‘Zerutik sua dator’ dokumentala ikusgai

bertonaldizkaria 2012ko mar. 19a, 10:31

Asteazkenean, hilak 21, Sabino Arana Fundazioaren GOAZ Museumen pantailaratuko da (19:00). Dokumentalean 1936-39 gerran Bizkaiko gutxienez 37 udalerrik jasandako bonbardaketen gaineko lekukotza jasotzen da.

 

Iaz Bizkaiko Foru Aldundiak abian ipinitako Gernika-Bizkaia 1937-2012, 75 urte gogoan egitasmoaren barruan, Sabino Arana Fundazioaren GOAZ Museumek (Moraza plaza, z/g) ‘Zerutik sua dator’ dokumentalaren emanaldia eskainiko du; ekitaldia datorren asteazkenean, hilak 21, 19:00ean, izango da. Aipatu dokumentalean 1936-39 gerran Bizkaiko gutxienez 37 udalerrik jasandako bonbardaketen gaineko lekukotza jasotzen da.

Gure Memoria Historikoa gizarte-jardueraren bitartez berreskuratzea, horra dokumental horren helburua; izan ere, Gernikakoaz haragoko bonbardaketez hitz egiteaz gain, tropa frankisten erasoa eta jazarpena jasan zituzten pertsonen bizipenak eta lekukotzak ahazmenetik ateratzen saiatzen da, bai eta gaur egungo belaunaldiei orduan jazo zena jakinarazten, halakorik berriro gerta ez dadin.

Ikus-entzunezkoak bonbardaketen sasoian 8 eta 20 urte bitartean zuten zenbait pertsonaren 50 lekukotza jasotzen ditu, bai halaber, minutu banako zenbait bideo ere, erasandako herrietako biztanleek eurek grabatutakoak, non Gerra Zibilean bizi izandako esperientziak kontatzen baitituzte.

Ekitaldian Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Gerra Zibileko protagonista zuzenek parte hartuko dute.

http://www.sabinoarana.org