Danok Bat, 40 urte goi mailan

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 11:34

Era apalean jaio zen Danok Bat kluba, futbol zelairik gabe eta infantiletako eta gazte mailako talde banarekin. Hala ere, 70eko hamarkadan bertan hasi zen nabarmentzen, umeen kategorietako txapelketa ugari irabazi eta Bizkaiko harrobirik onenetako bat bihurtu zen berehala. Gaur egun, goranzko bide horretan jarraitzen dute eta, dagoeneko, 21 talde eta futbol eskola dauzka. 

1972/73 denboraldia izan zen Danok Baten lehenengoa, aurretik era ez ofizialean saiotxo batzuk eginda zeuzkaten arren. Fika kalean dauka jatorria klubak (izen osoa ere, Danok Bat Club de Fika du), baina futbol zelai egokirik ezean, lehenengo urteetan Deustuko Salesiarren instalazioetan jokatzen zuten. Urte batzuk behar izan zituzten Mallonako zelaian jokatzen hasteko aukera lortzeko. Aurreneko arrakasta, 1974an etorri zen, infantil mailako Bizkaiko txapeldun izan baitzen, Athletici finalean 2-1 irabazita. Harrezkero, lehoien eta mahatsorrien arteko lehia etengabea izan da, Athleticen harrobia Bizkaiko boteretsuena den arren, Danok Batek, apaltasunez, aurre egiten asmatu baitu. Gehienetan, Athletic izan da nagusi, baina, noizean behin, Danok Bateko mutilek txapelketak irabaztea lortzen dute.

Berdegunean lehia bizia den arren, elkarren beharra ere badute klub biek: Athleticek laguntza ekonomikoa ematen dio Danok Bati (harrobiko beste euskal talde askori bezala) eta, sasoi batean, Lezamako zelaia ere laga zion entrenatzeko. Danok Batek, bere aldetik, jokalariz hornitzen du Athletic. Gaur egun, Lezamako harrobiari jokalari gehien ematen dizkion Bizkaiko taldea da. Unai Exposito, Txirri, Bolo, Jorge Perez,... Lehen Mailan zuri-gorriz jokatutakoak dira. Goi mailan jokatzen dute, halaber, Danok Baten ibilitako Mikel Ricok, Iago Herrerinek eta Iñaki Goitiak, Athleticetik kanpo bada ere. “Goi mailako futbolariak haztea da gure helburua, baina baloreak eta jarrera egokiak transmititzea ere ez dugu ahazten”, adierazi dio BERTONi Gotzon Astoreka klubeko presidenteak.

Athleticez gain, talde boteretsu gehiagok ere badakite zer den Mallonan jokatzea. Izan ere, Danok Batek gazte mailako gorengo mailan jokatzen du, Espainiako talderik onenen pare. 1980/81 denboraldian igo zen lehenengo aldiz goi mailara eta urtebete baino ez zuen iraun. 90eko hamarkadaren erdialdetik, ordea, etengabe ari da jokatzen, urtez urte, Ohorezko Mailan. Onenei gordetako Espainiako Kopa bi aldiz jokatu du. 2006/07 denboraldian, Deportivoren aurka (0-3 galdu Mallonan, 2-2 Galizian) eta iaz, Racingen aurka. “Kaleratu egin gintuen Racingek, baina oso kanporaketa berdindua izan zen, zorte txarra izan genuen”, oroitu du Gotzon Astorekak.

Gazte Mailatik behera ere, kategoria guztietan, Danok Baten taldeak puntaren puntan ibiltzen dira Bizkaiko txapelketetan. Nagusien mailako talderik ez dauka klubak eta, hori, berezitasuna izateaz gain, umeekin egiten den lanean kontzentratzeko abantaila ere bada. “Guk ume asko hartzen ditugu, eta hala ere talde gehiago sortu nahi genituzke”, adierazi du Gotzon Astorekak, “baina lekurik ez daukagu, baliabideak falta ditugu”. Aukeran, Danok Bateko zuzendaritzak nahiago izango luke beheko mailak indartu, ume gehiagori lekua egin, nagusien taldea sortzea baino. Gaur egun, 5 eta 19 urte bitarteko 400 mutil inguru dabiltza Danok Baten, 21 taldetan eta futbol eskolan banatuta.

Dimentsio erraldoia hartu du, hortaz, klubak, “45 entrenatzaile eta delegatu, prestatzaile fisikoak eta abar dauzkagu, talde guztien beharrak asetzeko”, dio Astorekak. Zorionez, diru aldetik ez dabiltza txarto, “sobran ez dugu ezer, baina behintzat, larri ere ez gabiltza”. Babesleei, 600 bazkide ingururi, Athleticen laguntzari eta zozketei esker ateratzen dute dirua. Gotzon Astoreka presidenteari, baliabideak bilatzeak baino, beste gai bik ematen diote buruko mina. Batetik, guraso eta futbolarien ordezkari batzuen gehiegizko presioa, “horiek ondo gobernatu behar dira, bestela umeentzat eragin desegokia izan daitezke”. Bestetik, errelebo faltak ere kezkatzen du presidentea, “nik 32 urte daramatzat klubean, eta ikusten dut gero eta gazte gutxiago dagoela prest antolakuntza lanetan benetako konpromisoak hartzeko”.

Futbola eta baloreak

Zailtasunak zailtasun, baina, Danok Bateko kide izateaz harro dago Gotzon Astoreka. “Gauzak ondo egiten ahalegintzen gara eta nabari dut jendeak hori ikusten duela, esker ona adierazten digute eta horrek pozten gaitu”. Danok Bat familia handi baten moduan ikusten du Astorekak. Era berean, baloreak erakusten egiten duten ahalegina ere aipatu du. Hau da, goi mailako futbolariak sortzen dituzte, baina heziketa aproposa izatea ere garrantzitsua da, futbol zelaian errespetua eta jarrera egokia ikas dezaten. “Kirol heziketa deitzen diot nik horri, zelai barruko baloreak erakusteari, izan ere, partiduetako portaera eguneroko bizitzan ere errepikatu ohi da”.

Asmo horren barruan, beste pausu bat egin dute udan, Gabriel Aresti euskaltegiarekin batera antolatutako futbol kanpusarekin. “Futbola bigarren mailakoa izan da hor, batez ere jokabide egokiak eta euskara sustatu nahi izan ditugu”. Gotzon Astorekak balorazio positiboa egin du eta, beraz, badirudi euskarazko futbol kanpusak bigarren ekitaldia izango duela datorren udan. “Etekin ekonomikoa nahi bagenu, beste era batean antolatuko genuke kanpusa, baina umeak eta gurasoak hain gustura ikusita eta, gainera, futbolean euskarak ere lekua daukala frogatuta, bestelako satisfakzio bat lortzen dugu, hori ere beharrezkoa da”.

Testua: Dabi Piedra

Argazkiak: Danok Bat