Nerea Orizaola: “Jai eredua mantentzeko ideia berrien bila lanean jarraituko dugu”

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 11:07

Txupineraren txapela eta jake gorria kenduta, berriro ere Nerea izatera bueltatu da. Oporretan, Aste Nagusiko une asko izan ditu buruan bueltaka. Aholkatu bezala, uneoro disfrutatzen ahalegindu da Marijaiaren eta konpartsen ondoan.

Jaiak hasi baino lehen, Bilboko Udalak Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei txosna jartzeko bi urteko debeku neurria indargabetu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenak. Zer pentsatu zenuen orduan?

Epai hori emateko ordua zen. Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu konpartsoi. Horretarako bi urte pasa behar izan dira eta ordurako zigorra beteta izan dute Txori Barrotek eta Kaskagorrik. Daukagun Udalarekin oso zaila da gauza batzuk aurrera eramatea.

Arriagako balkoian hasi zen zure lana. Zelako unea izan zen?

Abisatuta nengoen, la hostia zela esan zidaten aurretiaz. Horregatik Arriagan nengoela ez nuen leihotik begiratu balkoira irten arte. Balkoitik dena jendez beteta ikusten da, Areatzako zubitik plaza Biribileraino, San Nikolas... Aurpegiak erraz ikusten eta ezagutzen dira. Urduri irten nintzen, emozionatuta. Balkoiko esperientzia deskribaezina da.

Izan duzu une hunkigarriagorik?

Emozio gehiagoko unea izan zen Marijaiaren agurra. Deustuko arraun taldeko traineran eraman gintuzten. Txosnetako argiak amatatuta zeuden, musika tristea entzuten zen, Virginia negarrez hasi zen, Areatzako zubia eta udaletxekoa pasa genituen; la bomba izan zen. Besarkada eman nion Virginiari, orduan negarrez hasi ginen biok. Bera azken pregoia botatzera altxatu zen eta nik azken txupina bota nuen. Biok lotuta bukatu genuen; hori ez dut inoiz ahaztuko.

Emakumeak izan zarete aurtengo Aste Nagusian nagusi. Txupinera, pregoilaria, Ohorezko Bilbotarra, Jaietako zinegotzia, Bilboko Konpartsaken bozeramailea… zer deritzozu?

Emakumeek bere lekua hartzeko unea da. Polita izan da emakumeen Aste Nagusia. Virginiak berak bere pregoian zioen kirolean eta esparru gehienetan nahiz eta emakume gehiago egon gutxiago direla aurrera irteten direnak. Aste Nagusiko lehen egunean denok emakumeak ginela konturatu ginen, Marijaia bera ere bai, baina asteak aurrera egin ahala normaltasunez hartu genuen.

Zergatik aipatu duzu behin eta berriro zuretzat oso Aste Nagusi ezberdina izan dela aurtengoa?

Txupinera zarenean egiten dituzun gauzak ez direlako konpartsera bezala egiten dituzunak. Bilbotarrek eta konpartsakideek ez dute ikusten nik aurten ikusi eta egindakoa. Lehiaketa gastronomikoan zezen buztana frogatu dut, Acróstico sarien banaketan parte hartu dut... Aste Nagusiko ekitaldien aniztasunak harritu nau. Egunero bi lagunekin ibili naiz ekitaldiz ekitaldi, ez baita posible gorri eta beltzez jantzita Areatzan bakarrik ibiltzea.

Zergatik ez?

500 argazki baino gehiago egin dizkidate egunero, sinestezina izan da argazkiena. Askok pregoilaria eta txupinera konfunditzen dituzte. ‘Gorriz jantzitakoa txupinera eta horiz jantzitakoa pregoilaria’, esaten genien Virginia eta biok.

Espero zenuen txupinera izateak hainbeste interes sortuko zuenik?

Jakin banekien, baina bizitzea egokitu zaidanean flipatu dut. Minuturo disfrutatzeko eta egunez alkohola kontrolatzeko aholkua eman zidaten, eta horrela egin dut.

Bilboko Konpartsakek, beren balorazioan, bai Virginiak bai zuk dena eman duzuela aipatu du.

Ohorea da hori entzutea. Benetan pozten naiz.

Virginia Berasategi pregoilariarekin zelan konpondu zara?

Oso emakume jatorra da, oso zintzoa izan da bai Udalarekin bai konpartsokin. Une oso bereziak bizi izan ditugu elkarrekin.

Kontsumoak behera egin du aurtengo Aste Nagusian, baina hala ere parte-hartze handia izan da konpartsen arabera. Zuk nabaritu duzu?

Bilboko Konpartsakek geroz eta hobeto antolatzen ditu ekitaldiak eta hori nabari da kalean, parte-hartzean. Kontsumoaren beherakadan boteiloiak zerikusi handia du; boteiloi asko ikusi dugu.

Ekitaldi berrien artean zein azpimarratuko zenuke?

Zesta-puntako saskiarekin pilota nork urrutiago bota eta itsasadarraren beste aldera nork bidali aritu ginen konpartsen artean lehian, Frontainer egitasmo berriaren barruan; oso dibertigarria izan zen. Mikel Goñirekin eskupilotan ere jolastu genuen.

Izan duzu denborarik zure konpartsako (Zaratas) txosnatik pasatzeko?

Gutxi, baina gauero bueltatxo bat eman dut bertatik. Txosnako barra gainean ibili ginen gau batean dantzan Virginia eta biok. Parrandera hutsa naiz eta nire burua asko kontrolatu behar izan dut. Hala ere oso lo gutxi egin dut Aste Nagusian, gauero hiruzpalua ordu baino ez.

Udal gobernuko ordezkariekin zelako harreman izan duzu?

Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin normaltasun tratua izan dut. Besteekin ere bai, ondo.

Bilboko Konpartsaken barruan Jai Batzordeko eta Diruzaintza Batzordeko kide zara. Zeintzuk dira konpartsen hurrengo erronkak?

Inauterietan Gran Vian zehar Udalarekin kalejira komunean parte hartu nahi dugu. Oso zaila izango da hori lortzea. Udalak konpartsekin ondo moldatu nahi duen arren, daukagun alkatea daukagu.

Eta bilbotarrei begira baduzue erronkarik?

Jendea erakartzea lortu behar dugu, jendea inplikatzea jaietan, konpartsetan. Mugimendu sozialek leku handia izan dugu, baina galtzen ari gara. Jai eredua mantentzeko ideia berrien bila lanean jarraituko dugu, eta lortuko dugula uste dut.

Zer gertatuko da La Carolako kontzertugunearekin?

Udalak bazekien Itsas Museo ingurua leku txarra zela kontzertuetarako eta argudio horrekin Miribillara eraman nahi ditu kontzertuak hurrengo urtean.

Damutzen zara txupinera izateaz?

Ez, ez.

Kosta al zitzaizun erabakia hartzea?

Lotsa ematen zidan aurpegia emateak eta lana ondo egiten asmatzen jakiteak. Baina behin jakea eta txapela jantzita, aurrera!

Testua: L.M.

Argazkiak: Iñigo Azkona