Arrakasta handiz inauguratu da Begoñako argazki zaharren erakusketa

bertonaldizkaria 2012ko mar. 13a, 13:35

Hektor Ortega, Alberto Ugarte eta Koldo Urrutikoetxeak lan bikaina egin dute Begoñako errepublika zaharreko argazki zaharrak bilduz. Erakusketa atzotik ikusgai dago Alde Zaharreko, Santutxuko eta Basarrateko metro geltokietan eta Begoñako udaltegian. Ostegunean, 19:30etan, argazkiei bertsotan egingo diete Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekuek. Hitzordua, Alde Zaharreko geltokian da, Mallonako igogailurako pasilloan.

Begoña "herria zela gogoratu" eta "irudietara ekartzea". Hori da erakusketa honen xedea komisario lanetan jarduen duen Hektor Ortegaren esanetan. Oroitzapena "nahiko galduta dago" eta "jende gehienak ez daki" Begoña Bizkaiko beste udalerri bat izan zela 1925ean erabateko anexioa gertatu zen arte. Historia berreskuratzeko "tresnak daude" Ortegaren iritziz, eta erakusketa hauxe da tresna horietako bat. Begoñak bere isla utzi baitzuen argazkietan eta artxiboetan.

Apirilaren 22ra arte ikus daitezkeen 200 argazki baino gehiagotan (34 paneletan antolaturik), Begoña herriaren izaera ageri da XIX. mendearen amaieratik aurrera: bere erakundeak (udaletxea, alkateak, bandera, armarria, txistulariak, eskolak...) herritarrak (baserritarrak, beharginak...) eta auzoak (La Salvetik hasi eta Arbolantxaraino).

"Iturri askotatik" edan duen erakusketa da ‘Begoña, goitik beherako herria’ izeneko hau. Herritarrek emandako argazkiak, auzoetan aurretiaz elkarteek zein eskolek bilduta izan dituzten argazkiak eta artxibo eta museoetako argazkiak erabili dituzte komisarioek aukeraketa egiterako orduan. Gainera, Euskal Herriko lehen argazkilarietako baten bilduma baliatzeko aukera izan dute, Eulalia Abaituaren hain zuzen ere. "Begoñan bizi izan baitzen eta bertan ipini baitzuen bere objektibo nagusia". Ortegak eskerrak eman nahi izan dizkie erakusketarako argazkiak utzi dituzten guztiei.

Bertso-saioa (martxoak 17, 19:30)

Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue, biak ala biak, arituko dira Alde Zaharreko metro geltokian, Mallonako igogailurako pasilloan, argazki zaharrei kantari ostegunean, 19:30etan. Athleticek Manchesterren aurka duen partidua egun eta ordu berean dela jakitun, San Mamesera joango ez direnak gonbidatu ditu bertso-saiora. Hona erakusketaren aurkezpenean Estiballesek kantatuko bertso bi:

Mila bederatziehun eta hogeita bost

Begoñako elizatea

herri senari gertatzen zaio

Bilboren zati izatea

ona da guk gure auzoan

historia jakitea

auzoek ematen diote

Bilbori identitatea.

Ostegunean bi bertsolari

helduko gara bertara

panel honetxei bertsoak kantatuz

gora eta behera, hara eta hona

konpetentzia oso gogorra

izango da beharbada

San Mamesera ez doazenentzat

gu hemen egongo gara.

Erakusketako argazki guztiak hemen