Ekainaren 7an argitaratu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen egoeraren 2011ko txostena eta, beste behin ere, Bilbo hizkuntza eskubideak gehien urratzen diren Euskal Herriko udalerrien artean agertzen da, Iruñearen atzetik. Txostena aztertuta, besteak beste, Bilduk Bilboko udal gobernuak euskararekiko duen begirune eza salatu eta Sabin Anuzitaren agerraldia eskatu du.
Bilboko Udala izan da kexa gehien jaso duena. Kexen arrazoiak hauexek izan dira: obretako kartelak eta oharrak gaztelania hutsean paratzea, udal zerbitzuetan euskaraz egin ezin izana, aplikazio informatikoek emandako erantzun automatikoak gaztelania hutsean herritarrak aplikazioan euskaraz egin arren… Beste batzuk kale izendegia gaztelania hutsean egoteagatik, isun bat gazteleraz betetzeagatik eta Alhondiga Bilbaok bidalitako e-posta gazteleraz izateagatik, nahiz eta herritarrak aurretik behin baino gehiagotan euskaraz bidaltzeko eskatu.
Kexen zioa
Kale eta obretako kartelak gaztelaniaz.
Aplikazio informatikoek emandako erantzunak gaztelaniaz.
Zerbitzua euskaraz jasotzerik ez.
Sare sozialak gaztelaniaz.
Bilboko Udalak 2011 urtean jaso dituen kexa guztiek lege-urraketa izaera dute.
Bilboko Udalari buruzko informazioa Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2011 izeneko txostenean 177. orritik aurrera aurki daiteke.
Bilduren salaketa
Txema Azkuenaga bozeramaleak gogoratu du Bilbo dela Euskal Herrian euskaldun gehien biltzen dituen udalerria eta, “aldi berean, urtez urte, Bilboko Udala dela euskara ez bermatzeagatik salaketa gehien jaso duenetariko bat”.
Euskara urratzaileen artean Musika Eskola, Alondegia eta Bilbao Kirolak azaltzen dira, besteak beste. Hori dela eta, aipatutako udal erakundeetako Bilduko ordezkariek azalpenak eskatuko dituzte administrazio kontseiluetan.
Azkuenagak, Bilbo urtero hizkuntza eskubideak urratzen dituen udalerrien zerrendaren hasieran kokatua agertzeak agerian uzten duela eta “Bilbon euskaldunok bigarren mailako herritarrak garela”, adierazi du.
Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanda, mendeetako jazarpenaren eta bazterketaren ondorioz, haren hedapena eta erabilera oso mugatuta daude. Hori dela eta, Bilduk ezinbesteko jotzen du euskarari lehentasuna aitortzea.
Udalari, Bilbotarrek normaltasun osoz eta dagokien eskubidez, euskara alor eta eremu guztietan erabili dezaten neurri zehatzak aplikatzeko eskatuz.
Euskararentzako lehentasunezko tratamendua aldarrikatu du Azkuenagak “eta horretarako Udalak neurriak hartu behar ditu, benetan, Bilbon euskaraz bizitzea posible izango dela bermatzeko”.