Guztiontzat moldaturiko oporrak

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 16:33

Apirilaren 2an zabaldu zen BBK Bilbao Good Hostel, Lantegi Batuak erakundeak kudeatzen duen aterpetxea. Proiektuak urritasuna duten pertsonentzat lan eskaintza sortzea, hirugarren sektorean duten gaitasuna frogatzea eta prestakuntza gunea izatea du helburu. Horrez gain, bere osotasunean urritasun fisikodun pertsonentzat guztiz moldaturik dagoen Europako lehengokotariko zentroa da.

2008an hasi zuen Lantegi Batuak-ek aterpetxea sortzeko bidea. Industriaren sektoretik zerbitzuenera dibertsifikatzeko nahia betetzeko BBKrekin eginiko akordioaz baliatu zen elkartea. “BBK-k kudeatzen zuen Iturlan zentro okupazionala ixtear zegoenez, bertako jendea bere tailerretan sartzearen truke, eraikina erabiltzeko baimena lortu zuen Lantegi Batuak-ek”, azaldu digu Joana Revilla aterpetxeko koordinatzaileak.

“Ostatu asko urritasundun pertsonei egokitzen ari dira modernizatzearekin batera, baina sortu dugun Boluetako honetan eraikina %100ean sartze erraza izatea zen kontua”, Lantegi Batuak-eko zerbitzu negozio barneratuen unitate zuzendaria den Francisco Jose Martinezen arabera.

Eraikina proiektuaren beharretara moldatu behar izan da. “Edozeinek eraikinaren gune guztietara joatea izan dezan barrualdea osotasunean bota eta berreraiki behar izan dugu”, adierazi du zuzendariak.

BBK Bilbao Good Hostelen helburuen artean, alde batetik, Bilboren zein egokitutako turismoaren ikono bihurtzea dago. Bestetik, urritasundun jendearen integrazioa. Revillak dioenez aterpetxean eskainitako formazioaren bidez “ohizko enpresetan aritzea ahalbideratu nahi zaie pertsonoi”.

Turismoaz gain, hainbat ekintza burutzea ere gustatuko litzaiekeela adierazi du koordinatzaileak: “Ekitaldi ezberdinak antolatzeko eta batzarrak egiteko lekua eskaintzeko asmoa dugu; bai turistentzat bai bertakoentzat”.

Bilbok orokorrean duen egoerari buruz ere aritu dira aterpetxeko kideak. “Burutzen ari den egokipena ona da,- azaldu du koordinatzaileak - esaterako berezko altuera duten hainbat auzotan igogailu zein malda elektrikoak ezartzen ari dira”.

Eraikina kokatzen den zonaldera ere moldatu behar izan dira. “Metrora arteko bidea konpondu da eta orain nahiko sartze erraza dauka. Dena dela, Santutxuko eremu altuenetarako bidea landu beharra dago”, aitortu du zuzendariak.

Hala ere, Mahatserrian gustura daude. Francisco Jose Martinezek inguruko komertzioekin harremana ona dela azaldu du: “Guk eskaintzen ez ditugun produktuak bezeroei errazteko inguruetara jo dugu”. “Auzoaren parte bilakatzea espero dugu”. Egun hauetan jakin-minak bultzaturiko auzokideak hurbildu zaizkienez, aterpetxea ikusi nahi dutenak hurbiltzera animatzen ditu zuzendariak.

Langileak

Aterpetxeak hamabost lanpostu berri sortu ditu. Horien artean daude Itxaso Hormanza, Jose Manuel Sadas eta Maiteder Estevez. Lehenengoko biak garbiketa zein kafetegiko betebeharrez arduratzen dira, eta hirugarrena, berriz, harrera-lekuko eginkizunez.

Hormanzak adierazi duenez, Lantegi Batuak-etik aterpetxean lan egiteko prest zegoen galdetu zioten; eta apuntatu ondoren lanpostua berari egokitu zitzaion. Estevezen ibilbidea bestelakoa izan da: “Iazko udan Lantegi Batuak-ekin lan egin nuen, eta kontratu hori amaitu zenetik hilabete gutxira deitu zidaten aterpetxeko lan elkarrizketaz berri emateko”.

Hala ere, prestakuntza burutu behar izan dute zentroko langileek. Kafetegian eta garbiketan aritzen direnek lana nola egin ikasi eta elikagai maneiatzaile txartela eskuratu dute. Harrera-lekuko langileek prestakuntza ezberdina jaso dute. “Ordenagailuko softwareen maneiua, sorospen  teknikak, check in eta check out egiteko bide zuzena, eta noski bezeroen trataera landu ditugu”, azaldu digu Estevezek.

“Ogibide berriarekin gustura nago –azaldu du Sadasek– Sestaon, Otxarkoagan zein Derion aritu naiz lanean, eta Atxurikoa izanda lanpostu honen hurbiltasuna bereziki onuragarria zait”.

Urritasundun jendeak zerbitzuen sektorean lana lortzeko duen zailtasuna salatu du Maiteder Estevezek: “Nik arazo handirik topatu ez dudan arren, ez dut uste denok zorte berdina izan dugunik”.

Lankideen arteko harreman ona azpimarratu du Hormanzak. “Lanpostuaren gauzarik hoberena jendearen ilusioa eta poza dira. Izan ere, badakigu denon artean aurrera eramateko proiektua dela hau”, gehitu du Estevezek: BBK Bilbao Good Hostelek Aste Santuarekin lanpetua izan du. Koordinatzaileak zehaztu duenez, 104 plazetatik 95 bete ziren. “Inguruko jendea zein nazioartekoa etorri da, gehienak toki ezberdinak ikusteko asmoa zuten gazteak”.

Bere erakarpen turistikoagatik Bilbo kokaleku egokia dela aipatu du Hormanzak. “Donostia baino merkeagoa eta Gasteiz baino turistikoagoa da Bilbo”, dio Estevezek. Mahatserria ere toki aparta dela gehitu du erandiotarrak: “Badirudi zonalde hau ahaztuta dugula, eta honek zein inguruek duten potentzial turistikoaz gain, bertako komertzioentzat onuragarria izan daitekeen iniziatiba da hau”.

Instalazioak

Aterpetxea kolore ezberdineko hiru sektoretan banatuta dago. Gorriak, Bilborekin loturiko dekorazioa du. Urdinak kostaldea du gai nagusia; eta berdeak, ordea, mendi zein basoak ditu inspirazio. Sektore bakoitzak logelak, komunak zein entretenimendu gela ditu.

Eraikinean egindako esfortzuaren fruituak agerian daude: komun egokituek, ahal izan den heinean, ate irristailua dute. Gela batzuk handiagoak dira bezeroen mugikortasuna errazteko. Eta seinale guztiak urritasun mota ezberdinei egokitu zaizkie.

Turismoa ez den bestelako eskaintza aterpetxearen gune ezberdinetan gauzatuko dute. Batzarrak burutzeko tokia sektore berdeko gela luze bat izango da. Kontzertuak ospatzeko lekurik aproposena, berriz, kafetegia dela erabaki dute, hori baita gelarik espaziotsuena.

Azkenik aparkalekua ere badago, bai auto baita bizikletentzako ere.

Testua: Gorka Lopez