Abenduaren 12an Irantzu Yaldebere Deustuko gazte grebalaria epaitu zuten Bilboko Adingabeen Epaitegian. Kasua preskribituta gera daiteke, epailearen azken erabakia oraindik orain falta bada ere.
Grebalariak aske! plataformaren aburuz “berriz ere argi geratu da Aitor, Jon, Urtzi eta Irantzuren kontra irekitako prozesu hau guztia fartsa hutsa dela.
Berriz ere salatzen dugu gazte hauek turko-buru gisa erabiliak izan direla, muntaia polizial baten bidez, eredu sozial justuago eta solidarioago baten aldeko konpromiso argia hartu dutelako eta beren auzoetan hori lortzeko lan egiten dutelako. Halaber, gogorarazi nahi dugu Aitor, Jon eta Urtziren inguruko epaiari jarritako errekurtsoei buruzko azken erabakiaren zain gaudela.
Guretzat, epai onargarri bakarra lau grebalarien absoluzioa izango litzateke. Izan ere, hasieratik salatu dugun bezala, hau guztia gure herrian jendarte justuago baten alde aurrera eramaten ari diren borroka sozialak kriminalizatzeko eta desaktibatzeko muntaia bat da".
INFO + GREBALARIAK ASKE!