ERIKA VAZQUEZ: “Gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio emakumezkoen futbolari”

prestaldizkaria 2013ko abe. 30a, 12:00

Erika Vazquez Iruñean jaio zen. Lagunak taldean hasi zuen bere ibilbidea eta 2004an heldu zen Athletic Clubera. Taldera heldu zenetik jokalari garrantzitsuenetarikoa izan da.

Hasi zinenetik asko aldatu da emakumezkoen futbola?

Bai, asko aldatu da emakumezkoen futbola. Egia da, oraindik pausotxoak ematea geratzen zaigula, baina atzera begiratzen badut, hasi nintzenetik, asko aldatu da. Batez ere, desberdintasuna sentitu nuen hona etorri nintzenean. Klub profesional batek, erraztasun gehiago ematen dizkizu klub amateur edo txikiago batek baino.

Epe motzera eta epe ertainera nola ikusten duzu etorkizuna?

Pixkanaka bagoaz pausoak ematen, adibidez, partida batzuk Gol TV telebistak ematea, Bartzelona Championsen sartuta egotea, etab. Nire ustez, emakumezkoen futbola handitzen ari den zeinuak dira eta Bizkaian, kasu honetan, sostengua handia izan da beti.

Bizkaian emakumezkoen futbolaren jarraipena badago Athletic Clubaz aparte?

Jarraipen gehiago izan dezake nire ustez. Hala ere, gero eta web orrialde gehiago daude emakumezkoen futbolari buruz hitz egiten dutenak. Baita, gero eta jende gehiago kezkatzen da informatzeaz sare sozialen bitartez igandero zelaietan gertatzen denari buruz. Beraz, bai, garrantzia ematen zaio. Egia da, alde horretatik emakumezkoen kirol guztiek laguntza behar dutela.

Hiru taldetan jokatu duzu. Zein desberdintasun daude beraien artean?

Desberdintasun ugari daude. Nire lehenengo taldea Lagunak izan zen eta Athletic edo Espanyol taldeekin konparatuta, talde profesional batzuk, egitura sendo bat daukatenak eta talde indartsuagoak direnak, desberdintasunak nabariak dira. Baina nire ustez, momentu horretan Lagunak goiko postuetan zegoen taldea zen, edozein erronka lortzeko asmoa zuen taldea. Baina hona etorri nintzenean desberdintasun ugari ikusi nituen, instalazioetan, metodologian… egituran azken finean.

Espanyolekin ere desberdintasunak badaude, asko, egiturari dagokionez, taldeak zure eskura jar ditzakeen prestazioei dagokionez, emakumezkoen taldeko zainketari dagokionez… Biak talde profesionalak izanda ere, desberdintasun ugari daude haien artean. Espanyolek betidanik garrantzia handia eman dio emakumezkoen taldeari, baina Athletic Cluba beste mundu bat da.

Zelan ikusten duzu taldea aurten?

Martxan jartzea pixka bat kostatu zaigu, gainera izan ditugun lesioek ez digute asko lagundu, lesio asko izan dira eta epe luzekoak. Horregatik asko kostatu zaigu martxan jartzea, baina nire ustez ondo gaude. Egia da, momentu baxuagoak izan ditugula, adibidez Rayoren kontrako partidan, ez genuen gol aukera askorik egin. Baina gero bolada onak ere izan ditugu, adibidez, Levanteren kontrako partida 0-4 irabazi genuen. Badira gol aukera asko egin ditugun partidak ere, beraz, orokorrean, taldea ondo dagoela uste dut. Hala ere, joan den astean Bartzelonaren aurka izandako estropezutik minduta atera ginen.

San Mamesen partidu bereziak jokatzen dituzue. Aurten, azkenengo emaitzak ikusi ondoren, baduzue itxaropenik bertan partidaren bat jokatzeko?

Guri geratzen zaigun aukera bakarra aurrera jarraitzea da. Badakigu Bartzelona indartsu dagoela eta beste lehiaketa bat daukala hor zehar. Zure lana, beti ahalik eta hoberen egin behar duzu, aukera hori existitzea posible baldin bada ez delako existituko zu ondo baldin ez bazaude. Beraz, nire iritziz gure helburua gugan zentratzea da, partida guztietan hiru puntuak lortzen saiatzea. San Mamesen partida bat jokatzea guretzat oso polita litzateke.

Zer deritzozu San Mames Barriari?

Oraindik ez naiz egon. Tribuna bat geratzen denez eraikitzeko, aurten ez digute gonbidapenik eman. Beraz, gehienok norbaitek karneten bat uzteko itxaroten gaude.

