Mikel Bilbao Txistulariak –Solokoetxe auzoan jaioa eta gaur egun Santutxuko auzokidea– 2012ko inauteriak beste ikuspuntu batetik bizitzeko aukera izan du Zarambolas izendatua izatearekin batera. Urte ugari daramatza inauterietan ez ezik, gainontzeko jai eta ospakizunetan kaleak alaitzen eta jendea dantzarazten bere txistuaren doinura. Aurtengo inauterietan K-Toño marrazkilariarekin batera Zarambolas eta Farolin pertsonaiei bizitza eman diete, festara hurbildu den orori humore, musika eta arte puntu batez bustiz.
Aurtengo Inauterietan Zarambolas izendatua izatea espero al zenuen?
Ez nuen inolaz ere espero. Behin baino gehiagotan izan nahiz hautagai, eta benetan sorpresa izan da Zarambolas hautatua izatea. Erakunde ugaritan izaten naiz eta hemendik eta handik ibilitakoa naiz txistua lagun dudalarik jairik jai. Ziurrenik hori dela eta izan nahiz hautatua behin baino gehiagotan.
Zaranbolas pertsonaiarekin identifikatuta sentitzen al zara?
Nahiko identifikatua sentitzen naiz, ez nintzateke Farolin pertsonaiarekin bat etorriko. Jaietan ibiltzen naiz txistuarekin gora eta behera, gainera, Ohorezko Txikitero izendatu ninduten. Izendapen honek, gainera, badu bere berezitasuna. Izan ere, duela urte batzuk, K-Toñoren aita eta nire txistuko irakaslea izan ziren izendatuak, eta oraingoan aukeratuak gu izateak badu bere xarma.
Zer moduz konpontzen dira haien artean Zaranbolas eta Farolin?
Ezin hobeto konpondu gara, bai inauterietako egun hauetan baita aurretik ere. Betidaniko lagunak gara, elkarrekin ibilitakoak hainbat elkarte eta erakundetan. Biok ditugu gustuko bilbotar jaiak, eta adiskidetasun horrek are berezi eta politagoak egin ditu egun hauek.
Nolako giroan ospatu zen osteguneko epaia?
Epaia primerakoa izan zen. Jendeak festarako gogoa zuen eta jende ugari hurbildu zen plaza berrira. Umorez eta txistuaren musikarekin jendea animatzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Familiako kideak ere hurbildu ziren plazara animatzera eta giroan murgiltzera. Inauteriei hasiera emateko ospakizun paregabea izan zen.
Zein ekitaldira joan behar izan duzu zure pertsonaia zela eta?
Egun guzti hauetan gelditu gabe ibili gara K-Toño eta biok. Ez dugu ekitaldi bakar batean huts egin, eta gustu handiz egin dugu. Bandaren kontzertuan izan gara, umeen kalejiran, Guggenheimeko Barnabal sarien banaketan eta beste hainbatetan. Gainera, Athletickek igandean jokatu zuen partiduan palkoan egoteko aukera izan genuen. Gehiagotan joateko esan ziguten, taldeari zortea eman geniola, izan ere, 3-0 irabazi zuten lehoiek.
Inauteriak urtero ospatu izan ohi dituzu, duela urte askotik hona. Zein berezitasun izan dute aurten?
Aurten beste ikuspuntu batetik bizitzeko aukera izan dut, ikuspuntu ofizialago batetik. Beharbada, seriotasun apur bat gehiagorekin. Ekintzak eta aktoak nola antolatzen diren ikusi dut.
Orokorrean, beraz, zein balorazio egiten duzu aurtengo Bilboko inauterien inguruan?
Primerakoak izan dira, eta urtetik urtera indarra hartzen doazela ikusi dut. Nik aurreko urteetan ez dut izan aukerarik mozorrotzeko. Ekintzak gero eta hobeto antolatzen dira eta aurrerantzean are gehiago hobetuko direla dirudi. Jaitsiera, konpartsekin, guztiok batera egitea primerakoa litzateke, orain arte egon diren arazoak alde batera utziz.