“Begoña, herri garaia” bideo-dokumentala gaur Kastañoseko udaltegian, bihar Begoñan eta etzi Otxarkoagan

bertonaldizkaria 2012ko api. 23a, 10:39

Martxoaren hasieratik atzora arte (apirilak 22) Zazpi Kaleetako, Santutxuko eta Basarrateko metro geltokietan ikusi izan den “Begoña, goitik beherako herria” argazki erakusketaren jarraipen gisa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak “Begoña, herri garaia” bideoa aurkeztuko du gaur, bihar eta etzi. Bideo horrek, Begoñako Errepublika izandakoak XIX. mendearen amaieratik izan duen bilakaera erakusten du, bertako biztanleen begiradaren eta esperientziaren bitartez.

“Begoña, herri garaia” lanaren emanaldiak apirilaren 23an, 24an eta 25ean izango dira, Kastañoseko, Begoñako eta Otxarkoagako udaltegietan, hurrenez hurren, hiru saiotan: arratsaldeko 18:30etan, 19:15etan eta 20:00ean (sarrera librea). Horrez gain, emanaldiak amaitu eta gero, ikus-entzunezko lana Bilbao Izanen web gunean (www.bilbaoizan.net) eta Bilboko Udalaren web gunean (www.bilbao.net) egongo da.

Oraingo honetan ere, ikerlariek eta historiagileek, baina elizate izandakoa osatzen zuten auzoetako jende arruntak batez ere –39 pertsonak eta 9 elkartek–, euren testigantza eta lekuko historiaren ezagutza eskaini dute, gure Hiriko leku ezagunenetakoaren azken garaietako historia erakusten digun ikus-entzunezko lan hau egin ahal izateko.

Bideoaren hasieran, Begoñako Errepublika izan zenaren azterketa geografikoa egiten da. Honako auzo hauek hartzen zituen: San Agustin, Uribitarte, Castaños, Matiko, Uribarri, Zurbaran, Zurbaranbarri-Arabella, Artxanda, Etxebarria, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Bolueta eta Begoña. Horrez gain, inguru horren bilakaeran oso garrantzitsuak izan diren leku komun garrantzitsuetan zentratzen da: Etxebarriako industrigune izandakoa eta Bolueta, Begoñako basilika, Artxandako funikularra, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaran, Arabella edo Loruri bezalako auzoen jatorria eta ondorengo hedapena ahaztu barik.

Bideoak garrantzi berezia ematen dio auzoaren elkarte sareari. Gaur egun ere sare horrek bere horretan jarraitzen du ibilbide luzea egin duten taldeekin, Gaztedi Dantzari Taldea, Santutxuko Bertso Eskola, Otxarkoaga Abesbatza edo Moraza futbol taldea. Nostalgia ere agerian dago galdutako herri sentimendu horretan, izan ere, desagertzean, gaur egun argazkietan baino ikusi ezin diren higiezin eta leku asko eta asko berarekin eraman zituen.

Emanaldiak:

Apirilaren 23an. Kastañoseko Udaltegian.

Apirilaren 24an: Begoñako Udaltegian.

Apirilaren 25ean: Otxarkoagako Udaltegian.

Emanaldien ordutegia: 18:30, 19:15 eta 20:00.

OHARRA: apirilaren 26tik aurrera bideoa edozein komunikabidetan edo web gunetan osorik edo zati batean ematea baimenduta dago, baina iturria aipatu beharko da beti: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila.

+ INFO: www.bilbaoizan.net edo/eta www.bilbao.net