Noizbait aipatu duzu emakumezkoen futbolari ondo etorriko litzaiokela talde handiek emakumezkoen taldeak ere edukitzea. Baina ez duzu uste, horiek benetako selekzioak egiten badituzte, Bartzelonak bezala, lehiaketa apurtu dezaketala gizonen lehiaketan gertatzen den bezala? Etorkizun batean, posible izango da haiekin lehiatzea?

Argi dago haiek beste lehiaketa batean lehiatzen ari direla, Championsa. Zuk, bertan lehiatzeko taldea egin behar duzu eta haiek hori egin dute. Dirua daukate, jokalari onak fitxatu ahal dituzte eta haiek bere lana egiten dute. Egia da gero eta zailagoa dela irabaztea gero eta jende hobea daukatelako. Baina guk horren kontra ezin dugu ezer egin. Hala ere, uste dut igandean frogatu genuela haiek dauden maila berdinean gaudela eta ez daukagula inoren beldurrik. Baina azkenean haien jokalarien kalitateak partida aurrera ateratzea lortu zuten. Eta bai, azkenean gero eta zailagoa izango da haien kontra jokatu eta irabaztea.

Lehen ikasketak eta entrenamenduak bateratu behar zenituen, orain entrenamenduak eta lana. Zelan daramazu?

Ondo. Entrenamenduen ostean lan egitera noa. Erraztasunak ematen dizkidate eta ondo bateratu ditzaket. Master bat ere egiten dut eta distantziara denez goizak masterreko gauzak egiteko aprobetxatzen ditut. Entrenamenduak, masterra eta lanaz gain, entrenatzaile izateko hirugarren maila egiten ari naiz. Otsailean hasiko naiz klaseekin eta ea nola daramadan. Baina, momentuz, ondo.

Jokatzeaz gain, zein da zure beharra Lezaman?

Berregokitzaile moduan lan egiten dut gazteen azpiko taldeekin, hau da, gazte-kategoria A, gazte-kategoria B, kadete A, kadete B, haur-kategoria A, haur-kategoria B, alevin A eta alevin B. Hau da, gazte kategorietatik alevin kategorietara.

Jokalariak lesionatzen direnean, lehiaketara itzultzeko berregokitzea egitea da nire lana. Kirolaria lesionatuta dagoen denbora horretan, lesioaren arabera, tratamendu desberdinak jasotzen ditu, hala nola, erizaindegia, medikua, etab. Eta ondoren nirekin ariketa desberdinak egiten dituzte. Azken finean helburua da jokalaria taldearekin itzultzen denean ahalik eta gutxien nabaritzea geldi egon dela. Egia esan, oso pozik nago, oso gustura.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien ikasketak egin dituzu eta berregokitzaile moduan lan egiten duzu Lezaman. Horrez gain, bigarren mailako entrenatzaile titulua daukazu. Etorkizunean, aulkian ikusten duzu zure burua ala nahiago duzu berregokitzaile moduan lan egitea?

Bi gauzak asko gustatzen zaizkit eta, egia da, gazteekin nagoenean zuzentzeko paper horretan ikusten dudala nire burua. Asko gustatuko litzaidake. Aurten entrentzaile izateko hirugarren maila ateratzera animatu naiz. Momentu honetan ez, ez daukadalako denborarik, baina agian futbola uzten dudanean animatuko naiz entrenatzailearen aulkian jesartzera.

Entrenamenduekin, masterrarekin eta lanarekin denbora libre gutxi edukiko duzu. Zer gustatzen zaizu egitea denbora libre apur bat daukazunean?

Astegunetan oso denbora libre gutxi daukat, baina normalean aprobetxatzen dut lagunekin partidaren bat ikusteko edo zerbait hartzeko, zinemara joatea ere asko gustatzen zait eta baita erosketak egitea. Baina, beno, ez daukat denbora askorik.

Aurten Iraia Iturregi pregoilaria izan da Bilboko jaietan taldea irudikatuz. Nolakoa izan da esperientzia zuentzat?

Oso hunkigarria izan zen, batez ere pregoia irakurri zuen momentuan. Asko hunkitu nintzen beragatik, nire ustez, merezi du bertan egotea, den pertsonagatik, jokalariagatik eta irudikatzen duen guztiagatik. Berak irudikatzen gaitu eta horrek pribilegiatu sentiarazten gaitu.

Deustun bizi izan zara. Nolakoa izan zen bertan pasatu zenuen denbora?

Taldeko hiruk partekatzen genuen pisua eta ikasleen-egoitzatik joan ginen lehenengo pisua izan zen Deustukoa. Agirre Lehendakariaren etorbidetik hurbil bizi ginen, eta oso gustura egon nintzen. Guztia hurbil geneukan, eta kalera irteterakoan beti zegoen jendea. Hemen egon naizen denboraldi guztietan oso pozik egon naiz.

Testua: Itziar Fernandez