Emakumeok Auzoa Marrazten, Uribarrin eta Otxarkoagan

bertonaldizkaria 2012ko mar. 5a, 11:24

Hirigintza genero ikuspuntutik lantzea eta partehartze sistemak sustatzea beharrezkoa da hirigintza “gizatiarragoa” izan dadin. Horretarako, hirigintza sisteman emakumeek aurki ditzaketen arazoak plazaratu eta ekimen baten bitartez Irala, Uribarri eta Otxarkoagako auzoak marraztu dituzte arkitekto gazteek. Proiektuan Abiak, Sare eta DnonA2 arkitektura estudioek hartu dute parte auzoetako familia elkarteekin batera. Martxoaren 10ean Otxarkoagako ekimenarekin amaitutzat emango dute iazko ekainean hasitako lan sakona.

Arkitekto talde hauek egindako lana Bilboko Familia Elkarteen Federazioarekin batera egin dute, izan ere, generoari buruz egindako lan batetik abiatuz, Emakumeok Auzoa Marrazten proiektua atera dute aurrera. Hasiera batean hitzaldiekin nahikoa ez zela ikusita, proiektu hau ideiatu zuten. Horregatik tailerrak ere egin dituzte, auzokideekin zuzeneko harremana bermatzen dutenak, emakumeek bizi dituzten gabeziak azalarazteko.

Proiektuaren helburu nagusienetakoa emakumeei ahotsa ematea da, besteak beste. Koordinatzaile aritu den Aitziberren arabera “emakumeek auzoari begiratu eta auzoko arazoak kaleratzea nahi izan dugu, ekimen baten bitartez baliatuz”. Proiektua hitzaldi batez eta hiru tailerrez osatua dago eta hiru auzotan jarri dute praktikan; Uribarrin, Iralan eta Otxarkoagan.

Lehen tailerrean galdetegi batzuei erantzun diete, sei atal dituen galdetegia: ibilbideak, garraio publikoa, segurtasuna, ekipamenduak, identitatea (kaleen izenak…). Beste gai batzuk ere jorratu dituzte, hala nola: emakumeentzat garrantzitsuak diren guneak, nola ikusten den emakumea islatuta auzoan…

Gaizka ere egitasmoaren koordinatzaile gisa aritu da eta bere esanetan, “emakumezkoek egindako diagnosi hauetatik ateratzen diren ondorioak oso garrantzitsuak dira, ez bakarrik emakumearen egoera islatzen dutelako, baizik eta beraien begietatik beste kolektibo askoren begirada ere azalarazten delako. Esaterako, zaintza lanetan ez bazaude ez dakizu zein arazo dagoen auzoan eguneroko lan hori aurrera ateratzeko, ezta garraio publikoa erabiltzen ez baduzu ere”. Arkitekto gazte hauen ustetan gauzak aldatzen doaz gutxika bada ere, baina oraindik lan asko dago egiteko.

Mikroekipamenduak

Iralan, Uribarrin eta Otxarkoagan landutako proiektu honi esker, hiru auzoek komunean dituzten ondorioak ere aztertu dituzte. Batetik, “irisgarritasun arazoak” nabarmendu dituzte auzoetako emakumeek, auzo aldapatsuak baitira hirurak. Bestetik, biztanleriaren zahartzeak dakarren arazoa ere komuna da aipatu auzootan. Eta horren ondorioz, auzoko gazteek “aukera gutxi izan dezakete etxebizitza lortzeko”. Hirugarren ondorioa “Bilbok ekipamenduak zentralizatzeko duen joera” da, beraz, auzoak bizitza gabe geratzen dira. Eta azken ondorioa “komertzio txikien falta” da. Askotan hirigintza eta generoa lantzen direnean mikroekipamenduez hitz egiten da, hau da, ekipamenduen eskala txikitu behar izateaz.

Otxarkoagakoa

Lehen hitzaldia iazko urrian antolatu zuten, ondoren tailerrak, eta hile honetan egingo duten azken ekimena besterik ez da falta proiektua bukatzeko. 

Tailerretako partehartzaileek ziotenez, Otxarkoagan “badago auzo sentimendu sakona” baina “gabezia asko dituen auzoa da oraindik”. Izan ere, D ereduko eskolarik ez egoteak auzotik irtetera behartzen ditu auzotarrak. Otxarkoagako Familia Elkartetik egin den lana ezinbestekotzat jo dute auzoak egun duen izaera eta nortasuna izateko, partehartze sistema landu baitute. Azken ekimena martxoaren 10ean burutuko dute. “Auzoko emakumeek segurtasuna” aukeratu dute aldarrikapena egiteko eta puntu beltzak zehaztu eta bereganatuko dituzte.

Uribarri

Ekimena segurtasunaren ingurukoa izan zen eta iazko azaroan burutu zuten. Segurtasuna “nahiko kolokan” zegoela sumatu zuten auzoan eta gai horri eutsiz burutu zuten ekimena. “Puntu ilun asko” dagoela dioskute, nahiz eta auzo bizitza badagoen. Bertoko tailerretan parte hartutako emakumeen iritziz, nahiz eta auzo bizitza eduki,  kulturalki Bilboko zentroarekin duen hurbiltasunagatik “arriskua egon daitekeela” deritzote. Hau da, dagoena galtzeko arriskua dago bertokoa sustatzen ez bada. Bilborekiko duten gertutasuna dela eta, “aukera kultural gutxiago” dutela ondorioztatu dute Uribarrin. Horrez gain, “auzo etxe bakarra” dagoela nabarmendu dute, kontuan izanda auzoak dituen dimentsioak eta errealitate ezberdinak. “Gertutasuna sentitzeko premia” behin eta berriro auzotarrek azpimarratu duten ideia da: “Bai institutua, bai liburutegia zein kirola egiteko eta aisialdirako ekipamenduak”.

Uribarrin egindako tailerrean gune beltzen diagnostiko orokor bat egin zuten eta puntu beltz batzuk aukeratu zituzten ekimena egiteko: arrapala mekanikoak eta trenbide azpiko eskailerak. Arrapalak “gauez ez amatatzeko” eskatzen dute, auzotarrak seguruago sentitzeko. “Jende askoz gehiago igaroko da bertatik arrapalak erabili ahal izanez gero eta baita argiztapen gehiago izanez gero gau partean”. Hala, batukada baten musikarekin joan ziren arrapaletako eskakizunak jasotzen zituzten kartelak hormetan pegatzen. Uzturre plazara ere hurbildu ziren, bertan trenbide azpitik jaisteko eskailera batzuk daude, eta nahiz eta argiztapen gehiago jarri duten, gune beltza izaten jarraitzen du. Beraz, sinbolikoki gune hori bereganatu zuten ekimen batean. Emakumeen siluetak markatu zituzten, “emakumeon gunea ere behar duela izan” aldarrikatuz.

Proiektua burutu duen lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie bertan parte hartu duten emakume, auzokide zein elkarteei. Azken batean, auzoek bizirik diraute elkarte hauetan egiten den lanagatik eta mantentzen duten auzo izaeragatik. Lan hau sakonkiago kontsultagarri dago Interneten emakumeokauzoamarrazten.blogspot.com helbidean eta Facebook-en.

Testua: Arrate Diez / Argazkiak: Emakumeak Auzoa Marrazten