Ibai Ruiz Bretos: “Zinema ez da jai bat”

bertonaldizkaria 2012ko urr. 8a, 11:53

Arte eszenikoen mundutik zuzen-zuzenean ez datorren arren, arlo hori gertutik ezagutzen du. Urte mordoa bajoa jotzen, ekoizpen lanetan aritu izana, egun batean aukera ikusi eta zinemaren mundura ikasketen ikuspegitik sartzeko aukera izan zuen Uribarriko gazte honek.

Irailean lagun batzuekin batera zabaldu duzun zinema-eskola Euskal Herriko lehendabiziko eskola profesionala da?

Zineman soilik espezializatutako eskola bakarra da. Estatu osoan gurekin batera beste bi besterik ez daude: Bartzelonan eta Madrilen. Bilbon eta Iruñean badira telebistarekin zerikusia daukaten beste bi eskola, baina zinema, bere osoatsunean hartuta, gurea da bakarra Euskal Herrian.

Zertarako behar da zinema-eskola bat?

Denetik lantzen dugu: Zuzendaritza, Argazki Zuzendaritza eta Muntaia. Hauek dira hiru alor potoloenak, Bi urteko iraupena dutenak. Gero, Produkzioa, Gidoigintza, Interpretazioa... eta abar. Hau ez da antzerkia, bereiztu beharra dago. Ez baita berdina kamara baten aurrean egitea. Harira, guk irakatsi nahi dugu zinema ez dela jai bat. Lan bat da, bere ordutegiarekin, bere funtzioekin... norbaitek irakatsi behar du hori.

EHUrekin loturarik lortu duzue?

Kredituak eskuratu ahal izatea lortu dugu EHUrekin. Guk ikasketa plana bidali diegu eta erabaki dute ados daudela ematen dugunarekin, egituratuta dagoela... etab. Aukera askeko kredituak dira. Ez da erraza izan.

Euskaraz egindako zinemak ez du saltzen?

Bai, bai, eta gaur egun, beharbada, ez dut esango gaztelerak baino gehiago, baina egia da zinema kultur ondare bihurtu dela. Krisiaren asuntoa dela eta, zinema, gutxi gorabehera, pikutara joan zaigu. Beraz, jendeak zinema beste era batera ulertzen du, kultura ondare bezala. Orain dela aste bat Basquefilmek lan bat kaleratu du. ‘Gartxot’ filma ere hor dago, joan den astean DVDan atera da eta komertzialki ondo joan dela uste dut.

Zerk bultzatu zaitu zine eskola zabaltzera?

Ilusioak. Ni administraria naiz, ez naiz irakaslea, ez nabil ikasketa plana egiten. Badauzkagu irakasleak, ikasketaburua... Hasieratik hasiko naiz. Eskolak duela sei urte hasi zuen bere ibilbidea. Desgasteagatik, ideia berrien faltagatik edo ez dakit zergatik, beherantz jo zuen. Ekainean itxi zituen bere ateak eta guk, produkzio etxe txiki bat geneukan, eta pentsatzen hasi ginen nola berpiztu honelako ekimena. Bost pertsonako taldea gara. Kamera bat, produkzio zuzendari bat, diseinatzaile bat, informatikari bat eta ni neu.

Zein aurreikuspen duzu ikasturte honetarako?

Zuzendari ohiarekin hitz egin genuen eta akordio batetara iritsi ginen. Zeuden hamar irakasleek segituko dute gurean. Zeuden ikasleek ere segituko dute. Hori bai, lehen hiru kurtsotan egiten zutena, orain bi urtetan egingo dute.

Zinebi edo Donostiako Zinemaldia?

Ez daukate zerikusirik. Zinebik jada 55. edizioa du; laburmetraiak dira. Beste mundu bat da, errazagoa da norbere irudimena askeago erabiltzea, bitxikeria egitea, arreta erakartzeko asmoz. Luzemetraietan egon daiteke halako pertsonajeren bat ordu biko ‘martzianada’ egingo duena, baina gutxiago. Joatekoak gara Zinemaldira, produktoreekin egotera eta zinema munduan pixka bat murgiltzera. Eta uste dut Zinebin epaimahaikide aukeratu nautela... ea ba! Oraindik ez da ziurra.

Animabasauri bezalako ekimena zelan ikusten duzu?

Animaziozko pelikula asko egiten dira hemen. Gu saiatuko gara alde hori ere lantzen, baina momentuz ez. Dena den, animazioa etorkizuna da.

Negatiboa erabiltzen da?

Bai, oraindik bai, baina oso garestia da, errebelatzeko Madrilen dagoen Kodak enpresara bidali behar delako. Dirua daukanak egiten ditu pelikulak negatiboarekin, Almodovarrek, esaterako, 35mm zeluloidea erabiliz. Dena dela, digitalera pasatzeko unea da. Kamara batek nahikotxo balio du, baina gerora, hobeto ateratzen da.

Zein helburu duzu?

Ikasketa hauek ofizialtasuna eskuratzea. Hemendik praktika oso onak ateratzen dira. Gainera, oso jende ona dago bertan.

Iparraldean, zelan dago egoera?

Estatu frantsesean egoera apur bat ezberdina da, bertako zinema ‘kometziala’ da. Berlinen gertatzen den moduan. Estatu espainolean, aldiz, zinema ez da halakotzat hartzen, ez da saltzeko produktu gisa hartzen, kultura bezala baizik. Horrek badu alde txarra, ez zaiolako komertzialtasun kutsu hori ematen. Alde ona ere badu, ondarea delako. Mundu hau ezagutzera animatuko nuke jendea, kurtso oso bat luzeegia bada, ikastaro laburrak ere badira urtean zehar.

 

INFO + www.ecpv.es

Testua: Itxaso Perez