Artxandako funikularraren geltokia eta Moraza plazarekin lotzen duen igogailua zaharberritu dituzte

bertonaldizkaria 2012ko uzt. 23a, 09:40

Lanak uztailean hasi ziren, tunelak sendotzeko metalezko zertxak instalatzeko Funikularraren zerbitzuaren behin behineko etenaldiaz baliatuta, tunelen gainean Matikoko metro geltoki berria jarriko baita.

Bilboko Udalak Kastaños kaleko Funikularraren geltokia zaharberritzeko egindako obrak eta Funikularraren plaza Moraza plazari lotzeko igogailuaren obra zibila amaitu berri ditu. Azken honetan, zuloa egokitu eta aurretik zeuden arkitekturazko oztopoak kendu dira. Kastaños geltokia berroneratzeko eta modernizatzeko lanak ekainean hasi ziren, Funikularraren zerbitzuan egondako etenaldiaz baliatuta. Horrela, Matikoko metroaren geltokia eraikitzen amaitu arte, azpiegituraren segurtasuna bermatzeko xedez metalezko hainbat zertxa, xafla iragazgaitza eta sare elektrosoldatua instalatuko dira, izan ere, aipatu geltoki hori funikularraren tunelarekiko perpendikularrean dago.

Artxandako Funikularraren barruko geltokia berritzearen kostua 112.668 eurokoa izan da eta geltokiaren barruko espazioa guztiz berritzeko aukera eman du. Horrela, erabiltzaileen irisgarritasuna eta erosotasuna handitu eta Barik txartelaren sistemarako egokitzapena amaitu da.

Arotzeria eta barruko itxiturak, sabaiak, zoladurak, azuleju-estaldurak eta instalakuntza elektrikoa ere berritu dira. Gainera, erabiltzaileen arreta eta geltoki beraren nahiz Artxandako Funikularrak kudeatutako igogailu publikoen bideo-kontroleko lanak hobetuko dituen geltokiko txarteldegi berri handiagoa jarri da.

Artxandako Funikularraren zerbitzua –uztailaren 5ean- berriro hasi ondoren, Bilboko Udalak hasitako lanak amaitu ditu, Funikularreko plaza Moraza plazari lotzen duen igogailuaren zuloa berritzeko obrak eta sarbidean lehen zeuden arkitekturazko oztopoen ezabaketa barne hartuta.

Obra hauek 198.250 euroko guztizko kostua izan dute, eta 2. Barrutiko (Uribarri) Auzokide Planak aurreikusitako jarduera-multzo zabalaren barruan daude.