Zazpi talde lehiatuko dira Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXI. Sariketan

bertonaldizkaria 2013ko ots. 27a, 17:39

Gaur abiatu da Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXI. Sariketa eta bertan Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bat bertsolari gazte lehiatuko dira.

Talde bakoitzean, gutxienez, sei bertsolari gaztek esku-hartuko dute, Bizkaiko eskualde ezberdinak ordezkatzeko. Eskualdeak honako hauek dira: Arratia, Bilbo, Busturialdea, Lea Artibai, Enkarterri, Ipar Uribe (Eskumaldea) eta Durangaldea. Azken honek XX. edizioa irabazi zuen.

Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketea, gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Jone Narbaiza, Bizkaiko Bertsozaleak elkartekoa, Juanjo Respaldiza, Bizkaiko Ikastolen bertsolaritza arduraduna eta Bizkaiko bertsolarien txapelduna den Arkaitz Estiballes. Azken honek lotura estua du sari honekin, izan ere, parte hartzaile izatetik, epaile izatera heldu da.

Lehen sei taldeak hiru lehen saiotan neurtuko dira, otsailaren 27an eta martxoaren 5 eta 6an, Igorre, Markina eta Zallan hurrenez-hurren. Finalerdiak martxoaren 12 eta 13an egingo dira Durango eta Algortan. Durangaldea finalerdietara zuzenean sartuko da, iazko irabazlea baita eskualde hau.  Kanporaketak zenbait ikastetxe eta kultur etxeetan egingo dira eta sarrera doakoa izango da. Finalerako sailkatuko diren bertsolariak Bilboko Kafe Antzokian txapela lortzeko norgehiagoka izango dira, martxoaren 22an, arratsaldeko 19:00etan.

BBK Bertsolari Gazteen Lehiaketako partaide guztiak bi taldetan banatuko dira, adinaren arabera: erdiak 18 urtetik beherakoak izango dira eta gainerakoak 19 eta 24 urte bitartekoak.

Sariei dagokienez, bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatuko dira, eta txapeldunak 1.260 eurotako lehen saria jasoko du. Bigarren sarituak 900 euro jasoko ditu eta 140 euroko saria izango du bizkaiera egokiena erabiltzen duen bertsolari gazteak. Txapelketan, gainera, 3.780 euro izango dira, parte hartzen duten bertsolari guztien artean, parte hartzeagatiko dieta gisa banatzeko.