Maitasunez gordeak

bertonaldizkaria 2012ko mar. 5a, 10:46

BERTON aldizkariak 14 urte bete ditu otsaileko zenbaki honekin. Urte guzti hauetan gure harpidedunek maitasun handiz gorde dituzte aleak, bai Mahatserrian bai kanpoan. Gordailu horietako batzuk ezagutu nahi izan ditugu eta, bide batez, Interneten sortu ditugun gordailu berriak ezagutzera eman nahi dizkizuegu.

 

Cristina Santamaria: “Inguruan gertatzen dena axola zait”

Etxe txikia duen arren, BERTON aldizkari piloa gordetzen ditu Cristinak. Armairu “ia osoa beterik” du. Aizu! aldizkariak ere baditu bertan. Ale batzuk orain gutxi bota dituela aitortu digu, egin duen azken garbiketan. Oso gustuko du Mahatserriko aldizkaria Cristinak: “Niri Hola aldizkariko kontuak bost, inguruan gertatzen dena axola zait”. Argazkiak ikusten ditu lehenengoz, Inkesta atalekoak batik bat, “ezagunek zer pentsatzen duten” jakiteko. Karmelo Ikastolako umeen argazkiek ilusio berezia egiten diote –irteten direnean–, jantokian lan egiten duenez gero, asko eta asko ezagutzen ditu. Zenbaki “berezi” bezala gordeta ditu, esaterako, Xabier Madariaga azalean agertu zenekoa “fardelak aldatu nizkiolako”, Laida Martin agertu zenekoa “nirekin ikasi zuelako” edota Olatz Carro agertu zenekoa “nik zaintzen nuen umeen ikaskidea zelako”.

Jose Antonio Garcia :“Ondoan gertatzen dena eta ondokoek egiten dutena kontatzen dit”

Hasieratik konturatu zen Jose Antonio BERTON “ez zela beste aldizkariak modukoa”. Bere “zati” kontsideratzen du “ondoan gertatzen dena eta ondokoek egiten dutena” kontatzen diolako BERTONek. “Ni Palencian jaio nintzen eta sei urterekin etorri nintzen Otxarkoagara bizitzen. BERTON jasotzen dudanean Otxarkoagakoa naizela sentitzen dut, ez dut horren beharrik, baina horrela sentiarazten nau”. Etxean kutxa batean gordeta ditu zenbaki guztiak, eta ez diotela lekurik kentzen azpimarratzen du. Noizean behin aspaldiko zenbakiren bat hartu eta berriro irakurtzen du. Elkarrizketa nagusia eta argazki zaharraren atala ditu gustukoen. “Pertsona horiek zer egiten duten eta zer pentsatzen duten edo leku horietan zer gertatu zen jakitea interesatzen zait”, diosku.

Aita Beneditarren Fundazioa, Lazkao: “Historia txikiak ezagutzeko eta tokian tokiko ikerketak egiteko balio du”

Juan Jose Agirre monje beneditarrak azken lau hamarkadetan bildutako funtsak gordetzen dira Lazkaoko artxiboan: aldizkariak, bildumak eta artxiboak, guztiak ere euskal gaien ingurukoak eta Euskal Herriko historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoak. “Horregatik gordetzen dugu BERTON bezalako aldizkaria, hemeroteka atalean, gainerako 6.000 tituluekin batera. Ikertzaileentzat baliagarri izango delakoan gordetzen dugu”, dio Juan Jose Agirrek. Kuttuna da berarentzat BERTON, “alde batetik, herri mailako aldizkariei garrantzia handia ematen diegulako, oso baliagarriak baitira Euskal Herriko historia txikiak ezagutzeko eta tokian tokiko ikerketak egiteko. Eta beste alde batetik, euskaraz idatzita daudelako. Gainera, BERTON aldizkaria osorik daukagu, eta horrek ere balio berezia ematen dio”. www.lbfundazioa.org

Sabino Arana Fundazioa, Uribarri: “Historiari buruzko atala goi mailako argitalpenen pare dago”

Argitalpen zaharrak eta nazionalismoari lotutakoak batzen ditu Sabino Arana Fundazioak gehienbat, baita gaur eguneko argitalpen batzuk ere, bereziki lekuan lekuko hedabideak. Luis de Gezala artxiboko langilearen arabera “gure kulturari eta inguruko herri eta auzoei buruzko informazioa gordetzeko, sarri iturri bakarrak izaten dira horrelako hedabideak. Urte batzuk barru, gaur eguneko informazio lokal hori lortzeko bide bakarra BERTON moduko argitalpenetan arakatzea izango da. Eta, nik neuk, atal historikoa nabarmenduko nuke, Begoñako errepublika zaharreko kontuak ezagutarazteko lan bikaina egiten du BERTONek eta uste dut, historiari buruzko atala oso bailagarria dela, goi mailako argitalpenen pare dago eta gainera, gertaera historiko batzuk BERTONen baino ez dira azaltzen”. www.sabinoarana.org

Rikardo Arregi Aldizkaritegia, Andoain: “Nolanahikoa ez den eremu batean funtsezko lana egiten du”

Berri-berria da Andoaingo Rikardo Arregi Aldizkaritegia. Joan den azaroan zabaldu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Bertan, Euskal Herri osoan euskara hutsez argitaratzen diren aldizkako argitalpen guztiak jaso, katalogatu eta gordetzen dituzte, baita BERTON ere. Jon Unanue arduradunari gure aldizkariari buruz galdetu diogu; zer da BERTON Rikardo Arregi Aldizkaritegiarentzat? “Tokiko hedabideen puzzle handia osatzen duen pieza da, nolanahikoa ez den eremu batean funtsezko lana egiten duena euskararen erabilera bermatzearren”. Egun, aldizkari asko jasotzen dituzte Andoainen: tokiko hedabideak, orokorrak, erakundeenak, berripaperak… Batzuk 3-4 zenbaki egiten dituzte eta gero desagertu egiten dira, horregatik dio Unanuek aldizkari asko dauden arren, “errealitatearen irudi faltsua eman dezaketela”. www.larramendi.org

Interneten presentzia handitzen / BERTON hedatzen dihardugu

Orain arte presentzia txikia izan du Interneten BERTONek. 2012ko erronka gisa, ahalegin berezia egin dugu sarean Mahatserriko berri hedatzeko. BERTON aldizkariko edukiak zein gure auzoetan sortzen diren albisteak zabalduko ditugu BERTONen blog berrian. bertonaldizkaria.wordpress.com helbidean izango du nabigatzaileak horretarako aukera. Sare sozialetan ere lortu du lekua egitea gure aldizkariak, bai Facebooken bai Twitteren zuzen eta erraz jaso daiteke informazio ugari. Eta azkenik, argazkientzat txoko bat sortu dugu Flickr plataforman. www.flickr.com/photos/bertonaldizkaria helbidean, Mahatserriko argazki zaharrak, Sei Izar Krosekoak eta Santutxuko inauterietakoak, besteak beste, dozenaka, ikus daitezke. Nabigatu BERTONekin eta lagundu Mahatserriko aldizkaria hedatzen.