Jone Zuazo: "Zure ziztada behar dugu"

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 17:01

Zizt eta zizt dabil Jone Zuazo santutxutarra Berria egunkariko "zure ziztada behar dugu" kanpaina koordinatzen Bizkaia mailan. Ez du erronka makala, euskarazko hedabideen beharraz kontzientziatzea eta babes ekonomikoa eskatzea da bere eginbeharra.

Euskarazko komunikabide batzuk itxi egin dituzte, beste batzuk irauteko zailtasun askotxo dituzte. Berria egunkariaren egoera salbuespena da?

Ez, ez da salbuespena. Berriaren egoera nahiko kezkagarria da, ekonomikoki jendartearen babesa behar du. Guk, "zure ziztada behar dugu" lelopean egiten dugun kanpaina, babes ekonomikoa lortzeko kanpaina dela esaten dugu, baina ez da hori bakarrik; euskal jendartearen parte-hartzea beharrezkoa dela azpimarratzen dugu. Berriaren egoera azaleratu nahi dugu, euskarazko hedabideen beharraz kontzientziatu, eta bide batez, babes ekonomikoa ere eskatzen dugu.

Zeintzuk izan dira egoera honetara heltzeko arrazoiak?

Faktore ezberdinak izan dira. Hedabide guztiak krisian daudela esan daiteke, papera gero eta gutxiago kontsumitzen da eta Internet gero eta gehiago. Eta Internetez irakurri ahal izatearen ezaugarri bat dohakotasuna da, eta horrela izaten jarraitu behar duela pentsatzen dugu. Berriak nahiko irakurle leialak ditu eta horri esker gutxiago nabaritu da paperaren jaitsiera, beste komunikabideekin alderatuta. Berria %3 jaitsi da. Egunero 14.000 ale banatzen dira, baina horietatik 9.000 dira harpidedunak. Hala ere, egunean 6.000 pertsonek irakurtzen dute Internetez. Une honetan Internetez gehien irakurtzen den euskarazko hedabidea da. Krisi ekonomikoak ere, jakina, eragiten du, batik bat publizitatearen sarrerei dagokienez. %30 inguru jaitsi da publizitatea azken urteotan. Azkenik, diru-laguntzen jaitsiera ere aipatu behar da. Aurten %9koa izan da. Diru-laguntzarik handiena Eusko Jaurlaritzatik zetorren.

Ezustean harrapatu zaituzte joera horrek?

Egoera hau duela urte batzuk aurreikusten zen eta, alde batetik, enpresa gehienek egin duten bezala, zerbitzuak eta lantaldea (ez asko) murriztu dira, baina produktua mantenduz. Eta apustu egin da Interneta indartzeko, baita herrietako Hitza astero banatzeko ere.

Zelan ikusten da Bilboaldeko errealitatea? Badoa aurrera?

Gure inguru honetan euskarazko prentsa irakurtzeko ohitura gutxi egon da, nahiz eta euskaldunak izan. Hala ere, nik uste dut azkenengo urteetan joera hori aldatu egin dela, batez ere Interneten. Bilbo osoan 225 harpidedun dira.

Hain nabaria al da gazteek prentsa Internetez bakarrik irakurtzen dutela?

Bai, 30 urte artekoek batez ere Internetez irakurtzen dute. Paperezkoa erosteko eta irakurtzeko ez daukate inolako ohiturarik.

Zeintzuk dira Berriaren "zure ziztada behar dugu" kanpainako tempoak?

Orain kanpainaren bigarren fasea hasten ari gara. Hemendik uda bitartean auzoz auzo, herriz herri egin nahi dugu lan Berriaren egoeraz informazioa gehiengoari zabalduz. Jendeak nahiko ondo erantzun du orain arte, eta ikusten du, bai, Berriaren beharra, euskarazko hedabideen beharra. Izan ere, Santutxun badago talde bat mezua zabaltzen lagunduko diguna. Uribarriko pertsona talde batekin ere kontaktuan bagaude dagoeneko. 2013 arte luzatuko dugu kanpaina, hau da, Berriak 10 urte betetzen dituen arte. Urtean 100 euro emango dituzten 5.000 pertsona behar ditugu. Orain arte, 2.000 inguru lortu ditugu.

Noizko BegoƱako Hitza?

Proiektua denon artean indartzen badugu, halakoak ere posible izango dira. Gurea herrian oinarritutako proiektua da eta herriaren sostengoa beharko dugu bizirauteko.

Testua: Itxaso Perez