50 urte gidatzen irakasten

bertonaldizkaria 2012ko mai. 3a, 17:13

1962. urtean zabaldu zen Santutxu Autoeskola. Pedrin eta Samuel autoeskolekin batera auzoko lehenengoetakoa izan zen, eta egun bizirik dirauen bakarra. Orduan, Elviraren aita zen bertako arduradun eta oso gogoan ditu “ortuz beteriko auzoa eta Santutxu kaleko 14. zenbakian zegoen elizako espaloian egiten zituzten auto-maniobrak”.

60ko hamarkadan, inmigrazioaren ondorioz, lepo populatu zen Santutxu. Askoren ametsa zen, etxea ordaindu ostean, 600 autoa erostea. Ondorioz, autoeskolak lepo bete ziren. Horietako “askok” ez zekiten irakurtzen eta Elviraren aitak “asteburutan etxean irakasten zien irakurtzen”.

Gaur egun ere, ikasleen zailtasunei aurre egin behar die Elvirak. Krisia dela eta, 18 urteko gazte gutxiago ditu klasean, “atzeratu egiten dute karneta”, eta lan egiteko gidabaimena behar duten etorkinen kopurua berriz handitu egin da. “Etorkin batzuk ikasteko arazoak dituzte, beste batzuk lexiko teknikoa ulertzeko; horregatik irakasteko metodo alternatiboak erabili behar ditugu”.

Garapen handia izan du zirkulazioak azken hamarkadetan. Trebakuntza, arautegia, kontrolak, isunak... dena zorroztu da. Zentzu horretan, puntukako karnetaren aldekoa da Elvira: “Tristea da baina poltsikoa husten digutenean bakarrik ikasten dugu; istripuak %40 jaisteko balio izan du”.

Ondo gidatzen ei da Bilbon; oro har, “arauak errespetuz”. Aparkatzeko salbu, “arazo handia baitugu leku faltagatik”. Bizkain gidabaimena “garesti” ordaintzen dela aitortzeko ez du arazorik Elvirak, baina “dena ordaintzen da gehiago hemen: etxebizitza, soldata...”. Express kurtsoak ez ditu gomendatzen. Buruz ikasita “ez baita ez arautegia eta bere zergatirik ezagutzen”. Errepidean edozein gertaeraren aurrean erreakzionatzen jakin behar du gidariak eta hori “ez dago azkar eta merke kontzeptuekin lotuta”.

Nahiz eta sustatzen hasita dauden, autoeskoletarako euskarazko materiala oinarrizkotzat jotzen du Elvirak: “Oraindik orain euskaraz eskaintzen dena ez da azterketa  gainditzeko trebakuntza egokia”.