1937 eta 1979 bitartean Begoñako kaleek eskuin muturreko heroien izen asko erakutsi zituzten. Gutako askorentzat oraindik ere ezagunak dira, baina gazteenek nekez jakingo dute matxinada militar odoltsu hark betikotu nahi izan zuen garaileen panteoiaren berri.
Francisco Francoren diktadurak ia 40 urte iraun zuen gurean. Faxistak 1937ko ekainaren 19an sartu ziren Begoñan eta harrez gero ezarritako erregimen totalitarioa 1977ko ekainera arte luzatu zen.
Eskuin muturreko diktadurak kale izendegia bere gustuen arabera moldatu zuen, hasiera-hasieratik. Bilbon –eta urte gutxi batzuk lehenago anexionatutako Begoña eta Deustuko elizateetan– izen zahar batzuk kendu eta berriak ipini zituzten. Harrez gero egindako kale eta etorbide berrietan ere, haien zantzua laga nahi izan zuten.
Jesus Alonso Carballés ikertzaileak egindako zenbaketaren arabera, Franco hil zenean (1975) Bilboko 75 kale, plaza edota lekuren izenak Gerra Zibilarekin lotuta zeuden (irabazleekin, jakina). Eta horiei gehitu behar zaizkie frankismoan nabarmendutako pertsonen izenak. Bilboko Udalak 1980 eta 1983 urte bitartean garbitu zuen kale izendegia, faxismoarekin lotutako pertsonaiak eta gertaerak desgerrarazi arte.
Egiari zor, gure auzoetan ez ziren asko izan frankismoak kale izenetan iltzatu zituen heroi eta antzekoak. Gehienak Txurdinaga aldean paratu zituen, auzo berria goitik behera jantzi baitzituen bere bandokoen oroimenez. Hala ere, diktaduraren azken urteetan bataiatutako auzoa izanik, aukeratutakoak ez ziren gerran hildakoak, erregimeneko politikariak baino.
Txurdinagakoak
Txudinagako kale nagusiak Diktaduraren zerbitzura jardundako politikarien izenez bataiatu zituzten. Nahiz eta beranduen urbanizatutako auzoa izan, frankismoak bere arrastoa nabarmen laga zuen kale izendegian. Etorbide nagusien izen ia guztiak, faxismoaren aldeko politikarien esku gelditu ziren: Javier Ibarra alkatea (gaur egun Jesus Galindez), Jose Luis Meler Simon (gaur Julian Gaiarre), Vicente Mortes (Txomin Garat) eta Esteban Bilbao Egia (gaur Gabriel Aresti). Bertoko leku izenetarako Matalobos eta Artalandio baino ez zuten utzi.
Lau horiek nortzuk izan ziren labur azalduko dugu. Ezagunena, beharbada, Esteban Bilbao Egia (1879-1970) dugu, karlista ospetsua, Francoren bigarren gobernuko Justizia ministroa (1939an, errepresio unerik gordinenean alegia) eta Gorte frankistetako (1943-1965) burua, besteak beste. Josu Erkorekak (EAJ) 2008an salatu zuenez, orduan bere erretratua Espainiako Kongresuko horma batean zegoen, Franco hil eta 33 urte geroago.
Bigarrena, duda barik, Javier Ibarra (1913-1977) dugu. Neguriko oligarkiako familiarik boteretsuenaren buru, bere anaiak bezala bera ere eskuin-muturreko taldeekin nahastu zen gerra baino lehen eta Francoren tropekin batera borrokatu zen gerran. Ondoren, hamaika kargu lortu zituen, besteak beste, Bilboko alkate, Bizkaiko Diputazioko presidente eta Francoren Mugimendu Nazionaleko kontseilari. Oligarkiako kide gisa, enpresa ahaltsuetan presidente kargua bete zuen, besteak beste, Banco de Vizcaya, Babcock Wilcox edota El Correo Español egunkaria. 1977ko maiatzean ETAk bahitu eta, gorabehera batzuen ondoren, hil egin zuen.
Beste biak ez dira, bada, hain ezagunak. Vicente Mortes valentziarra (1920-1991) Espainiako Etxebizitza Zuzendaria (1957-59) eta ministroa (1969-73) izan zen. Falangekoen ildotik Opus Dei aldera aldatu ei zen bitarte horretan. Ondoren, enpresa batzuen buru izatera ailega zen, besteak beste, Nestlé España (hil zen arte). Bilboko kale izendegitik ezabatu bazuten ere, oraindik ere badu kalerik beste leku batzuetan (Valladolid eta jaioterrian, Paternan, gutxienez).
Azkenik, Jose Luis Meler Simon. Izen horretako pertsona bat Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen 1958-1971 urte bitartean.
Otxarkoaga
Otxarkoagak, jakina denez, ez zuen kale izenik eduki 1990eko hamarkadara arte. Salbuespena Jose María Sanchez Arjona kalea izan zen, gaur egungo Pau Casals hiribidea. Jose María Martinez Sanchez Arjona (1905-1977) Espainiako Etxebizitza ministroa izan zen Otxarkoagako poligonoa inauguratu zen garaian (1961). Bilbon Franco hil eta gero berehala ezabatu zutena beste leku batzuetan maitasunez zaindu dute. Sevillan haren omenezko kalea 2009an kendu behar izan zuten, Memoria Historikoaren legearen aginduz. Eta Navalmoral de la Matan (Cáceres, bere jaioterria) omenaldia egin zioten 2012ko irailean, herriko jaietan. Bertako seme kuttuna izendatuta dago, Hiribilduko Urrezko Domina eman zioten eta Eroritakoen Gurutzea dagoen plazak bere izena darama, Efe agentziak 2012ko irailaren 5ean zabaldutako informazioaren arabera.