Solokoetxe jaietan, erdu!

bertonaldizkaria 2012ko ira. 7a, 17:38

Gaur hasi (18:00etan) eta igandera arte Solokoetxen hamaikatxo aukera izango da ondo baino hobeto pasatzeko. Auzokideen eta dendarien babesari esker eta Udalaren “laguntza ziztrinaren” eta “traben” gainetik antolatu ditu  Jai Batzordeak laugarren urtez jarraian auzoko jaiak.

Solokoetxeko jaietako programa

Ekitaldi guztiak Zumarraga plazan izango dira, bestelako tokiren batean aipatu ezean.

IRAILAren 7an, OSTIRALA

18:00: Txokolatada.

19:00: Kalejira auzoan zehar Solokotxon maskotarekin. 7 Katuko trikitrixak eta hankapaluek ibilbide guztia animatuko dute.

20:00: Jaien hasiera ofiziala: pregoiaren irakurketa, txupinazoa eta Uribarri Abesbatzaren ekitaldia.

22:00: Erromeria Xirimiri taldearekin.

IRAILAren 8an, LARUNBATA

12:00: Umeentzako tailerrak Ximelgorri taldearekin Fika plazan. Gaztelu puzgarriak ere egongo dira.

12:00: Euskal dantzei buruzko mahai ingurua Solokoetxeko Institutuan.

12.30: Mairuek Erraldoien Taldeak eta Bizi Naik animatuko gaituzte: kilikiak, zaldikoak, albokak, buruhandiak eta dultzainak.

16:00: Mus arineko txapelketa. Apunta zaitez 2002 tabernan.

18:00: Partxis lehiaketa Fika plazan. Apunta zaitez Maite tabernan.

20:00: Erromeria Bizi Nairen eskutik.

22:00: Umore saioa Las Fellinirekin (klasikoa bihurtu da gure artean).

Gero, DJ’s Gontzal&Andoni bikoteak musika pintxatuko du.

IRAILAren 9an, IGANDEA

12:00: Kalejira auzoan zehar Santutxuko txistulariekin.

12:00: Gaztelu puzgarriak txikienentzat.

12.30: San Antón Abesbatzaren emanaldia auzoko adinekoentzat Solokoetxeko Institutuan.

13:00: Solokoetxeko I. Trukaketa azoka (*).

13:30: Bertso-saioa: Josu Goikoetxea, Ibon Ajuria eta Onintza Enbeita.

14:00: Herri bazkaria: Eman izena irailaren 5ean, asteazkenean, baino lehen Curro eta Txirri tabernetan.

Solokoetxeko Jai Batzordearen agurra

Auzoko jaiek badakite zer den krisi ekonomikoa, eta baita urte osoan zehar aurrekontu itxuroso batekin dantzan ibiltzen garenok ere. Hamaika buruhauste, baina ondo pasatzeko grina berarekin darraigu.

Herri honen alkateak larriagotzen ditu aurrekontuaren gabeziak. Horrek ekitaldi itzelak eta garestiak gogoko dituen artean, geurea bezalako Jai Batzordea larrugorritan lagatzen du: 1.022 €-ko diru laguntza ziztrina besterik ez ematea, milaka oztopo burokratiko jartzea… Esan gabe doa gure jaien gaineko proiektu kulturala eta euskalduna, kutsu herritarra eta parte hartzailea duena, itotzen saiatzen ari direla.

Baina beste urte batean, eta laugarrena da jada, auzokideen eta dendarien babes argia jaso dugu. Beraien laguntzarik gabe, pentsaezina litzateke jai hauek antolatzea.

Mila esker zuoi!

Asteburu honetan penak ahaztu, eta kalera ondo pasatzera atera!