XIX. mendean Bilbo aldeko kartzelak Urazurrutia auzoan zeuden, Bilbo Zaharrean, Ibaizabaleko ertzean. Eraikin banatan Bilboko Udalaren espetxea eta Bizkaiko Jaurerriko kartzela zeuden, elkarren hurrean.
Behin lehenengo gerra karlista amaituta, Batzar Nagusietan behin eta berriro eztabaidatu zuten espetxe berria egiteko beharraz, bi horiek txikiak eta desegokiak zirelakoan. Besteak beste, sexuen araberako banaketa ez ei zen behar bezain egokia.
Azkenean 1868an hartu zuten erabakia eta 1870an ekin zioten kartzela berria eraikitzeari. Horretarako Diputazioak lursailak erosi zituen, leku bakarti batean, Bilbotik hur. Toki hura Zabalbideko aldatsaren erdian zegoen, Begoñan, Larrinaga aldean. Urte hartan bertan, Bilbok Abandoko lur gehiena eta Begoñako zati handi bat bereganatu zuen, anexioaren bidez. Tartean zen Larrinaga.
Pablo Alzolak idatzi zuenez, eraikinaren proiektua Pedro Belautzaran arkitektoak diseinatu zuen eta 1871an kartzela egiteko lanak amaituta zeuden. Azken datu hori, hala ere, ez dirudi zehatza denik. Izan ere, prentsan bestelako albisteak aurkitu ditugu. Adibidez, 1871ko irailaren 21ean Bilbon eta albo-herrietan euri-jasa ikaragarria bota zuen. Prentsan kalteen zerrenda egiterakoan ondoko hau aipatu zuten: “En una casa sita en el alto de Larrinaga, junto a la cárcel en construcción, cayó una chispa eléctrica”. Beraz, artean espetxea obretan zegoen Larrinagako gainean.
Eta beste albiste batek ere noiz ireki zuten iradokitzen du. 1873ko urtarrilaren 20an Madrileko El Imparcial egunkariak ondoko berri laburra argitaratu zuen: “Los cabecillas Maidagan, Echevarria y Borica son los que, según dicen de Bilbao, han estrenado la cárcel de Larrinaga”. Larrinagako espetxeko lehenengo ‘bezeroak’, beraz, 1873ko urtarrila hartan.
Mendebetetze beltza
Larrinagako espetxea gizakiaren aldeko ustezko jarrera baten ondorioa da. Artean zeuden kartzelak txikiak eta desegokiak ziren, kapitalismoaren garapenarekin batera populazio hazkundea eta delinkuentziaren gorakada heldu baitziren. Fede onez, baldintzak hobetu nahi zituzten. Errealitatea, ostera, oso bestelakoa izan zen.
Larrinagako lehenengo preso haiek –Maidagan, Etxebarria, Borika…–, duda barik, preso politikoak izan ziren, karlismoaren aldeko borrokalariak. Harrez gero, Larrinagan milaka lagun espetxeratu zituzten haien jarduera politikoa –armatua ala ez– zela medio. Karlistak, lehenengoak, eta bigarren karlistada amaitutakoan (1876), abertzaleak (Sabino Arana bera tartean), anarkistak, errepublikarrak, sozialistak… Geroago, jakina, komunistak eta, Francoren garaian, makiak, langile mugimendukoak eta ETAkoak. Bestetik, oligarkiako batzuk Larrinagan eduki zituzten preso Gerra Zibilean, faxistak Bilbon sartu ziren arte. 1937ko urtarrilaren 4an, bonbardaketa latz baten ondoren, herritarrek lau kartzela asaltatu eta 200 bat preso eskuindar hil zituzten, euretarik 50 inguru Larrinagan.
Francoren agindupean, Larrinagak bere fama beltza areagotu zuen, bertan hamaika preso ezkertiar edo abertzale torturatu, fusilatu edo gosez zein gaixotasunez hil zelako.
1960ko hamarkadaren amaieran eraitsi zuten, bertan Vicente Garamendi etxe-multzoa egiteko. Mendebete luzean lagun ezagun asko pasatu ziren bere ziegetatik: Sabino Arana, Polixene Trabudua, Haydeen Agirre edota Juan Ajuriagerra jeltzaleak, Leandro Carro komunista, Jose Maria Urkixo Ibarra oligarka, Ramon Rubial sozialista, Xabier Gereño euskaltzalea, ETAko lehenengo urteetako kide asko, 1967ko Comisiones Obreraseko buruzagiak…
Testua: H.O