Andres Osa ‘Sakona’: “Herri kirolak mantentzea eta sustatzea bidezkoa da”

bertonaldizkaria 2012ko mar. 5a, 10:22

Ez du lehenaldiaz gehiegi hitz egiteko gogorik Andresek, ez bada hezkuntzan irakasle eta zuzendari gisa eta kazetaritzan batik bat bertsolaritza eta herri kirol berriemaile gisa egin duen lana “beti gustura” egin duela esateko. Orain, jubilatuta, ez dabil geldi. Herri kirolen berri emanez jarraitzen du Euskadi Irratirako, beti ere in situ, eta “atseginez”. Aditu handienetako bat da gaur egun Txurdinagan bizi den bergararra.

Kazetari munduan Egin egunkarian hasi zinen, ezta?

Bi urte eta erdi eman nituen Bruselan erakunde bateko koordinatzaile eta hona itzultzean, Egin egunkaria sortu berri zela, bertan hasi nintzen Bilboko erredakzioan lanean. Garai hartan orain baino kazetari espezializatu gutxiago zegoen eta ni kultura arloko gai guztietaz eta sortzen ziren bestelakoetaz arduratzen nintzen. Herri kirolak gutxi lantzen genituen orduan, baina noizean behin ekitaldi garrantzitsuren bat, desafioren bat zegoenean joaten nintzen.

70. hamarkada amaierako kazetaritza zelakoa zen?

Limitazioa bazegoen eta jende askok, aurretik bere burua kontrolatzen eta mugatzen aritzen zena, pixka bat egokitzen lana izan zuen; dudarik gabe. Ni beste mundu batetik zuzenean sartu nintzenez normaltasunez egin nuen lan. Garai hartan Eginek denon beharra zuen eta ordurik gabe lan egiten genuen, horrexek atera zuen egunkaria aurrera.

Irakaskuntzara eman zenuen jauzia gero.

Egineko bigarren berregituraketan utzi nuen egunkaria, gero pare bat urte Nikaraguan eta Ekuadorren eman nituen bueltaka eta etxera etortzean irakaskuntzan sartu nintzen. Lau ikastoletan ibili nintzen.

Gaur egun ikastetxeetako zuzendari lana irakasle gutxik nahi izaten du. Zelakoa izan zen zure esperientzia?

Ikaragarri gustatu zait, disfrutatu egin dut 25 urtetan ikastolen munduan. Gernikan hasi nintzen, 15 urte pasatu nituen bertan zuzendari. Dena ondo jarrita zegoenean Zornotzako ikastolatik deitu zidaten, publiko, ez publiko izan erabakitzeko unean zeudenean. Han bospasei urte eman nituen eta gero Abusuko ikastola hasi berri zegoela bertan eman nuen beste urte bat. ‘Honaino’ esan nuen eta jubilatu egin nintzen. Aurrerago, guk sortutako Durangoko Ibaizabal ikastolako zuzendaria ondoezik jarri zen eta beste hiru urte eman nituen Durangon zuzendari.   

Zuzendari eta herri kiroletako berriemaile lanak aldi berean egiten al zenituen?

Bai, asteburutan beti idazten nuen Gara edo Deia egunkarirako. Horiek uztean, hasi nintzen Euskadi Irratian herri kirolen berriemaile. Ez dut uste meritu handikoa denik, ikastola mundutik apur bat oxigenatzeko modua zen. Beste jende klase bat da herri kiroletako, sanoa, baserritarra; hori beste aberastasun bat izan da niretzat. Ni sekula ez naiz nekatu bizitzan.

Ez zara bulegotik lan egiten duen kazetaria. Zergatik?

Ikusi egin behar da, jakin, sentitu… telefonotik ez da sentitzen. Ez herri kiroletan ez bertsolaritzan. Orain 25 urte Euskal Herriko txapelketa guztiak jarraitu nituen, hasi eta amaitu. Inoiz ez bazara joaten plazara edota frontoira ez duzu jendea ezagutzen, ez haien sentimendua ere.

Zein da herri kirolen egungo osasuna?

Herritik ateratako ofizioak dira herri kirolak, nekazari kulturakoak. Egun, berriz, kultura urbanoa ari da agintzen. Ikuspuntu horretatik, kinka larrian dago herri kirola. Ohitura zaharren eta mundu urbanoaren arteko egokitzapena zaila izango da, baina oraindik mantentzen dira herri kirolak, eta ezustekoak ere badira.

Adibidez?

Idi probek toki askotan jendetza ikaragarria erakartzen dute. Pelota partidu estelarra Eibarren jartzen duzu eta 150, 200 pertsona joaten dira. Idi probek Abadiñon milatik gora pertsona biltzen dituzte, baita Aian eta beste probaleku batzutan ere… eta jende gaztea gero eta gehiago. Ez da galtzen ari den fenomenoa idi probena.

