Uribarriko landa batean agertutako zuloaren arriskuez ohartarazi dute auzokideek

bertonaldizkaria 2012ko eka. 12a, 11:02

Udalak eta Euskal Trenbide Sareak, Metroko 3. linea eraikitzen ari diren erakundeek, ez dute erantzukizunik hartu eta bizilagunak inguruko etxebizitzak kaltetzearen edota zulo gehiago agertzearen beldur dira. 10 metroko sakonera du eta Harritxoen landan, Zumalakarregi etorbidean, agertu da.

Zumalakarregi etorbideko landa batean, Harritxoen bidean, agertutako zulo handi batek alarma piztu du Uribarriko bizilagunen artean. Zuloaren inguruan hesia jarri dute Udaltzaingoak, Suhiltzaileek eta udal langileek eta, Udalak zuloa zerk eragin duen ez dakien arren, erortzearen arrazoiak aztertzen jarraitzen duela eman du jakitera.

Uribarriko bizilagunek egiaztatu ahal izan dutenez, 10 metro inguruko sakonera du zuloak eta umeek jolastu ohi duten landa batean dago eta handik hurbil Bilbobus geltoki bat dago. Korrika egiten duten hainbat lagunek ere handik igarotzen dira maiz.

Hasiera batean Metroko lanek eragina zela uste bazen ere, Jaurlaritzak ziurtatu du hiriarteko trenaren hirugarren linea egiteko lanek ez dutela zerikusirik izan, hori da behintzat Euskal Trenbide Sareko arduradunek diotena.

Nolanahi ere, arazoa konpontzeko ardura zeini dagokion erabakitzen duten bitartean horrelako zulo gehiago sortzeko arriskua dagoela ohartarazi dute Uribarriko bizilagunek eta kezkatuta daude handik gertu dauden etxebizitzetan kalteak eragin ditzakeela uste baitute.

 

Iturria: Branka