Itsaso Arrieta: “Gure gizartea ulertzeko kantuek ematen digute erantzuna”

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 17:08

Kantuz sortu da Itsaso Arrieta, eta kantuz bizi da. Kantuz eta kantuaz; izan ere, afizioa ofizio baitu Lezaman bizi den mahatsorriak. Labayrun egiten du lan, heldu eta umeen kantuak erakutsiz. Ehunka kantu ditu buruan grabaturik, txikitatik jaso duen altxorra du garunean gorderik. Ondare hori zabaltzea da bere ardura. 

"Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko".

Egia borobila. Herri batek dena kantatzen du: bere historia, bere sentipenak, poztasunak, heriotzak, jaiak... Herri kantuak, eta musika orokorrean, herri baten bizitzeko modutik eta urteetan zehar egokitu zaizkion erantzunetatik sortzen dira.

Ez da gazteentzako eremua kantu zaharrarena?

Noski baietz. Berdin du hamabost, hemezortzi, hogei, edo hirurogei urte eduki. Kantuak denontzako dira, eta denontzako daude. Arazoa da ez ezagutzea. Izan ere, ezagutzen ez duguna ez da existitzen. Horregatik egon daiteke jendea esaten duena ez dagoela gazteentzako kanturik, ez duelako ezagutzen. Baina noski badaudela, gainera oso aproposak, oso onak eta oso baliagarriak hainbat gauzatarako.

Osasuntsu dabil kantua Bilbon eta Santutxun.

Denbora gutxian loratu da kantagintzaren aldeko jarrera. Ez dakit non hasi den, Baionan, Donostian, Bilbon... baina apurka apurka zabalduz joan da. Herri txikietan ere. Zergatik? Nik pentsatu gura dut konturatu garela kantuak baduela balio handia, eta gure parte dela. Azken finean, elkarrekin kantatzen dugunean herria egiten dugu. Joseba Arrietak, nire aita, esaten du hori. Konturatzen hasi gara ere datu asko ematen dizkigula kantuak, informazio handia dago haien atzetik: nor garen, zelangoak garen, zer egiten dugun hemen. Hainbat gauza ulertzeko kantuek ematen digute erantzuna.

Ahoz-aho hedatzen den ondarea da.

Oso inportantea da ahoz-ahoko transmisioa. Musika irakasteko bide unibertsala da, eta jakinduria transmititzeko tresna garrantzitsuenetariko bat. Herri kantuak, eta musika orokorrean, herri baten isla dira. Eta garrantzitsua da gure ondorengoek jakituria hori jasotzea.

Bada etorkizuneko ahorik?

Baietz uste dut. Hainbat gauza jaso ditugu, eta nahi duenak eskura du. Gainera, gure esku dago kantagintza bazterrean ez uztea, eta iraunaraztea.

Kanturik gabe Euskal Herririk ez!

Ez, niretzako behintzat ez. Kantua herriaren parte handia da, eta oso inportantea gainera. Herria ezagutzeko ezagutu behar dira bere kantak. Gure historiaren parte handi-handi bat kantuetan islatuta dago, eta horregatik gure buruak ezagutzeko balio digu.

Kantuan egiten duzu lan, eta lanean kantatu.

Alde batetik herri kantuen ikastaroak ematen dizkiet helduei, eta bestetik umeen kantuekin ibiltzen naiz. Umeen kantu eta jolasak haur-eskolatan dabiltzan irakasle edo hezitzaileei erakusten dizkiet batez ere. Herri ondare hori (kantuak, jolasak...) oso inportantea izan daiteke umearen garapenean.

Afizioa ofizio, beraz.

Bai. Nire afizioa etxetik dator, beti kantatu izan dugulako. Gerora, ikastaroak ematen hasi, eta orduan bihurtu nuen afizioa ofizio.

Tristuran edo pozean?

Bietan kantatzen dut nik. Sarri kantatzen dut, baita nire alabekin ere. Batzuetan eurek bultzatzen naute haiekin kantatzera. Beraz, oraindik asko kantatzen da nire etxean.

Katuaren testamentua ere idatzi zenuen!

Orain dela 25 urte Labayruk esan zidan ea umeentzako kantu ikastaroa emango nuen. Oso ondo irten zen, eta oso arrakastatsua izan zen. Umeen kantuen gaineko zerbait egitea bururatu zitzaidan; izan ere, irakasle asko kexu ziren ez omen zutelako kantu berririk. Ene! Kantu asko daude umeei emateko moduan. Beraz, hiru talderi bidali genizkien kantuak, moldatu zitzaten. Baloratu genuen zein zen gure gustukoena eta zeinek edukiko zuen zabalpen handiagoa, eta azkenean Oskorri aukeratu genuen.

“Ez beita herririk Parisez besterik zü bezalakorik”.

Nik etxean umetatik denetik entzun dut, baita Zuberoako kantuak ere. Gogoratzen dut hamazortzi urte nituela muskildiarrak Mundakara etorri zirela maskarada egitera. Nire ahizparekin hasi nintzen kantatzen etxean ikasitako kantu bat, eta haietako batek uste zuen zuberotarrak ginela. Haien herriko jaietara joateko gonbitea luzatu ziguten, eta urtero-urtero joaten ginen. Gaur egun haiekin lotura dut, eta sarri ikusten gara.

Gartxot harro legoke.

Ez dakit, nik hori ezin dut esan. Oxala!

Testua: Iker Tubia