GAUR, Emakumeen Kontrako Indarkariaren Aurkako Nazioarteko Egunean, manifestazioa 19:30ean Arriagatik abiatuta Koordinadora Feministak deituta.
PARE Deustuko Gazte Talde Feministaren komunikatua
Gabonak iritsi baino lehen, kaleak koloreetako argi zatarrez betetzen zaizkigu, gabonetako kanpaina kontsumitzaileei hasiera emanez, baina egiatan gabonekin zerikusi handirik ez dute. Gabonetako argiekin bezala, azaroaren 25a gerturatzean puntu morez betetzen dira udaletxeak, metroa, banketxeak, Urkulluren solapa… Eta zer? Arazoaren muinera iritsi beharrean, indarkeria sexista arazo estrukturala bezala hartuz, zurikeriari puntu morez heltzen diote.
Sistema kapitalista eta patriarkal honek bere kontrolpean ditu instituzio, hedabide, lege, hezkuntza eta abar luze bat, indarkeriaren euskarri bezala. Hedabideek modu sentsazionalista batez lantzen dituzte erasoak, gogoratzen Saoli faltsuaren kasua zelako zirko mediatikoa izan zen? Publizitatearen bitartez ere, emakumeen gorputz eredu perfektuaz eta gorputzaren hipersexualizazioaz gain, bizitza eredu oso bat inposatzen dute: sexu harreman heterosexualak, indarkeria harreman onartuak eta normalizatuak… Gure gorputzen kontrako indarkeria ezartzen dute azken batean. Zeresanik ez, Espainiar kongresuan onartzear den abortuaren legeari buruz, gure gorputzak eta erabakiak kontrolatu nahi dituzte estatuaren indarkeriaz baliatuz. LOMCE legearekin, azken urteetan lortutako garaipena, urrats txikiak izan badira ere, hezkidetzatik urruntzera garamatzate: sumisiorantz, obedientziarantz, kristautasunerantz, homogeneotasunerantz, eskumarantz… Horrez gain, lan munduak eramaten gaituen prekarietatea guganako indarkeria bilakatzen da.
Instituzioen kanpaina mediatiko hutsalekin, sentsazionalismo merkeekin, gorputz objektibazioekin eta kontrolarekin, hezkuntza sistema arkaikoekin, prekarizazioarekin… indarkeria matxista ahalbidetzen duen sistema oso bat dago martxan.
Feminismoak soilik eramango gaitu indarkeria matxistari aurre egitera eta esandako sistema honekin apurtzera. Azaroaren 25az gain, urteko egun guztiak dira feminismoari heltzeko egunak. Borroka feministarekin bidez lortuko dugu!
GORA BORROKA FEMINISTA!