Oier Santos: “Gozatzen dudan bitartean idazten jarraituko dut”

bertonaldizkaria 2013ko ots. 8a, 08:35

 

1982an Errenterian jaioa, gaur egun Bilboko auzotarra dugu Oier Santos. Heziketa Fisikoko irakaslea lanbidez, Ez zuten erantzun (Erein, 2012) eleberriarekin zapaldu du, lehendabiziko aldiz, euskal literaturaren plaza.

Zerk bultzatu zintuen eleberria idaztera?

 

Orain urte batzuk, 2008an zehazki esanda, langabezian nengoela, goizak zerbaitetan bete behar nituela pentsatu nuen. Korrika egitera joaten nintzenean, buruan biraka istorio bat nuen eta idaztea erabaki nuen. Behin hasi eta gozatzen nuela ikusita, atsegin handiz jarraitu nuen.

 

Zure lehen obra izanik, zer kostatu zaizu gehien? Eta zer gutxien?

 

Agian, gehien kosta zitzaidana, zuzenketa prozesua, eta euskara xume bezain txukun batean berridaztea izan zen. Bestalde, gutxien kosta zitzaidana, istorioa idatzi eta egituratzea izan zen.

 

Sei lagun unibertsitate garaian…

 

Seiko koadrila honi gertaera misteriotsu batek euren bizitza aldatuko die. Euren unibertsitate garaiko bizitza berria kontatzeaz gain, beste gertaera kate honetan oinarritzen da kontakizuna. Istorioa denboran atzera eta aurrera doa, modu honetan, badakizkigu gertaeraren ondorio eta aurrekariak, baina ez dugu gertaera ezagutzen. Gizakion kuxkuxero sen horri heldu nahi nion, irakurlea lotzeko.

 

Arreta deitu dit eleberrian protagonista argirik ez topatzeak.

 

Protagonista argirik ez dago, ez. Lagun taldea da protagonista, bakoitza bere izaerarekin. Talde honen gorabeheretan oinarritu nahi nuen, bakoitzaren egoera azaltzeko. Hau da, garai berezi honetan, unibertsitate aroaren hasieran alegia, bakoitzak bere moduan bizi ohi du esperientzia bakoitza.

 

Nola bizi izan duzu zure lehen Durangoko Azoka idazle bezala?

 

Egia esan behar badizut, lotsa ikaragarria pasa nuen. Elkarrizketa pare bat genituen eta hitz egitera abiatu nintzen. Konturatu orduko, Jon Arretxe edo Toti Martinez de Lezearen alboan bazkaltzen nengoen. Ezer jakin gabe joan nintzen, eta idazle ezagunen artean nire burua ikustea arraroa egin zitzaidan. Bizipen bitxia zalantzarik gabe.

 

Euskal literaturgintzan jarraitzeko asmorik duzu?

 

Horretan nabil, bai. 2008tik beste bi obra idatzi ditut. Bigarren istorioa komando ekologista terrorista baten ingurukoa da. Modu bitxian kontatua. Orain dela hilabete parea bukatu nuena berriz, kirolaren inguruko istorioa da, maorien historiarekin bateratua. Hiru istorio ezberdin harreman bitxi batekin lotuta. Gustura idatzi ditut, eta gozatzen dudan bitartean jarraitzeko asmoa dut.