Bilbo Hiria irratiak 15 urte

bertonaldizkaria 2012ko mar. 30a, 09:49

Bilboko irrati euskaldunak 15 urte betetzen digu egunotan. Izan ere, 1997ko martxoan jarri zen abian Bilbo Hiria irratia, Zenbat Gara elkarteak bultzatuta. Urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilbo Hiriak martxoan eta apirilean.

Bilboko euskaldunen arteko harremanak bideratzea eta euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu Bilbo Hiria irratiak. Urbanoa da, irekia, kosmopolita eta %100 euskalduna, inolako konplexurik gabe. Urte hauetan ehunka esatari eta kolaboratzaile igaro dira gure antenatik.

Bestalde, une berezi eta erabakiorran etorri da Bilbo Hiriaren 15. urteurrena, une honetan kinkan daudelako Bilbo Hiria irratiaren jarraipena, EAEko eta Nafarroako hainbat irrati euskaldun, libre edota komunitariorena dauden bezala. Hainbeste urte alegaltasunean ibili ostean, azkenik etorri da irrati askoren egoera legeztatzeko aukera, EAEn zein Nafarroan, hurrenez hurren, 34 eta 44 lizentzia banatuko baitira lehiaketa bidez.

Hala ere, lehiaketarako deialdiak lizentzia lortzekotan irrati komertzialak izatea edo bihurtzea eskatzen dienez, irrati kate aberatsen neurrira egindako deialdia dugu. Irrati komunitarioak eta ez komertzialak nahita kanpoan uzten ditu, horien artean egun euskaraz aritzen diren Hego Euskal Herriko irrati ez publiko guztiak. Deialdi honetan lizentziarik ez lortzeak zailtasun handiak ekarriko dizkie kanpoan geratuko diren irratiei, egun okupatzen dituzten frekuentzietatik egotziz eta etorkizunean irrati digitalera igarotzeko aukera murriztuz. Irrati ez komertzialak, bestalde, dagokiena eskatzen ari dira: gizarteari egiten dioten ekarpenaren onarpena eta legeztatzea, lan hori askatasunez eta trabarik gabe egiten jarraitu ahal izateko.