Hamarkada batez bizkaierearen leihoa

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 16:39

2002ko apirilaren 8an agertu zan interneten bizkaierazko aldizkaria, www.bizkaie.biz helbidean. Handik gitxira, 2004an, Txurdinagara etorri zan eta, harrezkero, Bizkaieko arduradunek Mahatserritik egiten dabe lan euskal kulturea eta Mendebaldeko euskerea hedatzeko. Hamar urte ez dira alferrik igaro, gaur egun proiektu heldua da eta edizino jarraituari esker, albisteak heldu ahala sareratzen ditue.

“Bizkaierea bultzatzea, sasoi baten egon ziran konplejuak ezabatu eta Mendebaldeko hizkerea mundura zabaltzea izan da gure asmoa lehenengo egunetik eta, bide batez, euskerea indartzea”, azaldu deutso BERTONi Koldo Isusik, hasiera-hasieratik Bizkaie!-ko zuzendari izan danak. Normalizazino lan horretan, bizkaiera jasoaren alde egin dabe, “guk geuk be gogoetea egin behar izan dogu, eta egiten dogu gaur egun, eskaini beharreko hizkuntza-ereduari buruz, zalantzak izaten doguz, baina helburua beti da bizkaiera arauturako bidea egitea”, dino Isusik.

Euskerearen aldeko lanagaz batera, Bizkaie! proiektu periodistikoa dala ezin da ahaztu, Koldo Isusiren arauera, “geure inguruko barriak zabaltzea da gure helburua, batik bat kultur arlokoak”. Era berean, gaur egun, blog bi, alkarrizketen atala, komikia eta abar argitaratzen ditu aldizkari elektronikoak. Lan hori guztia zuzentzen, Koldo Isusigaz batera, Nagore Ferreira dabil. Ganera, kolaboratzaile sare zabala be badaukie.

2002ko apirilean sortu zanetik, egitasmoaren izpiritua bere horretan mantenidu dan arren, itxuran eta jarduteko moduan aldaketak egon dirana ezin da dudan ipini. Internetek be aurrera egin dauanez gero, Bizkaie!k sasoi barrietara egokitzen jakin dau. Holan, hasiera baten, hamabostean behin barritzen ziran edukiak eta, geroago, astean behin. 2006ko maiatzetik, edizino jarraitua dauka aldizkariak eta, beraz, albisteak heldu ahala barritzen da. Dana dala, nahi daben harpidedunei boletina bialtzen jake egunean behin, ordubietan. “Proiektua hobetu egin da hamarkada honetan, maiztasunaren aldetik bakarrik ez, eduki gehiago daukaguz orain eta bizkaierearen eredua be hobea dala esango neuke”, azaldu dau Isusik. Bizkaierea erabilteak sortu leikezen aurreretxiak gainditzeko bidean ei dagoz, “lehen konpleju eta zalantza asko egoan eta orain, barriz, onartuago dago bizkaieraz jarduten garenon zeregina”.

Bizkaie!k eten barik barrikuntzearen alde egin dauan apustua jentearen gustukoa izan dala emoten dau, irakurleen datuak ikusita. Izan be, urtebetean (2011ko otsailetik 2012ko urtarrilera), 942.000 bisita euki ditu atariak, egunean 2.700 irakurle bataz beste. “Gu geu be harritu egin gaitu datuak”, onartu dau Koldo Isusi zuzendariak, eta ez da gitxiagorako, 2010etik bikoiztu egin dabe-eta bisita kopurua.

Egoitza gurean

Hamar urteko ibilbideak egoitzaz aldatzeko be emon dau tartea. Bilbo erdiko Epaltza alargunaren kalean euki eban Bizkaie! aldizkari elektronikoak lehenengo egoitzea. 2004ko maiatzean Mahatserrira aldatu ziran, Txurdinaga auzoko Arbidea kaleko lokal zabalago eta funtzionalago batera. Hiru proiektu batzen dira Arbidean, danak be Hori Hori alkartearen ekimenari lotuak: itzultzaile talde bat, euskera planak eta gisakoak egiten dituen beste zerbitzu bat eta Bizkaie! bera. Alkarbide erakundearen ordezkaritza bat be badago.

BERTONen moduko herri aldizkariakaz hartuemona lantzea ezinbestekoa da Bizkaie!-rentzat. “Informazino lokala garrantzitsua da, leku zabala hartzen dau gure edukietan”, azaldu dau Isusik, “herri aldizkariak jarraitzen doguz informazino iturria diralako”. Trukean, bizkaieraz idatzi nahi daben aldizkarientzat eredua izan leiteke Bizkaie!. Kontuan hartu behar da, eurek publikautako testuak ikastetxeetan, euskaltegietan eta abar erabilten dirala lantzean behin.

Ospakizuna

Hamargarren urteurrena ospatzeko, era askotako ekimenak antolatu ditu Bizkaie!-k. Alde batetik, logotipoa aldatu dabe eta kamisetak atara ditue irudia ezagutarazoteko. Apirilaren 2an jentaurreko aurkezpena egin eben, efemerideari buruzkoak eta aldizkariaren historiaren inguruko datuak gizarteari erakusteko. Edukietan be euki dau eragina urtebetetzeak, izan be, apiril osoan, alkarrizketa bereziak argitaratu ditue: alkarrizketatuak, banaka barik, binaka ipini ditue, alkarreri galderak egiten. Zehazki, Amuriza aita-alabak, Mikel Urdangarin eta Alex Sardui, Mikel Martinez eta Unai Elorriaga, Unai Basurko eta Kepa Acero. Argazki eta esamolde lehiaketea martxan ipinteko asmoa be aitatu dabe, baina horren ganekoak erabat zehaztu barik dagoz.

Hamar urte beteta, etorkizunari begiratzeko ordua heldu danez, Bizkaie!-ko arduradunak ez dagoz lo. “Beharrean jarraitu behar da, pausoak egiten jarraitu”, adierazo dau Koldo Isusik, “hobetzen segidu nahi dogu, blog eta atal gehiago sortu nahi gendukez”. Egitasmo zehatzagoen artean, telefono mobiletarako aplikazinoa sortzeko lanean hasi dira dagoeneko eta, interneteko norabideari kasu eginda, bideoei tarte gehiago egingo deutsie aurrerantzean.

Testua: Dabi Piedra