Bihar Josune Muñozen hitzaldia eta etzi ‘Zergatik panpox’-en irakurketa jarraitua

bertonaldizkaria 2012ko eka. 12a, 11:11

Ostegunean irakurriko da Arriaga antzokian etenik gabe Arantza Urretabizkairen ‘Zergatik panpox’ liburua. Aurreko egunean (ekainak 13), berriz, Josune Muñoz literatur kritikariak hitzaldia emango du Euskaltzaindian 19:00ean liburuaren balio, lorpen eta ekarpen anitzei buruz.

Josune Muñoz

Bilbo, 1967an.

Euskal filologoa da ikasketaz, baina formakuntza feministan eta literatur ikerketan ari da aspalditik. 2004an Skolastika jarri zuen martxan, emakumeek sortu izan duten literatura eta gaur egun sortzen ari direna biltzeko, ikertzeko, lantzeko eta irakasteko espazioa. Dokumentazio gunea eta liburutegia izateaz gain, bilgunea ere bada Skolastika. Emakumeak eta literatura ardatz dituzten hainbat ikastaro eskaintzen ditu Josune Muñozek, eta literatur kritikaria da. “Sareinak, feminismo literarioak” proiektuko kide ere bada. Azken urteotan emakumeek sorturiko komikiak aztertzen ari da buru-belarri.

“Zergatik panpox?”-i buruz:

Kanon berri bat eraikitzeko abiapuntua izan zela ustean, eleberri labur honek baitan gordetzen duena xehetasunez iruzkinduz gero, bere garaiko eta gaurko modernitate zein klasikotasuna aurkitzen saiatuko gara. “Zergatik panpox?” liburua, eleberria izango da, beraz, saio honen abiapuntu eta helmuga. Gaiak, ahots narratiboak, pertsonaiak… erreminta kritikoez baliatuko gara liburuaren balio, lorpen eta ekarpen anitzak neurtzeko.

INFO + Bilbo Zaharra Forum