Begoñako udaletxea

bertonaldizkaria 2012ko mar. 5a, 11:34

Begoñako elizateak udaletxe bi eduki zituen bere historian. Lehenengoa XVIII. mendean eraiki zuten eta, hura galdutakoan, bigarrena egin zuten 1856an. Ozta-ozta bete zuen mendea, 1957ko akabuan eraitsi zuten eta.  

Begoña elizatea izan zen lehenengo, Bizkaiko herri gehienak bezalaxe, eta, foruak kendu eta Espainiaren legedia inposatu zutenean, udalerria. Bere erakunde, kargudun, funtzionario eta, jakina, egoitza propioak eduki zituen. Horietako bat udaletxea izan zen. Haren ibilbidea labur azaltzen ahaleginduko gara, Nicolas Mintegik batutako datuak oinarritzat hartuta. 

Egia esan, XVI. eta XVII. mendeetan Bizkaiko herri gehienetako udal batzarrak –auzo batzarrak, alegia, Begoñan gizonezko guztiak batzen zirelako herriko kontuak erabakitzeko– aire librean edo elizako ateetan egiten ziren. Hortik ei dator, Iturrizak jaso zuenaren arabera, elizate izena. Begoñan udal batzarrak elizaren atzeko arteen azpian egiten ziren, zuhaitzen eta batzar publikoen arteko harremanaren fedea emanez, bide batez. Eta euria bazen, elizako ateetan babesten ziren. 

XVIII. mendearen hasieran eliza ondoko etxean egiten zituzten batzarrak eguraldia zantarra bazen. Hura Nobenaren etxea zen, elizarena, eta aurrerantzean sarritan egin zituzten batzarrak bertan. Baina mendearen erdialdean herriaren etxea eraikitzeko premia zabaldu zen: hazkunde sasoia zen hura eta ez zuten duin eta egoki ikusten batzarrak elizaren etxe hartan egitea. Herriak bere etxea behar zuen. 

1760an onartu zuten. Jose dela Encinakdiseinatu eta lau urte geroago estrainatu zuten. Eraiki batzarrak egiten zituzten lekuan bertan eraiki zuten, elizaren atzealdeko artearen aurrean. Etxeak pisu bi eta kamara zeuzkan, harlangaitzez eginda, apal baina duin, garaiko gustuen arabera. Sasoi hartantxe ere (zortzi urte lehenago) eraiki zuten deustuarrek euren udaletxea. Elizateak hazi eta hiribilduen pareko egiturak sortzen ari ziren. 

Bigarren udaletxea

1845ean udaletxe hura galduta zetzan. Segurutik, lehenengo gerra karlistaren erasoen ondorioz hondoratu zen. Eraistea, botatzea erabaki zuten. Eta hamar urte geroago, herriarentzat etxe berria egiteari ekin zioten. Julian Pastor arkitektoak diseinatu zuen eta 1856an amaitu zuten. 

Hori da argazki zaharretan ikusten dugun udaletxea. Aurrealdean Casa de la república leloa idatzita zeukana. Errepublika hori herria zen, elizatea. Beraz, euskaraz herriaren etxea edo elizatearen etxea esango genuke. Lau solairuko eraikina zen, behealdean, aurrealdean, arkupea zeukana. Bertan pilotan olgetan ordu asko eman zituzten gazte eta ume mahatsorriek, frontoi txiki gisara erabiltzen zuten eta. Rebotillo esaten zioten, errebotean jokatu behar zelako.

Beheko pisuan, besteak beste, ziega zegoen, txinelek inor atxilotuz gero, bertan edukitzeko. Lehenengo solairuan, neskatilen eta mutilen eskola. Bigarrena udal batzarrak egiteko lekua zen eta,  horrekin batera, idazkaritza eta artxiboa zeuden, besteak beste.

Bigarren karlistadak ere kalte nabarmenak laga zituen udaletxean (gatazkaren erdi-erdian gelditu zen), baina horiek konponduta berriz ere erabiltzeko moduan paratu zuten. Herriak hazten segitu zuen eta udaletxe berria egiteko ideia piztu zen. Proiektua egin ere egin zuten, baina azkenean, logikak bere zama inposatu zuen: 1917 urtea zen eta Bilbok anexioa egiteko prozedura martxan zegoen. Ideia baztertu zuten eta 1925etik aurrera Begoñak ez zuen udaletxearen beharrik izan: Bilboren baitan txertatuta gelditu zen.

Denboraldi batez udaletxe zaharra eskola eta foralen kuartel modura erabili zuten harik eta 1957an eraitsi zuten arte, Bilborako sarbide berria egin ahal izateko. 

Testua: H.Ortega / Argazkia: IndalecioOjanguren/guregipuzkoa.net