatu egin dut.

Ez da disko arrunta, ohiko disko baten inguruan ditugun aurreiritziekin apurtzen du.

Nirea den momentutik arrunta dela uste dut, ni pertsona arrunta naizelako.

Ez zara arraro sentitzen?

Askotan bai, baina saiatzen naiz gero eta normalagoa izaten. Galdera potentea. Ez da lehenengo aldia diferentea naizela esaten didatela. Azkenekoa Arantza Iturbe kazetaria izan da. Pertsona arrunta nintzela esan nion baina berak: “Beharbada pertsona arrunta izango zara baina gauza diferenteak egiten dituzu”. “A, hori igual bai”, erantzun nion.

Bestelako sorkuntza lanak ere egiten dituzu, azken urteotan performance-ak. Mullerrenean ZEN ekimenaren baitan, zure lana ikusteko aukera izan genuen.

Egoera berezia eta interesgarria izan zen, Deustun, Müller bezalako espazio batean, jende asko eta ezagunak, umeak... jendea ez zen joan lan bat ikustera, Inazio ikustera baizik. Arraroa izan zen, eskertu nuen.

Baduzu publiko mota bat?

Normalean ezagunak izaten dira eta batzuetan ez zait batere gustatzen, nahiago dut jende berriaren aurrean nire lanak aurkeztea... ezagutzen nautenak datozenean normalean harritu egiten dira eta neurri batean, hori ona da, beste era batean ezagutzen zaituzte...

Gurasoak joan izan dira inoiz?

Bai, azkenengoan aita etorri zen eta etxera joan zenean amari taco asko esaten nituela esan zion... biek artearekiko sentsibilitatea dute, ez dira horrelako testuinguruetan egon, aitak asko abesten du, bere semea nahi duena egiten ikusten dute, aske, eta beraiek asko baloratzen dute.

Zer du zure lanak, komunikatzeko beharra,  biluzteko beharra, askatzekoa?

Sormen prozesuak une asko ditu, askotan emaitza baino ez da ikusten, jendearen aurrean jartzen zarenean, baina askotan bakarrik zabiltza, dituzun ideiak mahai gainean jartzen dituzu, zerbaiten bila zabiltza, hori lortzen duzunean asetze puntu handi bat dago eta kalera ateratzen zarenean hori erakustera, gustura zabiltza, harro, puntu hori exhibizionista izan daiteke, era berean komunikazio bat bilatzen duzu... beti aldarrikatu izan dut zalantza, beti saiatzen naiz kontrolik gabeko puntu batzuk eramaten, jendea zuzenekoetan zalantza hori ikusteko, zalantza izan daiteke autosabotajeak, kable eta anplifikadoreekin, zalantza sortzen denean irtenbide bat topatu behar diozu eta hori niretzat garrantzitsua da, emankizunaren atal bat bezala ulertzen ditut zalantza horiek.

Prozesua ez da beti polita izango, gatazka egongo da, une txarrak, koste pertsonala ere izango du ziurrenik... Merezi al du?

Bai noski, norberaren bidea jarraitzea da, hori egiten ez dudanean naizena ere ukatzen ari naiz. Nik komunikazio arazo bat dut, niretzat oso zaila da komunikatzea ahozko hizkuntza eta idatzizkoaren bitartez eta arte hizkuntzan erosoago sentitzen naiz.

Libre sentitzen zara lan egiten duzunean ala mugak eta baldintzak dituzu?

Bai, mugak era askotakoak izan daitezke, norberaren ezintasuna izan daiteke sarritan mugarik handiena. Orain adibidez, jende askoren parte-hartzea eskatzen duen lan batean nabil murgilduta eta hori guztia ekoiztea ez da erraza, niri jendearekin lan egitea asko kostatzen zait.

Autozentsurarik?

Urteekin gero eta gutxiago, gazteago nintzenean oso askea nintzela pentsatzen nuen, ezohiko ideiak nituen, orain urteekin askatasuna beste era batean ikusten dut eta askeago sentitzen naiz. Askatasuna ez da nahi duzuna botatzea baizik eta oinarri bat izatea eta hor libreago mugitzea.

Zaila da irakasle lana eta artistarena bateragarri egitea?

Orain bai, gero eta zailagoa. Ikasturtea hasi denetik ez dut estudioa ia zapaldu. Irakasle ona izaten saiatzen naiz, baina oso zaila da, asko kostatzen zait sistema barruan egotea, gaur egun teknokrazia dela eta irakasleok ikasleekin egoteaz baino, beste betebehar batzuk ditugu, batzarrak eta kontu burokratikoak direla eta ez dugu astirik klaseak prestatzeko, lanak zuzentzeko eta ikasleekin egoteko eta pena bat da, nire ikasleak klasera ikastera etortzen direlako eta gustuko dutelako ikasten ari direna.

SAKONEAN: “Artista asko dago eta ez dago denontzat arrainik”

Zure tokia aurkitu duzu Euskal Herriko artisten artean?

Hemen artista asko dago, era askotakoak eta ez dago denontzat arrainik. Artista askorentzat nik musika egiten dut eta musikarientzat,nik artea egiten dute eta beste askori berdin zaie. Badut nire tokia, ez naiz oso ezaguna baina uste dut errespetatzen nautela. Nire apustua sorkuntza da eta gutxitan erakusten dut lana, beste lanbide bat dudalako. Normalean artistak euren lanetik bizi behar dira eta ez da nire kasua.

Gustura sentitzen zara mundu horretan?

Niretzat artea topagune bat da, pertsona batzuekin egoteko aitzakia. Taberna batera zoazenean bezero guztiekin ez zaude gustura baina batzuekin bai, artearen mundua oso zabala da.

Guerrilla Girls-en lana dugu ikusgai Alondigan. Emakumeek artean duten bazterketa salatzen dute. Bat zatoz beraiekin?

Itxuraz gauzak aldatzen doaz eta horrelako Gorilen beharra nagi itzela eragiten deusta. Aurton esate baterako, Gure Artea sarietan hiru emakume aukeratuak izan dira. Ni neuk gauza asko gainditutzat dauzkadalakoan nabil. Baina gero ez da horrela. Guetto batzuetan bizi gara eta aldameneko tabernetan eta bulegoetan gauzak beste era batera izaten eta idazten ari dira. Are gehiago, historiako artista edota zine/muntalariei buruz galdetzen ba didazu; liburu eta web gehienetan bezala, Griffith, Kuleshov eta Godard erantzungo nizuke.  Hau da neskak ezabatzen dituen bertsio ofizialari ekingo nioke. Kriston akatsa!

Testua: Nerea Olaziregi

Argazkiak: J. Garcia