Igeltxoak eta Inkisizioa Begoñan

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 12:38

1735 urte aldeko kontu bategaz gatoz oraingoan. Inkisizioak Begoñako gazte bat auzipetu zuen, aztikeriak egin izana leporatuta. Garai hartako siniskeriak eta haien kontrolerako errepresio bideak apur bat hobeto ezagutuko ditugu. 

Inkisizioa Lege Zaharreko polizia politiko gisa definitu genezake. Erlijioa gizarte hartako zementua zen, egitura guztien oinarri eta orea. Horregatik eduki zituen bere jardunaren jo-puntuan heresiak, sorginkeriak eta jentilak, baina baita ideia liberalak edo iraultzaileak ere, batez ere 1789az geroztik.

Inkisizioak Bizkaian ere jardun zuen zelata eta kontrol lanetan. Mikel Zabala mahatsorriak XVI. eta XVII. mendeko kasuak argitaratu zituen. Hona hemen beste kontu bat, oso bestelakoa. Agiriak ez dakar fetxarik baina, gure ikerketen arabera, 1735-37 urte bitartean gertatu zen. Auziaren iturburua Abandoko andre batek bere lobaren kontra emandako salaketan dago. Espainiako Artxibo Nazionalean (Madrilen) gordetzen den auziko agirien arabera, emakume biei deklarazioa hartu zieten eta lobak, bere errua aitortu ondoren, Begoñako gazte bat salatu zuen. Inkisizioak mahatsorria atxilotu eta bere ondasunak bahitu zituen. Ondoren, hala berari nola beste lekuko biri deklarazioa hartu ostean, bera, gazte hura, izan zen auzipetu zuten bakarra. Logroñoko Inkisizioaren aurrean aurkeztu zuten baina, zoritxarrez, ez dugu aurkitu sententziarik.

Iratxoak egiten

Zein zen bada, salaketa? Zer zeukan Inkisizioak bere arreta Begoñako gazte batengan ipintzeko? Aztikeria egin izana. Hona hemen auzipetuek onartu zituzten gertakizunak: Manuel Agirre, 21 urtekoa, Begoñara ezkondua, danbolinteroa ogibidez, Simona Arozenarekin sexu harremanetan ibili zen. Lekukoek deklaratu zutenez, Simonak, bere izeko Maricruz Montalbanek bezala, prostituzioan ateratzen zuen bizimodua.

Bada, egun batean, Simona Arozena estu eta larri zebilen 40 pesoko zorra zeukala eta. Orduan Manuel Agirrek irtenbidea eskaini zion, xelebre samarra: iratxoak sortzea (salaketan, erdaraz, “hacer o tomar familiares”). Horiek iratxo horiek, aurrerago ikusiko dugunez, kutxatxoan gorde eta jabearen desioak egiteko gauza ei ziren. Eta zelan sortzen ziren iratxoak? Hona hemen Simonak zer egin behar zuen: mezan abadeak ahora emandako ostia jan barik isilpean gorde eta, gero, hiru zati eginda, orratz-ontzian gorde zuen, hiru babarekin batera. Babek eta ostia sakratuak bat egitean, babak bizidunak bilakatuko ziren eta orduan gauzatu behar zuten ugazabandrearen nahikariak. Agirrek amoranteari esan ei zion ba ze, “que para que se mantubiesen las abas rebibidas las havía de dar a comer granos o cascaras de abellanas”.

Simona Arozenaren aitorpenaren arabera, Agirrek esan zion bera ere eginda zegoela eta ondo irten zitzaiola, baina babak berbetan hasi zirenean ikaratu eta bota egin zituela. Siniskeria hauek harrigarriak dira guretzat, baina garai hartan bazeukaten bere publikoa. Ikerketaren ildotik jakin genuen Manuel Agirrek aitarengandik jaso zuela iratxoak egiteko formula: “havia oido a su padre Juan de Aguirre que siendo soldado para lograr restituirse a su casa otro de su regimiento le dixo que tomase la ostia consagrada y la pusiese en una caja con tres abas que de esta forma se escaparía; y que su padre no lo havía querido executar”.

Semeak jende gehiagori kontatu zion. Adibidez, Osana Zarandona eta Juan Ubiritxaga senar-emazteei. Eta zertarako balio zuten: “que él sabia como se tomaban los familiares para hazerse rico porque teniendo un Real de a 8 por más que gastase jamas le faltaría”. Aberatsa izateko, alegia. Horregatik, Juan Ubiritxagak ere nahi izan zuen eta biharamunean biek batera egitea erabaki zuten, “lo que no executaron por haverle dicho este Reo [Manuel Agirrek] que tomarlos o berlos tomar se aturdiría”. Gauza gehiago ere esan zion. Esate baterako, Aita Santuak eta gotzainek ere erabiltzen zituztela: “que aun su santidad y los señores obispos usaban de familiares para saber todo lo que pasaba en el mundo”. Munduko sekretuak jakiteko erabiltzen ei zituzten Aita Santuek eta bere gotzainek.

Horretarako baliatzen ei zituen Maricruz Montalbanen galai batek. Antza, ez zen neskalagunarekin fidatzen eta iratxoen bidez jakin ahal zuen beste gizon batekin egon ote zen: “dixo la referida Maria Cruz que havia tenido un galan quien sabía si comunicaba con otro por medio de unos sapillos que llebaba en una caja de tabaco que eran familiares”. Iratxoak, sekretu guztien berri izateko. Eta, ondo irakurri duzue, “unos sapillos”, alegia, euskaldun haiek euskaraz pentsatuko zutela jakinda, ‘igeltxoak’. Eta zer da Bilboko eta Begoñako euskaraz igeltxoa? Iñaki Gaminderen ‘Bilbotarron euskararen zuzuan’ liburuak eta cd-ak ederto dakar: iratxoa.

 

Testua: Hektor Ortega