Kinka larrian da zuzeneko arteen etorkizuna babes publikoa kentzearen ondorioz

bertonaldizkaria 2012ko mar. 6a, 19:44

Kultur sektoreak bizi duen egoera larria salatu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan ESKENA-Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak, EUPREL-Euskal Promotoreen Elkartea, ADDE-Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea eta EAB-Euskal Aktoreen Batasuna, eta hauekin bat egin duen Euskadiko Musikarien Kolektiboak.

Bilboko Udalaren aurrean burutako ekitaldian, “tokiko, erkidegoko eta estatuko erakunde publikoak kulturari oro har, eta zuzeneko arteei bereziki, ematen zioten babesa modu kezkagarrian eta etengabean murrizten ari dela” azpimarratu dute ESKENAko koordinatzailea den Amaia Ibañezek eta EABko zuzendari batzordeko ordezkaria den Miriam Martínek. Arte Bizia Plataforma sortu duten erakunde hauek, Bilbon izandako agerraldiaz gain, beste bi prentsaurreko burutu dituzte Donostiako Udaletxe aurrealdean eta Gasteizko Posta Plazan.

Agerraldian agerian jarri dute kultur sektorearen etorkizunak sortzen dien kezka, 2009 urtean 27.000 langile baino gehiago biltzen baitzituen arlo horrek. “Udaletako aurrekontu murrizketak %10 eta %40 bitartekoak izan dira kulturarentzat” eta, programazioetarako aurrekontuak murriztu direnez, “sektorea itotzen ari dira, katxet oso txikia duten ikuskizunak kontratatuz eta prezioak maila ia iraingarrietara jaitsiz”.

Gaur egungo egoera ekonomikoak iragartzen duen etorkizun beltza dela eta, Arte Bizia Plataforma alderdi politikoen hizketakide izateko prest azaltzen dira. Gainera “Udalen, Foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde arteko elkarrizketa” eskatzen dute “interes alderdikoien gainetik kulturarako babesa nagusitu dadin eta sektorea finantzatzeko gutxieneko oinarri bat berma dadin” eta tokiko erakundeei “gutxienez aurrekontuaren %0,7a zuzeneko ikuskizunak programatzeko konpromisoa” hartzea eskatzen die.