Izarra oinetakoen konponketak: “Zapatariok behin eta berriz birziklatu behar dugu gure lana”

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 12:03

Santutxuko Haro plazatik pasa ezkero, laster erreparatuko dugu bandera zuri-gorriz apainduriko denda batean. Denda hori berori da Izarra, Juan Carlos zapatariak 1984. urtetik hona gobernatzen duena.

Ordutik gaur arte zapata konponketa lanetan dihardu, familiatik datorkion kontua dela azaltzen digun arren. “Hasi, nire aitona hasi zen Basauri aldeko baserritarrentzat abarkak egiten”. Aitonak lan hori finkotzat ez zuen arren, Juan Carlosen aitak bide horri jarraitu zion, eta 80ko hamarkadarako zapata tailer bat zuen La Peña auzoko erreka aldean. Tailer hartan ikasi zuen Juan Carlosek zapatariaren ofizioa, aitaren gidaritzapean. Hasi eta gutxira ordea, 1983an, uholdeek tailerra hondatu zuten. “Beti izan ginen uholdeak izatearen beldur, eta orduko hartan ura sabaitik 30 zentimetrora gelditu zitzaigun”, gogoratzen du. Gertakari honek eragin zuen beste lokal baten bila hastea Bilboko toki garaiago batean, uraren arriskuetatik kanpo. Santutxu toki egokia izango zela pentsatu zuten, eta honela ezarri zen Izarra denda Haro plazan.

Garai hartan, Bilboko industriaren gainbeheraren ondorioz, jende askok ogibide berriak bilatu behar izan zituen. Zapatari ugari agertu ziren, hamarkada hartako erdikaldean 22 zeuden Santutxu aldean. “Asko ez ziren profesionalak ere, hemen eta han zapatagintzaz pare bat gauza ikasiak baizik”. Gaur egun kopurua ez da herenera ere iristen.

Hasi zenetik bere lana asko aldatu dela diosku, beharrak askotan zaharkitutako zapatak konpondu ordez zapata berriak hobetzera eraman duela. “Adibidez zapata pare merke baten zola aldatzea, euria egiten zuenean laban egiten zutelako”. Horrela egin du aurrera Izarrak, era guztietako konponketak eginaz, askotan zapaten esparrutik ere aldenduz.

Zapatarien lanaren aldean, Haro plazaren ezaugarri ezaguna dugu, hainbat urtetan berriztatu gabe iraun izana. Urteen joan-etorriak dezente kaltetuta zituen haren itxura eta erabilera. Auzokoak udalarekin akordio batera iritsi ziren ordea, eta jada hasiak dira plazaren berrizte lanak. Lanok Haro plaza toki erosoago bat bihurtuko dutela uste du Juan Carlosek, plazaren etorkizunerako hobekuntza nabaria direla. Bere ogibidearen etorkizuna baina, ez du hain garbi ikusten. “Jendeak merke erosi eta apurtzean bota egiten du”, diosku. “Era horretako kontsumoan konponketak geroz eta beta gutxiago du, horregatik birziklatu behar dugu behin eta berriz gure lana”. Beste kontsumo mota baterantz bideratzea da bere aholkua: “Hobe da zapata pare on bat izatea, bi edo hiru eskasago baino”.

 

Testua: Ander Gezuraga