'Lingua Nabajorum'-en estreinaldia bihar Kafe Antzokian

bertonaldizkaria 2012ko eka. 12a, 10:31

Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek osatzen duten Ez Dok Hamairu taldeak 'Lingua Nabajorum' (Euskararen historia txoroa) ikuskizun berria estreinatuko du asteazkenean, ekainak 13, Bilboko Kafe Antzokian, 20:00ean.

Euskarazko antzerkiaren arrakastaren erakusle, talde honen asmoa hizkuntzarekin dibertitzea da, akademizismoak eta interpretazio transzendentalak alde batera utzita, oztopoen gainetik egunero erabiltzen saiatzen direnen identifikazioa lortzea.

Komedia honetan ere euskara da leit motiva, aurreko lanetan bezalatsu –'Euskarazetamol’ (2009), 'Larru Haizetara’ (2005) eta 'Euskara Sencilloaren Manifiestoa’ (2002)–. Antzezlan horiek milaka lagunek ikusi dituzte eta Euskal Herriko antzoki gehienetan eskaini dira, euskarazko antzerkiaren arrakastaren erakusle. Hizkuntzarekin dibertitzea da asmoa, akademizismoak eta interpretazio transzendentalak alde batera utzita, oztopoen gainetik egunero erabiltzen saiatzen direnen identifikazioa lortzea.

Patxo Telleriak idatzi du 'Lingua Nabajorum’, bi aktoreen arteko elkarrizketa absurdoa, azkarra eta ironiaz betea. Bi pertsonaiek euskararen historiaz eta jatorriaz egiten duten interpretazioak ikus-entzuleen barreak eragingo dituzte, ezinbestean. “Historian zehar euskaldunak beti ibili dira borrokan, bai kanpokoekin eta baita euren artean ere. Gure teoriaren arabera, borroka horien ondorioz sortu eta garatu da euskara. Borrokaldi bakoitzaren ondoren aldaketaren bat izan da hizkuntzan. Beraz, ziurta dezakegu euskara beti egongo dela garatzen, kontuan hartuta euskaldunok, era batera edo bestera, elkarren aurka borrokatzen jarraituko dugula”. Teoria absurdo horretatik abiatuta, aktoreek puntako une historikoen erakustaldi eroa egingo dute.

Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Telleriak eta Martinezek ordubete eta hogei minutuz eszenaratuko dute aipatutako teoria, hainbat pertsonaien larruan sartuz, haitzuloetako bizilagunetatik hasi eta egungo euskaldunetara iritsiz.

'Lingua Nabajorum’

Aktoreak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez

Egilea: Patxo Telleria

Zuzendaria: Jokin Oregi