Astelehenean deklaratuko dute Patakoneko gainontzeko 15 akusatuek

bertonaldizkaria 2012ko aza. 6a, 12:40

Datorren astelehenean, hilak 12, izango dira Patakon gaztetxeko akusatuen azken deklarazioak. Patakoneko batzordeak kontzentrazioa deitu du Buenos Aires kalean, epaitegiaren aurrean, "inputazioei eta horrelako proiektuen kriminalizazioei muzin egin eta okupazioaren aldeko aldarria egiteko".

ITURRIA: BRANKA

Atzo goizean Patakoneko akusatuen auzia abiatu zen Bilboko epaitegian eta auzipetu dituzten 24 auzokideetatik 9 epailearen aurretik igaro ziren. Hurrengo astelehenean, hilaren 12an, azkenengo deklarazioak burutuko dituzte. Gauzak horrela, Patakoneko kideek elkarretaratzea deitu dute egun berean, 9:30ean, Buenos Aires kaleko epaitegietan.

Uribarriko gazteek mezua zabaldu zuten atzo 24 auzipetuak “50 urte baino gehiagoz hutsik egon den eraikin bat okupatzeagatik eta auzolanean auzoa biziberritzeko helburua duen proiektu bat garatzeagatik” akusatu dituztela salatzeko. Gogora ekarri zuten, pertsona horiek “ezustean” identifikatu zituztela eraikina atontzen zuten bitartean eta Patakonen proiektuaren alde lan egin duten pertsona guztiak kontuan hartuta, “24ak zigortuz gero, auzo oso bat zigortzen” dutela.

Gauzak horrela, inputatutako lagunei babesa helarazi zieten eta azpimarratu zuten desalojoak ez duela “euren proiektua geldiaraziko eta auzoaren hutsuneak beteko dituen alternatibak eraikitzen jarraituko” dutela.

INFO + PATAKON