Bilboaldeko bertsolari gazteek ezin Lea Artibairen aurrean

bertonaldizkaria 2012ko ots. 29a, 10:22

Atzo hasi zen 20. BBK Bertsolari Gazteen Sariketa. Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 bertsolari gazte inguru ariko dira lehian. Taldeka egingo dute, jatorrizko eskualdearen arabera multzokatuta. Guztira zazpi talde lehiatuko dira. Finala Bilboko Kafe Antzokian jokatuko dute, martxoaren 23an. Durangon izan zen atzo lehen saioa eta Lea Artibai Bilboaldeko taldeari gailendu zitzaion.

Bilboaldeko taldean Olatz Ipiña, Aitor Zelaieta eta Txaber Ormazabalek kantatu zuten gazten kategorian (18 urtera artekoak) eta Arkaitz Zipitria, Iker Uribarren eta Peioa Ormazabalek helduen kategorian (19tik 24 urte bitartekoak). Durangoko institutuko aretoa lepo bete zen 250 ikaslerekin. Saio amaieran, 13, 5 puntuko aldeagatik bigarren geratu zen Bilboaldeko taldea (364,5 puntu) Lea Artibaiko taldearen atzetik (378 puntu). Beraz, Lea Artibai da sariketan aurrera egingo duen taldea.

BBK Sariketa 2012

Bizkaiko bertsolari gazteenei publikoaren aurrean aritzeko aukera gehiago eskaintzeko asmoz, atzo BBK Sariketaren edizio berri bat  hasi zen, 20. ediziora heldu dena. Txapelketan 50 bertsolari gazte inguru arituko dira lehian. Talde bakoitza sei bertsolariz osatuta egongo da, horietako erdiak 18 urtetik beherakoak izango dira eta gainerakoak 19 eta 24 urte bitartekoak. Eskualde parte-hartzaileak honako hauek dira: Arratia, Bilbo, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterria,  Ipar Uribe (Eskumaldea) eta Lea-Artibai. Azken honek XIX. edizioa irabazi zuen.

Kanporaketak zenbait ikastetxe eta kultur etxeetan egingo dira eta sarrera doakoa izango da. Sariei dagokienez, bi talde finalisten artean 2.000 euro banatuko dira, eta txapeldunak 1.260 eurotako lehen saria jasoko du. Txapelketan, gainera, 3.780 euro izango dira, parte hartzen duten bertsolari guztien artean, parte hartzeagatiko dieta gisa banatzeko.

Sailkapen-saioak

Eguna

Taldeak

Lekua

Ordua

2012/02/28

LEA ARTIBAI - BILBOALDEA

Durango: Institutua

12:00

2012/03/06

ARRATIA - DURANGALDEA

Igorre: Lasarte kultur aretoa

11:30

2012/03/07

ENKARTERRI - BUSTURIALDEA

Zalla: Institutua

10:30

 

Finalaurrekoak

Eguna

Taldeak

Lekua

Ordua

2012/03/13

IPAR URIBE – 28ko irabazlea

Derio: Txorierri institutua

11:30

2012/03/14

6ko eta 7ko irabazleak

Markina: Lea-Artibai ikastetxea

11:30

Finala

Eguna

Lekua

Ordua

Martxoaren 23a, ostirala

BILBO - KAFE ANTZOKIA

19:00