Udal igogailuen ordutegiaren luzapena aztertzen duen txostenaren zain

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 10:49

Lehenbailehen udal igogailuen ordutegiaren luzapena aztertzen duen txostena -maiatzeko udalbatzarrean adostu zen moduan- aurkezteko eskatu dio Bilduko kide Asier Gomezek EAJri.

Artxandako funikularra S.A.-ko igogailuen neguko ordutegia gaueko 23:00ak arte eta udakoa 00:00ak arte luzatzea proposatzen zuen Bildu alderdiaren proposamenak; EAJk ordea, neurri hori ezarri baino lehenago ordutegiaren luzapenaren errentagarritasun ekonomikoa eta bidegarritasun soziala aztertzea eskatu zuen.

Gomezek gogoratu du, Asier Abaunza Garraio eta Zirkulazio Zinegotziak, udalbatzarreko eztabaidan bertan adierazi zuela txostena epe laburrean prest egongo zela. “Beldur gara EAJk bere emendakinarekin gure proposamena kaxoi batean lotan utzi nahi izatea”, adierazi du Gomezek.

Artxandako Funikularra, S.A. oso-osorik Bilboko Udalarena den merkataritza-sozietatea da. Alderdi politiko guztietako ordezkariak dituen Administrazio Kontseiluak zuzentzen du sozietatea eta Batzar Nagusia Udalbatzarra bera da.

Funikularraren zerbitzua kudeatu ez ezik, enpresak beste hauek ere kudeatzen ditu, besteak beste: Salbeko igogailuak (Salbe zubian); Primekoak (Santutxuko auzoan), Zurbaranbarrikoak (Zurbaranbarri-Andramari auzoan), Uribarrikoak (Uribarri-Traukon), Iturribideko partikularrekoa (Alde Zaharra-Santutxun), Tutulu kalekoak (Zurbaranen).

Artxandako Funikularrak astegunetan 07:15etik 22:00etara bitartean ematen du zerbitzua.

Jaiegunetako ordutegia 8.15etatik 22.00etara da eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) 23.00ak arte luzatzen da.