Eta aizkolariak?

Ofizioa ikasi behar da eta kalekume batek oso zaila du hori egitea. Hala ere gazte jende mordoa dator. Lan gogorrak egin ohi dira aizkoran, zaleei hori gustatzen zaie. Baina gazte jendea ohituta dago lan arinak egitera, bi enbor egitera, burua altxa eta berehala txapeldun izan nahi dute. Maila jaitsi egin da ikaragarri. Horrek ez du esan nahi aizkora desagertuko denik.

Eta harria?

Ez du hainbeste gastu aizkoraren parean. Jende gaztea dago 150, 200 kiloko harriekin ibiltzeko, eta gero eta gehiago gainera. On-onak ateratzea lehen bezala? Saralegi bat, Perurena bat pisu astunetarako? Gero eta gutxiago izango da hori. Sakrifikatu egin behar da eta dohaiak ere behar dira.

Eta sokatira?

26 urtetan jarraitu ditut bertoko eta munduko txapelketa guztiak. Hainbeste talde izan ditugu munduan zehar bere arrastoa utzi dutenak. Herri kiroletatik aparte beste federazio bat izan beharko luke sokatirak nazioartekoa delako. Loratuago egon da, orain krisian dago. Zortzi pertsona ondo akoplatzea zaila da. Sokatiran zerbait lortzeko bizpairu urte topera pasa behar dira bloke bezala lanean. Herri kirolek bere zailtasuna dute, baina bertako zerbait dira, euskaldunena, eta horregatik mantentzea eta sustatzea bidezkoa dela uste dut.

Segalaritza?

Beherantz doa, ia nezaririk ez da ibiltzen segarekin eta erabili ezik alperrik da. Belarra ere behar da ebakitzeko. Ez dira aprobetxatzen herri bakoitzeko belardiak eta zelaiak ondo zaintzeko. Udaberritik udazkenera 10-15 saio egin behar ditu segalariak ondo prestatzeko, eta desafioak behar du tartean. Sega txapelketak ozta-ozta egiten dira.

Mantendu eta sustatzen al dira herri kirolak?

Erakunde ofizialek egiten dute eta herri mailan ere egiten da. Baina bada gehiago ere. Aizkora, esaterako, kirol indibiduala da eta sosak daude tartean. Aizkolariak irabaztera doaz, zerbait ateratzea nahi dute; eta atera egiten dute gainera.

Apustuak jaitsi al dira krisiarekin?

Jaitsi dira, batzuk kontra daudelako ere, baina hori tontakeria dela uste dut. Gurea den zerbait da herri kirola, horren kontra egitea astakeria da; ezjakintasunaren ondorioa. Euskal Herrian desafio kontua izan da apustua, desafioak kenduta kirolak galdu egingo luke. Beste xarma, alaitasun eta interes bat du jendeak desafioetan; gaur herri kirolaria desiatzen dago desafioa egiteko, norgehiagoka delako.

Elkarte animalistek herri kiroletan animaliei ematen zaien tratua salatzen dute. Zer deritzozu?

Neurriak hartu izan dira, baina beste neurri bat hartu behar dute: akuilua eztenik gabe behar da, hori aurki etorriko dela uste dut. Jendeak ez daki idi asko daudela, 500 inguru, eta erregeen pare bizi direla. Azkenean idiak tiratzeko daude.

Gizon probak existitzen al dira?

Banakakoak askoz gutxiago, proba oso gogorrak dira. Orain laukoteak eta zortzikoteak ari dira sekulako jendea biltzen. Asteasun, esaterako, 3.000 pertsonatik gora elkartu ziren, eta ia denak gazteak.

Telebistak lagun dezake herri kirolen alde?

Toki dezentetara joaten da telebista. Azkenaldian, Urrezko Aizkorara eta harri-jasotzaileen ekitaldi berezietara. Grabatu egiten da eta gero bota. Telebista zenbat eta gehiago egon orduan eta hobe. Baina saio luzeak izaten dira herri kiroletako asko, ordu bitik gorako, eta hori emango duen komunikabiderik ez dago. Hor, herri kirolak hurbildu egin beharko luke mediora bizitasunez eman ahal izateko.

Kirolen hierarkian non daude herri kirolak?

Atzean, dena dela, futbolak denak utzi ditu oso atzean.

GALDERA LABURRAK

Aizkolari on bat: Mindegia, fuera de serie izan da, atleta prestatua

Segalari on bat: Iñaki Bengoetxea, oso estilista

Harri-jasotzaile on bat: oraingoa Irigoien; lehengoak Zelai, Saralegi, Perurena

Bertsolari on bat: oraingoa Egaña; lehengoak Uztapide, Xalbador, Lopategi, Lasarte

Testua: L.M. / Argazkiak: Iñigo Azkona