Maider Yabar: “Zirkua hazten ari da Euskal Herrian, baina oraindik ez dago formaziorako eskolarik”

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 16:24

Donostiatik muduratu zen Maider Yabar gazte zela. Zinea, telebista, antzerkia eta zirkuan aritu izan da, baina azken horretan dabil gaur egun buru-belarri eta buruz behera murgilduta. Mahatserrian entrenatzen aritu da eta laster baita irakasle lanetan ere.

Noiz hasi zinen antzerkiaren eta zirkuaren munduan?

Nahiko gaztetxo hasi nintzen gutxika-gutxika lehenengo pausoak ematen, lehenengo antzerkigintzan. Uda batean Comedia del arte ikastaroa egin nuen, eta amaitzean ezagutu berri nuen mundu horri buruz gehiago jakiteko gogoz geratu nintzen. Donostiako Arte Eszeniko tailerra sortu zuten eta han igaro nituen hiru urte antzerkigintzan trebatzen. Ordutik aurrera zenbait ikastaro egin ditut teknika ezberdinen inguruan, arlo espezifikoetan espezializatzeko.

Noiz hasi zinen lanean eta zein izan zen zure lehenengo lana?

Zorte handia izan nuen, izan ere, nire lehenengo lana pelikula bat izan zen. Filmaren izena ‘Si quiero’ zen eta  21 urte baino ez nituen grabaketa egitea proposatu zidatenean. Pelikularen zuzendariak Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala izan ziren eta Donostian grabatu zen. Papertxo txikia zen, hiru agerraldi egin nituen eta esperientzia paregabea izan zen. Ordutik ez dut zine gehiago egin. Ondoren Ttanttaka antzerki konpainiaren eskutik murgildu nintzen antzerkigintzan.

Telebistan ere ikusi izan zaitugu, ezta?

ETB1eko Sorginen laratza programan egiten genuen agerraldi bat ‘Ez gaude konforme’ deituriko esketxekin. Nahiko arrakastatsuak izan ziren gure agerraldiak, batez ere gazteen artean. Ondoren berriro ere antzerkigintzara itzuli nintzen Vaiven konpainiaren eskutik. ‘Lotsagabe’ deituriko antzezlana egin genuen eta baita saria jaso ere. Arrakasta handia izan zuen adin guztietako publikoaren artean eta horrek antzoki ezagun eta handietan antzeztera eraman gintuen. Antzerkiaren karpan Euskal Herriaren ordezkariak izan ginen. Orduantxe egin nuen topo antzerkiarekin.

Horrek atzerrira eraman zintuen arlo horretan trebatzera. Zein tokitan izan zara?

Kanpora irten baino lehen liburu batekin hasi nintzen ikasten. Jarraian Bartzelonako eskolara joan nintzen. Baina, ukalondoa puskatu nuen bertan eta tamalez utzi behar izan nuen. Lesioaz osatu ostean, Brasilera joan nintzen zuenean. Bertan urte eta erdi inguru izan nintzen eta zirkuaren munduan ospetsua den Adriana Gueantekin ikasi nuen. Ondoren, Kubara abiatu nintzen trapezioa ikasten sei hilabetez Gipuzkoako Aldundiko beka batekin. Itzultzean bikoteko lanarekin hasi nintzen lanean. Euskal Herritik kanpo ere lan egin genuen. Bost urte izan ziren binaka lanean. Orain beste etapa berri bat hasi dut bakarkako lan batekin, ‘Takoiak airean’.

Nola ikusten duzu Euskal Herrian zirkuaren mundua?

Hazten ari dela esango nuke, gero eta espazio gehiago ari dira sortzen zirkuaren mundura bideratuta. Poliki-poliki jendea kontzientzia hartzen ari da arte edo lanbide honen inguruan. Nik, adibidez, hiru espazio ezberdinetan entrenatzen dut, Gipuzkoan, Deustun eta Foruan. Hala ere formazio gisa, oraindik ez dago eskolarik Euskal Herrian. Hori dela eta, oraindik beharrezkoa deritzot atzerrira joatea formakuntza osatuagoa lortu ahal izateko. Beste zenbait herrialdeetan zirkuak urte ugari daramatza, gurean oraindik berria da. Baina jendearen interesak eta gogoak etorkizunerako ikuspegi baikorra iragartzen du.

Ikuskizunetan elementu ezberdinak sartzen dituzu. Horrez gain, zein tokitan antzezten duzu?

Orain arte, gehien bat, kalean landu ditugu ikuskizunak. Baina sortu berri dudan Buruz Behera konpainiarekin areto barruan antzezteko ikuskizunak lantzen ditugu. Horrek intimitatea ematen dio lanari. Testuak irakurri behar ditugunez baldintza bereziak eskatzen ditu ikuskizunak behar den bezala funtziona dezan. Testuez gain, azken lanean akrobazia aereoak, pantomimak, argiztapen berezia eta musika sartu ditugu, besteak beste. Leku ezberdinetan antzeztera ohituta gaude, toki bakoitzak bere baldintzak eta mugak ditu eta guk haietara moldatzen jakin behar dugu. Ikuskizunak bizirik daude eta horregatik bat-bateko aldaketetarako egokiak eta moldagarriak izan behar dira.

Zure lanagatik zenbait sari jaso dituzu. Zeintzuk?

Euskal Aktoreen Batasunak emakumezko antzerki aktorerik onena izendatu ninduen 2000an ‘Lotsagabe’ obran interpretatu nuen paperagatik. Bost urte geroago ‘Encubando la luna’ lanagatik Euskal Konpainiarik Onena saria eman zioten Azulkillas konpainiari Leioako Off jaialdian.

Donostiarra zara, nolatan bukatu zenuen Txurdinagan entrenatzen?

Ez nuen arrazoi jakin bategatik Bilbon amaitu, horrela suertatu zen eta kitto. Txurdinagako kiroldegian bost urtez ibili nintzen entrenatzen. Egia esan toki egokia da ariketa mota horiek egiteko, ondo dago prestatuta.

Otxarkoagako Harrobia zentroan kurtso bat ematekoa zara. Zertan datza?

Adriana Gueant akrobata ospetsuak eta biok aireko akrobazien inguruan kurtsoa emango dugu urriaren 15etik 19ra. Bi talde sortuko ditugu, batetik, profesionalei zuzendutakoa eta, bestetik, hasiberrientzat. Matrikula egiteko epea maiatzaren 2tik urriaren 10era egongo da zabalik. Esperientzia ezberdina eta polita izango da Harrobian antolatu duguna; jendea animatzen dugu bertara hurbiltzera.

Ba al duzu etorkizunerako planik?

Momentuz aurkeztutako hiru ikuskizunak irensten nabil. Denboraldi luzean lan gogorra egiten aritu naiz. Orain parte-hartze txikiak egiten ditut zenbait ekitalditan eta antolaturiko kurtsoekin tartekatzen ditut. Ikasten ere jarraituko dut, zirkuan ere birziklatzea beharrezkoa da gainontzeko lanbideetan bezala. Berehala Bordeleko Tolosara joango naiz, bertan Topaketa Bertikala deritzona ospatuko da. Lau egun izango dira, denbora horretan gainontzekoekin jakinduria partekatzea espero dut.

 

Testua: Nerea Reparaz