Euskararen Eguna Bilbon

bertonaldizkaria 2012ko abe. 3a, 09:31

Euskalgintza alorreko elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte Alde Zaharrean gaurko egunean. Bilboko Udalak, berriz, ekitaldi bakarra. Arabiar areroan, 12:00etan euskaltegiak omenduko ditu.

Bilboko Udalak euskaltegiak omenduko ditu gaur abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean. Zortzi euskaltegi dira Bilbon lanean ari direnak. Ekitaldian euskaltegietako ordezkari batek hitz batzuk esango ditu.

Bizkaiko udalerri gehientan hiruzpalau ekitaldi antolatu dituzte gaurko eguna dela eta. Bilboko Udalak Maruri-Jatabekok beste antolatu ditu. Hau da, ekitaldi bakar bat.

Euskalgintza bat eginda

Azken urteetan egin duten bezala, Bilbon euskararen alorrean lanean diharduten elkarteek bat egin dute Euskararen Eguna antolatu eta ospatzeko.

11:00 Bertso-gosaria, Kalderapekon.

20:00 Trikipoteoa 7Katu gaztetxetik eta Bilbokantari Kafe Bilbaotik.

22:00 Bertso-afaria 7Katu gaztetxean. Sarrerak Lasain eta Errondabiden, 7 eurotan.

Jatorria

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, hau da, Xabierko Frantzisko egunean. Data horren jatorria Eusko Ikaskuntza erakundeari estu lotzen zaio.

Lehenengo Euskararen Eguna duela 62 urte baino gehiago ospatu zen, 1949, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta beste leku batzuetan ere ospatu zen Euskararen Eguna. Geroztik, urtero egin da egunaren ospakizuna Xabierko Frantziskoren egunean beti ere.

1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen.

Diasporako euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen Egun Ofiziala izendatzeko eskatu zuten. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3a, Xabierko Frantzisko eguna, Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.