Angel harategia: “Inork ez daki harakinon etorkizuna zein izango den”

bertonaldizkaria 2012ko mar. 9a, 13:54

Santutxu auzoko harategien artean, Angel eta Iñakirena zaharrenetakoa da. “Gurasoek orain dela 40 urte baino gehiago jarri zuten lehenengo denda, Anselmo Guinea kalean”, azaldu digu Iñakik. Gaur eguneko lekuan, Iturriaga zeharkalearen eta Ategorri Txakolina kalearen arteko izkinan, 35 urte egin dituzte honezkero. Angel eta Iñakik betidanik egin dute lan hor eta duela hamabi urte hartu zuten negozioaren gidaritza.

“Gaztetan hasi ginenean, Santutxu auzo langilea zen, fabrikak zeuden; bezero batzuk goizaldeko seiretan etortzen ziren erostera”, oroitu du. “Gaur egun, hamarretan hasten gara saltzen, auzoa aldatu egin da”. Iñakiren esanetan, lehen auzo gaztea zen Santutxu eta orain, adinekoak gehiago dira, “beti-betiko bezeroak mantentzen ditugu, baina azkenaldion, jende gaztea etortzen hasi da”. Dena dela, lehenagoko auzoa nahiago du, “orain Santutxu triste ikusten dut, giroa galdu da eta denda asko itxi dira”.

Harakinen etorkizuna ere ez du batere garbi Iñakik, “elikadura ohiturak aldatzen ari dira, haragi gutxiago kontsumitzen da eta krisiak min egin du”. Euren negozioaz ez ezik sektore osoaz hitz egiten du: “Europan kontsumo ohiturek hartu duten norabideak ez dakar ezer onik, ez dauka ganorazko itxurarik, etorkizunean inork ez daki norantz egingo duen negozioak”. Tokiko okelaren alde egitea ezinbestekoa dela uste du, “inguruko hiltegiak itxi dituztenetik, Bilboko okelaren kalitatea txarragoa da”. Erralderen kasua gogoan dauka Iñakik, baina Angel Harategiari, Zorrotzako hiltegia itxi izanak egin dio min handiagoa, “Madriletik Bordelera ez dago Zorrotzakoa baino hiltegi hoberik, berriro zabaltzea nahi dugu, baina politikariak tartean sartu dira”.

Angel Harategian ere nabaritu dute salmentak jaitsi direla, baina erretiratu arte negozioari eusteko erabakia hartu dute, “negozioa martxan daukagu, bezeroak ere bai”. Hori bai, euren osteko belaunaldiei buruz zalantzak dauzka Iñakik, “alde batetik nahiko nuke gure ondorengoek negozioa hartzea, harakin izatea, baina bestetik, pentsatzen hasita, lanbide gogorra da eta etorkizun iluna du”.

 

Testua: Dabi Piedra