Eider Eibar: "Irrikitan gaude beste behin liluratzeko"

bertonaldizkaria 2012ko urr. 8a, 12:20

Erakusketa: Egon Schiele. Guggenheim Bilbao Museoa, urriaren 2tik urtarrilaren 6ra arte.

Liluratutako neskatoa. Aurrean koadro handi bat, bertan, egilearen autoerretratua masturbatzen ari dela. Eskuan zakil urdina, izugarri handia. Museo Picassotik irtetean neskatoak, guztiz emozionatuta, neska biluzien ingerada marra arin eta okerraz hitz egingo du etengabe, baita egileak kartoia edo paper horixka erabiliz gorpuaren kanpokaldean zuria emanez papera emakumearen azal kolorea bilakatzeko duen gaitasunaz, edo ezpainak-alua-galtzerdiak  bakarrik koloreztatzean lortu duen magiaz, edo Gustav Klimtengandik hurbil eta urrun aldi berean itsusitasun asmoz edertasuna eta bizia duten eszena eder horietaz, edo emakumea irudikatzeko egileak izan duen ausardia eta indarraz, edo nola, 1915ean egindako lana garai guztietatik kanpo egon daitekeen, eta baita, liburuetan mila aldiz ikusitako marrazki haiek zuzenean ikusi izanak eman dion poztasunaz.

Egon Schiele, Lur! Egon Schiele! Ta beitu; amaitu barik moduen ta amaitute dau, berak zeuzer bilatzen zeuen ta topa deu.

Izeko Lur horretaz gogoratzen da Egon Schieleren lana ikusteko Bartzelonara egindako bidaiaz hitz egin izan dugunean.

Orain bere lana Bilbon daukagu, Guggenheim museoan, urtarrila hasierara arte. Irrikitan gaude beste behin liluratzeko.

Testua: Eider Eibar

INFO + http://schiele.guggenheim-bilbao.es/eu/erakusketak/egon-schiele-eu/