Bi langile zauritu dira, gutxienez, andamio bat jaustean, Zurbaran auzoan

bertonaldizkaria 2013ko ots. 25a, 17:09

Zumaia kalean hamar solairuko etxebizitza bateko andamio zati bat jausi da 16:00etan. Istripuan etxebizitzako konponketa lanetan ziharduten bi langile, gutxienez, zauritu dira. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoak, solte geratu den andamioak sor dezakeen arriskuagatik, itxi egin dituzte Zumaia eta Alberka doktorearen kalea. 

16:00ak puntuan zirenean zarata handi bat entzun dute Zurbaran auzoko bizilagunek. Alberka doktorearen kalean bizi den auzotar batek adierazi digunez, "eraikin oso bat jausi izan balitz bezalakoa". Arineketan irten da gertatu dena ikustera eta Zumaia kaleko etxebizitza bateko andamioa lurrean ikusi du, eta "mekanotubo artean bi langile". Bera izan da 112 telefonora laguntza eske deitu duena. Auzotarrak laguntzen ahalegindu diren arren, azkenik, suhiltzaileek atera dituzte beharginak andamio artetik. Lekukoak jakin duenez, langile batek hankan min handia hartu du.

Auzotarrak zur eta lur geratu dira istripua gertatu den lekura hurbiltzean. Andamio zati batzuk albo batera mugituta geratu dira, zintzilik, beste batzuk lurrean txikituta, eta jausi ez den andamio zatia erabat okertuta geratu da. Une honetan, Bilboko suhiltzaileak garabi batekin ari dira andamioa egonkortu nahian. Bien bitartean, trafikoarentzat zein oinezkoentzat itxita daude Zumaia eta Alberka doktorearen kaleak suhiltzaileen lana ahalbidetzeko.